Elikadura. Hazkurri kontuak

Zikiro jatea

2011ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Noski; zikiro jana belarra, pentsua eta horiek dira.

Herri Urratsek hasiera eman dio jendetzazko jateen zerrenda luzeari: hurrena sardinaren eguna, hurrena herriko festak, hurrena…

Asteko lanetik ordaintzen dugun Administrazio horrek egiten ez dituenak jai egunean geure patrikatik sustatzeko, jendea ospakizun honetara ekartzea, elkartzeaohi da aitzakia.

Euskal tradizioan, bederen, irendu edo esterilizatutako arra (kapoia, idia, zikiroa) biziberritzearen ikur izan da, nonbait hari kendutakoa guri pasatuko zaigu, indarberriturik segi dezagun.

Artaldeak artilea, haragia eta esnea eman behar du. Une batean nahikoa ar egonik, gehiago ugaltzea komeni ez denez, ariko jaioberriak zikiratu egiten dira haragi fresko gehiago eskuratzeko eta, noski, artaldeak bere burua ordain dezan. Neguterako haragia iraunarazten saiatu da gizakia txerrikia, ahatekia, ardikia, batez ere, lehortuz, gazituz, etab., hozkailurik eta garraiobide erosorik izan ez dugun bitartean.

Arkume zikiratu batek berrogei bat kilo eman lezake kanalean, hots, familiak negu gorriaren parte bat betetzeko adina. Nafar sorlekutik hedatu berri den (30 urte) ospakizun horretan komunikazioa eta elkarbizitza mahai jiran suspertzen dira.

Arkumeak laurdenetan ebakita, pieza bakoitza azpiegitura bati josi eta su ondoan zut finkatuko da. Lauzpabost orduz haragiari izerdiarazi behar zaio, poliki-poliki, okela kiskali eta lehortu gabe erre dadin eta platerean gihar hutsa baizik ez agertzeko. Eskuharki, haragia bortizki erretzen da une batez hasieran, azalera osoa tankan itxi dadin; horrela, barnealdea pixkanaka berotu eta erreko da, zukurik galdu gabe.

Ondoren, sua apaldu eta pieza behin eta birritan biratuko da, alde guztietatik poliki gorritzeko. Amaiera aldera, koñak, ardo txuri, ozpin, perrexil, gatz eta baratxuriez osaturiko ukenduarekin igurtziko da haragia pare bat aldiz, zapore eta usainez alaitzeko eta, tenperatura jaitsita, mahaikideak eseri arte egospena luzatu ahal izateko.

Emaitza: ederki gorrituriko pusketa kraskatuak, usain biziko eta uki gurikoak. Babarrun zuriz edo entsaladaz eta ardoz laguntzen da haragia eta, janariari bukaera emateko, gazta edo etxe biskoxa hartzen du jendeak, mahai luzeetan elkartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.