Zientziaren erakusleihoa

Hamabigarren aldiz, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren astea ospatzen ari dira egunotan Hego Euskal Herriko campusetan; asteburuan ere egongo dira ekitaldiak.

Urrutitik gidatutako helikopteroak suteetan neurketak egiteko erabiltzen dira, besteak beste. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Zientzia liburu edo ikerguneetatik ateratzeko asmoz hasi zen ospatzen Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren astea; hamabi urte igaro dira zientzia gizarteratzeko lehen saio horretatik. Egunotan, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako unibertsitateetako campusetan hainbat ekitaldi ari dira egiten. Askotariko erakustaldiak egongo dira bertaratzen direnentzako; larunbata bitarte Donostian eta Gasteizen, eta igandera arte Bilbon; azaroaren 15ean amaituko da zientziaren astea Nafarroan.

Zientziaren bideari jarraitzeko gonbita egiten du aurtengo leloak; Gasteizko Lascaray Ikergunean ezarritako alfonbra berdeak gidatzen du bide hori. Egunerokoan ohikoak diren jarduerei arrazoi zientifikoa ematen zaie jarritako erakusmahaietan. Azalpen horiek eramangarriagoak egiteko, joko interaktiboak eta teknologia ditu lagun bisitariak. Ordenagailu bidez, munduko hainbat hizkuntzaren tonalitateak aztertzen ari da Olabide ikastolako gazte talde bat, Aritz Irurtzun CNRSko ikertzailearen laguntzaz; «ikerketen beharraz ohartarazi nahi ditugu bisitariak». Jolas jarduera nabarmendu da, ostera, nutrizioa eta osasunaren erakusmahaian; Trivial mahai joko ezaguna egokitu dute horretarako. Uraren gazitasunak leku geografikoarekin duen lotura erakutsi du Ibai Ricok; Urdaibaiko eta Kantauri itsasoko laginak dituzte, besteak beste. Irurtzunek bezala, orokorrean motibaturik ikusi ditu Ricok bisitariak. «Harrera ona izaten ari gara, eta bisitariek interesa agertzen dute».

Itzaleko argi printzak

Alfonbra berdean aurrera eginez, emakume asmatzaileek zientzia izan duten garrantzia aldarrikatzen duen eremua dago. «Urteetan historiako asmakizun garrantzitsuenak gizonezkoek eginak direla irakatsi izan da; zorionez, aldatzen ari den joera da hori», defendatu du Irakasle Eskolan irakaslea den Teresa Nuñok. Hamar minutuko ikus-entzunezko batek historiaren gainbegiratua egiten laguntzen du, «Paleolitoan emakumeek zuten parte hartze handia azalduta hasten da dokumentala, eta osteko mendeetako tunel iluna erakutsita bukatzen». Gelako paretean itsatsirik dauden argazkiek horma irudi bat osatzen dute, gainera. «XIX. mendetik aurrerako emakume asmatzaileei buruzkoa da; eguneroko lana errazteko asmakizun ugari emakumezkoek sorturikoak dira, hala nola ontzi garbigailua eta erabilera bakarreko pixoihalak». Bisitariak harritu egiten omen dira, Nuñoren arabera.

Lascaray eraikinetik kanpora ere, kalean, ikusmina sortu da; gora begira daude ikusleak. Hain zuzen, martxan jarri dutelako urrutitik gidaturiko helikoptero bat. Iradoki dezakeen jostailu itxuraz harago, zientzia neurketak egiteko gailu garrantzitsua da; ezarri ahal zaizkion kameren bidez, neurketa meteorologikoak edota termikoak egin daitezke. Kamerak eta helikopteroa lotzen dituen teknologiaren garapenean parte hartu du Lorenzo Diaz de Apodaka EHUko ikasle ohiak; unibertsitatea ikerketarako «gakoa» dela nabarmendu du gasteiztarrak: «EHU zigilua izatea onuragarria da, gainera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.