Maialen Berra Zubieta bestazalearentzat ere (Baiona, 1993) urteko garai berezia da uztaileko azken aste hau. Urtero bezala, Baionako bestez lagun artean gozatzeko parada ukanen du Berra Zubietak, Patxa plazako eta gune alternatiboan antolaturiko hainbat animazio eta kontzertutan parte hartuz.
Nondik datorkizu bestazaletasuna?
Aski gaztetik datorkit bestaren gogoa, kantatzeko eta bertsotan aritzeko zaletasuna. Bestak jendearekin harremantzeko parada ezin hobea ematen dizu. Maite dut jendearekin egotea, dantzatzea eta, batez ere, irri egitea. Hitza, kantua, irria eta bertsoak dira ni bestazale egiten nauten elementuak.
Nola definituko zenituzke Baionako bestak?
Niretzat, gure besta handiak dira, batzuetan handiegiak, jende masa irudikatzen baitute Baionako bestek. Alabaina, nahiz eta jende kopuru handia aipatu nezakeen, egia da besten gune alternatiboetatik ez garela anitz mugitzen: Patxa plaza, Epaiska, Sankara, Zamai eta Züzülü datozkit burura. Laukizuzen horretatik ez naizenez ateratzen, egia da ez dudala jende saldo ikaragarria sumatzen.
Zer oroitzapen dituzu nerabezaroko Baionako bestez?
Baiona Kantuz eta Dantzazpira gindoazen kantatzera eta dantzatzera. Maiz joaten nintzen lagun batekin eta haren gurasoekin. Gurasoen eta batez ere amaren aholkuak segiturik, oroitzen naiz nola joaten ginen Decathlon dendara zapata zurien erostera; zapata onak behar direlako besta egiteko.
Garrantzitsua al da Baionako besta alternatiboen sustatzea zuretzat? Zergatik?
Garrantzitsua baino gehiago, ez dut neure burua besta egiten ikusten gune alternatibotik at. Aski berezia zait Baiona Handira pasatzea eta han besta egitea. Gerta liteke Tolosatik [Okzitania] jiniko fakultate garaiko lagunekin trago bat edo beste hartzea Baiona Handian, baina ez ditut Baionako bestak gune alternatiborik gabe ikusten. Betidanik horrela ezagutu ditut besta hauek, eta zinez eskertzekoa da elkarteek egiten duten lana, bost egunez egitarau aberasgarria plantan ematen baitute. Adibide gisa harturik, sekulako lana eskatzen du Patxa plazaren beraren antolaketak.
Bestalde, gune alternatiboak balio du gune euskalduna dela ikusarazteko, euskarazko musika kontsumitzeko batik bat. Euskalduna ez den bestazale galduak topo egiten du beste mundu batekin, hots, euskarazko giroarekin. Gu ohartzen garen bezala Patxa plazatik kanpo musika komertzialarekin egiten dela besta, eta frantsesa dela nagusi. Besta handi batean, bi besta ttipi balira bezala da.
Zertan izaten dira bereziak besta hauek?
Nerabezaroan, ez nintzen ohartzen zer ziren Baionako bestak. Bereziki, masa hori ez nuen ikusten. Nahi ala ez, sanferminak edota Mont-de-Marsangoak [Landak, Frantzia] bezalakoak dira Baionako bestak. Gaur, ohartzen naiz arriskuez: erasoak, adibidez. Aurten kolektibo bat sortu dugu erasoen kontrako gune seguru bat izateko. Nahiz eta Itaia mugimenduak abiatu duen inertzia hori, bagara Itaiaz kanpo militatzen dugun emakume eta gizonak aurtengo hausnarketan. Erasotzen dietenentzat babesgune seguru bat sortu dugu ostegunetik igandera, gaueko bederatzietatik goizeko laurak bitartean. Herriko etxeari ere kritika zuzena egiten dio horrek: azken finean, aurrekontu handia ematen dute talde batzuen programazioan, baina erasotzen dietenentzat zinezko gune seguru eta duina proposatu gabe. Herriko etxeak ezin du batetik bestak antolatu eta bestetik erasoen fenomenoa ikusi eta deus ez egin. Niretzat, aurtengo berezitasuna gune seguru horren sorreran eta hausnarketan datza.
Zer hobetuko zenuke Baionako bestetan?
Segurtasun indarrez beteriko besta batean ematen da dirua, erasotzen dietenentzat babesgune duina sortzeko ordez. Biziki eskertzekoa da PAF, Nous Toutes eta zenbait elkartek daramaten lana, zinezko zerbitzu publiko batek bermatu beharko lukeen lana ari baitira egiten.
Baionako bestak
«Zinez eskertzekoa da elkarteek egiten duten lana»
Gazte-gaztetik Baionako bestetako oroitzapenak buruan izanik, aurten ere zuri-gorriz jantzi da Berra Zubieta. Azaldu du besta gogoz eta aldarri frankoz bustiz ari dela karrikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu