Angeluko Zabaldu etxean (Lapurdi) du tailerra Marion Vallerin (Baiona, 1987) zeta tindatzaileak. Bertze eskulangile batzuk daude harekin batean gune horretan. Lehen estaiko gela nagusiko xoko batean du lantokia, eta azken oihal tindatuak dilindan ditu tindu potez bete armairuaren ondoan. Delikatua da zeta oihala, baita gainean duen tindu nahasketa ere. Ez da kolore bakar bat argiki ageri haren oihaletan, haien arteko fusio bat baizik ez. Asiatik dator zeta tindatzeko ohitura, eta Vallerinek egiten dituen oihalak arte obra gisa definitu daitezke, edota etxe barneetan eman daitezkeen dekorazio elementu gisa.
Zeta gainean tindatzea ez da batere ohikoa.
Praktika gisa pixka bat zaharkitua dirudi, baina teknika hori lagun bati esker ezagutu nuen. Tailer batean izena eman genuen, eta biziki maitatu nuen. Harrezkeroztik ez naiz gelditu, eta iruditzen zait zinez praktika zoragarria. Hastapenean formatu ttipiko oihalak tindatzen nituen, baina, haurdun nintzelarik, jestu handiagoak egiteko beharra nuen, eta formatu handiagoetara pasatu nintzen.
Apainketarako saltzen dituzu zure obrak?
Gehienetan hala da. Bertzeak bertze, etxe barnak dekoratzeko erabil daitezke oihalak, edota obra gisa kokatzeko. Azkenaldian, entseatzen naiz gure ikuspegi antropozentratutik aldentzen, gizaki gisa gu ere ingurumenaren parte garelako. Naturarekiko harremana handia da nire obretan, eta, gure inguruan gai hori pil-pilean den heinean, nik ere erdigunean jartzeko ahalegina egiten dut. Tindatzen dudana aldatu dut denborarekin. Gorputzarekiko harremana garatu izan dut lehen fase batean, baina, aldi berean, ingurumenaz gogoetatzen hasi nintzen.
Lehengaiaz mintzo bagara, ingurumenean dabilen har batek ekoizten du, ezta?
Jendeek anitzetan erraten didate zergatik ez ote dudan aranondoetako zeta baliatzen, baina berdin-berdin harrek erruten dute; ez da uste izan behar zeta begetala dela. Zeta nagusiki Txinatik heldu da, eta eni Belgikako hornitzaile batek saltzen dit. Egia errateko, hornitzaileaz aski mendekoa naiz eta hori ez da egokiena. Halere, lehengaiz aldatzeko gogoa nuke denborarekin, eta uste dut alternatiba ona artilea izan daitekeela, baina finezia eta gardentasuna atzeman behar diot lehen-lehenik. Baina gauza da errebelazio bat bezala gertatzen dela zetarekin, magikoa da. Meditazio fase batean ematen zaitu zeta tindatzeak, badu lasaigarria den zerbait. Joan den negutik hona kolore anitz nahasi nahi ditut, eta, ondorioz, bi eskuekin tindatzen hasi naiz aldi berean. Ohartu naiz zetarekin elkarrizketan hasi behar duzula obra bat egiteko. Izan ere, tindua xurgatzen du, eta isurtzen du manera jakin batean, eta, neurri batean, lehengaiari utzi behar diozu bere lana egiten.
Zetak hertsapenak ote ditu?
Bai baina hertsapenetarik ere proiektuak sor daitezke. Ezin duzu akatsik egin zetaren gainean, ezin zara gibelera jin. Bertzalde, hondarkinekin zerbait egiten dut beti, eta soberakin guziak leku batean ematen ditut. Horiekin ez dakit zer eginen dudan, baina zerbait eginen dudala segur da. Lehengaia errespetatzea da ene lehentasunetarik bat.
«Hertsapenetarik ere proiektuak sor daitezke. Ezin duzu akatsik egin zetaren gainean, ezin zara gibelera jin»
Zeta oihala zuria da tailerrera heldu zaizularik?
Tratatu gabeko zeta erosten dut. Bilkari batean heldu da [altxatu da eta erakutsi du], eta zurezko koadro baten gainean tiratzen dut lehen-lehenik. Ondotik gutta kolarekin marrazten dut oihala, haren gainean tindatuko dudalarik, tinda ez dadin gaindika joan. Bitrailak egiteko sistema bera da, eremuak kokatzen eta marrazten dituzu gutta-rekin bertan marraztu edo tindatu baino lehen.
Ikusten den bezala, paisaiek anitz inspiratzen zaituzte.
Parisen ikasketetan nintzelarik, gurasoak Milafrangan bizi ziren, eta etengabe hona etorri nahi nuen naturaz gozatzera. Hemengo paisaiak zoragarriak atzematen ditut, eta nire obretan dagoen parametro nagusia paisaiak dira.

Zure obrak nori saltzen dizkiozu?
Parisen eta atzerrian sare bat banuen, eta fite hasi nintzen obren zabaltzen. Xantza ukan dut New Yorken eta Erroman obrak erakustea, eta erran beharra dut COVID-19 gaitzak eragin etxeratzeak ere gauza onak ekarri dizkidala, hots, sortzeko denbora anitz. Hemen, Ipar Euskal Herrian, aldiz, erakustokien falta sumatu dut. Hori baino gehiago, erakustokien hedabide edo zerrenda amankomun baten eskasia sumatu dut.
Sare jakin bati zabaltzen diozu zure lana, beraz?
Niretzat kultura ate bat irekitzea da, ez da bortxaz obrak erostea. Egia erran, tindatzen duzularik, errealitatea da ibilbide instituzional bat duzula alde batetik, eta horrela diruztatua zarela, eta horrek ahalbidetzen dizula ondoan bertze gauza batzuk egitea. Hortik kanpo, zure lana saldu behar baduzu, eta dibertsifikatu behar duzu jarduera.
Modelo ekonomiko egokia atzemateko zailtasunak izan dituzu?
Langile independente guzien errealitatea da. Ez baduzu orotariko jarduera bat antolatzen, zaila da, eta gosea pasa dezakezu. Orduan, zure obrak egiteaz gain, eskolak ematen dituzu, baita ikastaroak ere. Baina, oro har, erakusteko lekuak ditut falta. Miladyko artegunean, Hors Cadres kolektiboarekin erakutsi ditut ene obrak orain arte, eta Atalante zinemak ere proposatu dit zerbait orain. Eta, horrez gain, zuzeneko saio inprobisatuetan ere parte hartzen dut.
LOTSABAKO
Leku bat inspirazioa atzemateko?
Mendiak.Kolore bat?
Urdina.Zure hurrengo proiektua?
Oraino gauzatzen ari da, baina larrialdi klimatikoari buruzko zerbait.