Poxpolo pailazoa eta Gure Zirkuko zuzendaria

Iker Galartza: «Zirkua ez da barre egitea bakarrik, sentimenduak dantzan jartzea ere bada»

Hau Pittu Hau konpartsak Gure Zirkuari eman dio aurtengo Euskara Saria. Zortzi urteko ibilbidean, «herrian» aritu da zirkua, Galartzaren hitzetan. Esan du ikuskizun bakoitzean «magia» sortzen dela, eta «komunitate sentipen» ikaragarria.

Iker Galartza, Gure Zirkuko karparen aurrean. GURE ZIRKUA
Iker Galartza, Gure Zirkuko karparen aurrean. GURE ZIRKUA
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko abuztuaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Luxenburgo eta Frantzia arteko mugan zirkurako karpa bat erosi, eta 2017an abiatu zuten ibilbidea Gure Zirkukoek. Ordutik, hamaika herritako kaleak alaitu dituzte Gure Zirkua heldu da, Gure Zirkua herrian baita abestiarekin. Are, milagarren emanaldia egingo dute aurten. Orion (Gipuzkoa) daude orain, irailean Donezteben (Nafarroa) izango dira, eta horren ostean Iruñerrira joango dira. Ez dute gelditzeko asmorik. Iker Galartza (Amezketa, Gipuzkoa, 1977) Poxpolo pailazoaren eta Gure Zirkuko sortzaile eta zuzendariaren esanetan, zirkuak bizirik iraungo du. Orain arte bezala, ikuskizunak «gustuz eta maitasunez» prestatuko dituzte aurrerantzean ere, buru-belarri: «Bihotzetik egiten dena bihotzera iristen da». Urteotan egindako lana aitortzeko, Hau Pittu Hau konpartsak Euskara Saria eman dio aurten Gure Zirkuari.

Txikitako ametsa bizitzen ari zara, eta, aldi berean, Gure Zirkuak aitortza ugari jaso ditu orain arte. Zer-nolakoa da hori zuretzat?

Abentura ustel bat izango zela pentsa zezakeen norbaitek, baina guk esperantza handia genuen. Gure asmoak, behintzat, onak ziren. Zortzi urte pasatu diren honetan, esan dezakegu ez genbiltzala hain oker. Herri honek ondo hartu gaitu, eta hemen gaude, osasuntsu, eta gauza polit bat egiten.

Konpartsaren hitzetan, euskal kulturaren osagai batzuk konbinatuta, beste adar bat sortu duzue euskal kulturan: zirkua. Erraza izan al da Euskal Herrian tokia egitea?

Herri honetan badaukagu mania bat, eta ez dakit ona edo txarra den. Zerbait berria sortzen denean, alerta pizten da: ea zer egingo ote duten, esandakoa izango ote den, asmoak zeintzuk izango diren... edo hizkuntza bera. Guk, baina, lanean segitu genuen. Pentsa karparen koloreekin ere nola hasi ginen. Ez zituen ikurrinaren koloreak, baina bigarren eskuko merkatu batean horixe aurkitu genuen. Guretzat, inportantea zera zen, barruan zer egingo zen, eta ez karpak zer kolore zuen. Kolorea guk eman behar diogu. Ez zen erraza izan, dudarik gabe, baina bagenekien lanean segituz norabait iritsiko ginela.

Duela urte batzuk BERRIAn egindako elkarrizketa batean, adierazi zenuen euskaraz egin zitekeela beste edozein hizkuntzatan egin daitekeen edozer. Gure Zirkua da horren adibide.

Orduan hori esan banuen, orain hori berretsi besterik ezin dut egin. Komediantea izanda, batzuetan entzun behar izan dut txisteek euskaraz ez dutela hainbesteko graziarik egiten. Umorea berdin-berdin egin daiteke euskaraz, edo antzerki obra bat, edo zirkua. Hizkuntza txikia izango da kilometroei eta hiztunei erreparatuta, baina kontua ez da hizkuntza aberatsa edo pobrea izatea; hizkuntza bat da, hizki larriz, eta edozer gauza egin daiteke euskaraz, noski.

«Euskaraz aritzen garenez, herri honetako leku batzuetan kostatu egiten zaigu zirkua betetzea, baina halakoetara joan behar dugu: hori da herrian aritzea»

«Zirku honek nortasuna dauka», diozue sarri. Zer da zuentzat nortasuna?

Itxurakeriatan ez ibiltzea da, gauzak egiaz egitea, sentitzen den bezala. Batzuetan kale egiten da, eta beste batzuetan bete-betean asmatu. Urte hauetan, demostratzen ari gara gauza politak egiteko gai garela. Agian urteren batean ez da hainbeste gustatuko. Edo bati espektakulu bat gehiago gustatuko zaio bestea baino. Hala ere, beti pentsatu behar da onena etortzeko dagoela, eta hobetzen jarraitu, identitatea galdu gabe. Hori da nortasuna. 

Gure Zirkua herrigintzan aritzen delako ere eman dizuete saria, «Euskal Herriko erdigunetik periferiara».

Gure Zirkua herrian ari da. Batzuk Madrilera joaten dira kontzertu bat ematera, edo Boisera [AEB] edo Argentinara, eta han elkartzen dituzte euskaldunak. Gustatuko litzaiguke guri ere diasporara joan eta euskaldunak dauden lekuetara iristea, baina Gure Zirkuarekin Portugaletera [Bizkaia], Erriberara [Nafarroa] edo Maulera joan behar da. Guk sarrerak saldu behar ditugu. Jendeak Gure Zirkura etortzeari uzten dionean, akabo. Euskaraz aritzen garenez, herri honetako leku batzuetan kostatu egiten zaigu zirkua betetzea, baina halakoetara joan behar dugu: hori da herrian aritzea. Herrian bertan asko dago borrokatzeko. Beste guztia oso polita da, baina agian meritu handiagoa dauka Gure Zirkuarekin Araba hegoaldera joateak, diasporara joateak baino. 

Gure Zirkua
Gure Zirkuko kideak Bilboko Aste Nagusira hurbildu ziren atzo, Hau Pittu Hau konpartsaren Euskara saria jasotzera. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gauza txikiekin gauza politak egiten saiatzea: horixe da Gure Zirkua. Zer dago ikuskizun bakoitzaren atzean? 

Nortasuna. Gure elkarbizitza nolakoa den, halakoa izango da ikuskizuna. Familia bat osatzen da hemen; gau eta egun gaude elkarrekin. Ikuskizun bakoitzaren atzean horixe dago: lana, errespetua eta elkarri laguntzea. Badakigu ez dugula gauza oso handi eta ikusgarririk, Aste Nagusian daukazuen beste zirku horrek dituen aparatuak bezalakoak, baina gauza txikiekin gauza politak egiten saiatzen gara. Eta gustuz eta maitasunez egiten ditugu, horretan arima jarriz. Bihotzetik egiten dena bihotzera iristen da. 

«Ikuskizun bakoitzaren atzean horixe dago: lana, errespetua eta elkarri laguntzea»

Pirritxek eta Porrotxek ikusle gisa diotenez, ederra da zirkuan nabari den magia. Eta oholtzatik, zer sentitzen duzue, publikoa barrez, hunkituta… ikustean?

Horixe bera: magia. Nahi gabe sortzen da. Ikusten duzunean zuk prestatutakoa jendeari iristen zaiola, konturatzen zara horretan jarraitu beharra dagoela. Zirkua ez da barre egitea bakarrik, sentimenduak dantzan jartzea ere bada, gureak eta publikoarenak. Eta, batzuetan, emozionatzea ere bai. Begiek dir-dir egiten digute guri, baita publikoari ere. Komunitate sentipen ikaragarria da hori; zerbaiten parte zarela sentitzen duzu. Horixe da magia.

«Zure ondoan pozik bizi naiz; hortaz, ez dizut agur esan nahi», abesten dute Poxpolok eta konpainiak. Gure Zirkuak iraungo du.

Bai horixe. Kantatzen dudan bakoitzean, bihotzetik ateratzen zait. Haiei ere halaxe esaten diet: euren ondoan pozik bizi naiz; Imanolek [Ituiño] bazkalostean truko bat egiten duenean, Lur [Aranburu] entrenatzen ikusten dudanean, Elene [Galartza] trapezioan gora dabilenean, edo musikariak entseatzen ari direnean. Kazetari batek galdetu zidan ea denetarako astia izaten dudan. Denbora libre gehiago izango banu, horixe bera egingo nuke, baina gehiagotan. Haien ondoan pozik bizi naiz, eta haien ondoan egon nahi dut. Honek ematen dit niri indarra, bizitza, energia. Dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.