Zezenen «arima zaurituak» elkarretaratu dira Iruñean

Anima Naturalis eta PETA taldeak zezenketen kontra protesta egiteko elkartu dira Udaletxe plazan. Belo gorriak jantzita agertu dira

Zezenketen kontrako protesta, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Gorriz tindatu zen atzo Iruñeko Udaletxe plaza. Belo luze eta gorriz estalitako aurpegiek txupinazoa botatzen den plaza hartu zuten, sanferminetan hiltzen diren zezenen «arima zaurituak» irudikatzeko. 60 parte hartzaileek zezenen adarrak zituzten buruan, eta kartel bat eskuan: Iruñea, zezenentzako indarkeria eta heriotza. Anima Naturalis eta PETA taldeek antolatutako protestan, «zezenketak abolitu» eta «San Fermin krudelik ez» oihuak entzun ziren, animaliak errespetatuko dituen festa eredu bat ezar dadila eskatzeko.

Zezenketak «iraganeko kontua» direla esan zuen Cristina Ibañez Anima Naturalis taldeko bozeramaileak: «Urteetan, gizakiak eboluzionatu egin du. Baina oraindik badira animaliak torturatzen dituzten ikuskizunak. Zezenketak iraganetik arrastaka daramatzagu, eta gure eboluzioaren oztopo dira». Odoleztatutako gorpuek eskuak altxatu zituzten, bihartik aurrera zezen plazan torturatuko eta hilko dituzten 60 zezenen omenez. Gorri koloreko hari fin batek bereizten zituen aktibistak jakin-minez betetako begiradetatik, baita kontrako ahotsetatik ere: «Gora zezenketak», oihukatu zuen emakume batek, eta «Gora San Fermin» beste batek.

Iruñea, zezenentzako indarkeria eta heriotza kartela hainbat hizkuntzatan zegoen: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta alemanez. Ingelesez hitz egiten zuten bi turista hurbildu ziren belo luzedunengana, eta hari gorriaren ondoan jarri, elkarretaratzearen esanahiaren berri jakiteko asmoz. Bi garagardo eskuan izanik, kartela irakurri, eta ekintza txalotu zuten.

Urteroko ekintza hori Odolik gabeko sanferminak kanpainaren barruan sartzen dela esan zuen Ibañezek, eta zezenketak debekatzearen alde 200.000 sinadura baino gehiago lortu dituztela gehitu: «Zezenen sufrimendua instituzioek sustatzen eta finantzatzen dute. Odola, sufrimendua, tortura eta animalien heriotza besterik ez dago».

Zezen plazara joaten direnen kopurua «jaitsi» dela azaldu zuen bozeramaileak: «Panorama politiko korapilatsua dugu orain, baina zezenketen ibilbidea oso laburra izango da, eta uste dugu berehala debekatuko direla». Entzierroen kontra ere badagoela esan zuen Ibañezek, baina zezenketak desagertzeko lan egingo dutela oraingoz.

Festa eredu berria

Odolik gabeko sanferminak ospatzea nahi zuen Ibañezek, zezen plazatik urrun: «Ez gaude festa honen aurka; animalien kontrako tratu txarren aurka baizik. Zezenketa historiaurreko kontua da». Animaliak torturatu gabe festa egin daitekeela frogatzeko, dinosauroek Alde Zaharreko kaleak hartu zituzten iaz. Ekintza horren bidez «oso festa dibertigarria» egin zitekeela erakutsi nahi zuten. «Senide eta lagunekin elkartu, baina animaliak torturatu gabe», aldarrikatu zuen Ibañezek.

Bihar izango da lehenbiziko entzierroa Iruñean, eta lehenbiziko zezenketa. Horiek debekatzeko eskatu zuten Anima Naturalis eta PETA taldeek: «Animalien tratu txarren zama gainetik kentzen dugunean hasiko da gure benetako historia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.