ZIENTZIA. Biziarentzako planeta egokiak gero eta hurbilago daudela diote
Beste eguzki sistemetan biziarentzat egokiak izan daitezkeen exoplaneten bila jarraitzen dute. Hainbat dira aurkitutako exoplanetak, baina haien osaera, neurria eta izarrarekiko orbitagatik, ez da oraindik biziarentzako egokitzat jo daitekeen planetarik identifikatu. Hala ere, halakoen aurkikuntza gero eta hurbilago dagoela diote zientzialariek, eta azken identifikazioak bide horretan aurrerapausoa direla. Exoplaneta bere izarraren paretik (Lurrarekiko) igarotzean izarraren argian gertatzen den aldaketa, eta izarrean planetaren grabitateak eragindako dardara erabiltzen dituzte, besteak beste, planeten neurria eta orbita ezagutzeko. Oraingo honetan Lurretik 28 argi urtera dagoen 61 Virginis izarra hiru planetek orbitatzen dutela jakinarazi dute. Planeta harritsuak dira, eta orain arte aurkitutakoak baino masa txikiagokoak, nahiz eta Lurra baino bost aldiz masiboagoak diren. Hirurek, gainera, gertuko orbitak dituzte beren izarrarekiko. Orain arte aurkitutakoak baino masa txikiagoko exoplanetak galaxian ugari direla albiste itxaropentsua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu