Juan Zapater. Kazetaria eta zinema kritikoa

«Zinemara joateko eta partekatzeko ohitura galdu egin da»

Arte plastikoak, antzerkia eta zinema zabaltzeko lanetan aritu da beti Zapater. Kazetaria eta zinema kritikoa da, eta, egun, Bilbao Arteko zuzendaria. 'Rna' eta 'Artyco' aldizkarien sortzailea ere izan zen.

Iker Tubia.
Iruñea
2018ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Zinemazale amorratua izanik, zinema aretoak ixteak pena ematen dio Juan Zapaterri (Iruñea, 1955). Aski ongi ezagutzen du mundu hori, eta baita Nafarroako zinemen errealitatea ere, bere ibilbide profesionala zinemari loturik egon baita.

Iruñean bi zinema areto geratzen dira, filmoteka kenduta. Zer iruditzen zaizu joera hori?

Uste dut hiri ertain-txikietan orokorra dela joera hori, eta geldiezina dirudi. Kultura kontsumoetan izandako erabilera eta ohitura aldaketek bultzatuta heldu da. Nire ustez, nahiko tamalgarria da hirietako alde zaharretan, jendeak kulturaz gozatu beharko lukeen guneetan, administrazio publikoek neurririk ez hartzea hori hala izan dadin. Negozioaren ikuspegitik aldatu egin da hori, eta zentroko espekulazioak bide eman dio bestelako aisialdi bati. Kultura ez da hain negozio.

Hori da joera nagusia?

Hori gertatzen ari da, baina beste hiri batzuetan; Tolosan [Okzitania], adibidez, gai izan dira hirietako zentroetan zinema gune alternatiboak sortzeko, ez hainbeste komertzioaren ikuspegitik, baizik eta gehiago kultura eta artearen ikuspegitik.

Zer egin liteke beherako joera horren kontra?

Bi faktore daude jokoan: publikoa eta pribatua. Estatuek, gobernuek, udalek... lagun dezakete kenkariekin, edo zinema eskurago jarriz. Alor pribatuari dagokionez, partekatutako zinemaren aldeko apustua interesgarria litzateke, eta baita arriskatzeko prest dauden pertsonak agertzea ere.

Inoiz baino zinema gehiago kontsumitzen dela esaten da.

Hala da. Produktu edo obra kulturalak inoiz baino eskurago daude, baina publikoak galdu egin ditu horretarako guneak. Iruñean lehen baziren auzoko zinemak, elizarenak, eskoletakoak, aretoak... Zoritxarrez, galdu egin dira areto asko. Ondorioz, Alde Zaharrak eskaintzen duen erakargarritasun bakarra edatea da; edatea eta edatea.

Zinema garestia den ustea oso zabaldua dagoelako?

Askok hori diote. Hori neurri batean da egia, baina eragin handia du, adibidez, zinemara iristeko, autoa ordaindu beharreko aparkalekuetan utzi behar izateak. Ez da sarreraren prezioa soilik. Gainera, zinemetan jana eta edaria kontsumitzen dira, eta jendeak gehiago erabiltzen du afera sozial bat balitz bezala, afera kultural gisa baino.

Aretotik etxeko sofara jo du zinemak?

Plataforma berriak sortu dira, zinema kontsumitzeko modu berriak, eta, gainera, askoz ere merkeagoak dira. Teknologiak asko hobetu ditu norberak bere etxean zinema ikusteko aukerak. Zinemazale askok areto moduko bat dute etxean. Beraz, zinemak geroz eta espektakulu gutxiago eskaintzen du. 1980an, areto handiak areto txikitan banatu ziren; orain, areto txikiak norberaren egongelarekin lehiatzen dira. Erosoagoa da etxean ikustea, eta merkeagoa.

Badago beste faktorerik ikusleen beherakadaren jatorrian?

Zinemaren negozioan ari direnak kexu dira zerga handiak daudelako. [Hegoaldean] BEZaren %21 aldatuko dutela esan dute behin eta berriro, eta ez da aldatu, eta agian %23ra igoko da. Gainera, badago zinema merkatzeko fenomeno bat, ez dakit zer arrazoi komertzialengatik aplikatzen ez dena: formatu digitalera pasatzean, izugarri merkatu da kopiak egiteko prozesua. Baina, dauden kanonekin, kopiarengatik ratio oso handiak ordaintzen jarraitzen dute aretoek. Uste dut zinemaren jabe handienek jarrera espekulatzailea edo lukurreriazkoa izan dutela. Ehuneko propioak inposatzen dituzten multinazionalez ari naiz. Gainera, ez dira banatzen zinema komertziala eta historikoa, eta bigarren horrek ere izan dezake tokia pantailan. Arestian esandako guziak eragin bat izan du: galdu egin da zinemara joan eta partekatzeko ohitura. Gauza oso bitxia gertatu da: edo jende oso gaztea doa, edo oso nagusia. Egitura produktiboko jendea ez doa zinemara. Oso paradoxikoa da.

Buelta eman dakioke egoerari?

Bai, noski; gizakiok beti sortzen ditugu antigorputzak. Istorioak ezagutzeko beharra, filmak ikusteko beharra ez dira desagertu; alderantziz, gora doaz. Egun, inoiz baino zinema gehiago egiten da, askotarikoagoa da, eta inoiz baino aukera gehiago daude horretaz gozatzeko. Zinema ez da desagertuko. Baina baliteke filmak kontsumitzeko hainbat prozesu aldatzea. Hiriguneetan oso espezializatutako zinema aretoak sortuko dira, gustuen sortzaileak, eta ez dute soilik estreinaldietako zinema eskainiko. Arazoa handiagoa izanen da hiri ertainetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.