Azkenean iritsi dira! Izar distiratsuaren dirdaia jarraitu eta Donostiarako bidea asmatu zuten Errege Magoek. Zeruko hodeiak ez ziren gai izan Ekialdetik etorritako hiru Errege Magoak bidez nahasteko. Erregeek transmititzen zuten zirrara eta berotasuna lagun, jende andana bildu zen Donostian kabalgata ikusteko. Urduritasuna nabari zitekeen haurren artean, erregeak noiz ikusi zain. Eguraldiak lagundu zuen Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek hain urrunetik ekarritako segizioa jarraitzen.
Antzina erregeek opari moduan urrea, mirra eta intsentsua ekartzen zuten arren, denborak aldatu dira, eta egun bestelako opariak uzten dizkiete zapata ondoan ondo portatu diren haurrei. Maialen Aroztegik errotuladoreak eskatu zizkion Baltasarri, haren errege kuttunari. Ondo portatu delaesan du, eta ziur zegoen eskatutakoak jasoko zituela.
Hamaika lurralde zeharkatu ondoren, Kontxako Badian azaldu ziren atzo eguerdian hiru izarrak. Meltxor eta Gaspar gamelu banaren gainean iritsi ziren. Baltasarrek, berriz, elefante erraldoi baten gainean jarraitu zien aurreko biei. Haurren eskutitzak jaso ondoren,deskantsatzen utzitako animaliak hartu eta 18:00etan ekin zioten kabalgataren ibilerari.
Ez da inongo krisirik Errege Magoen lurraldean. Hala erakutsi zuen haien kabalgata magikoak. 500 lagunek osatzen zuten segizioa. Erromatar gerlari ausartek ireki zieten bidea maiestateei. Batzuk danborrak astinduz, eta besteak suziriak eskuetan zituztela iragarri zuten maiestateen etorrera.
Musika eta Dantza Eskolakoen karroza bat zihoan errege bakoitzaren aurretik. Garaiko arropekin jantzirik, erritmoa eta bizitasuna eman zieten kabalgatari euren doinuek. Musikaren bitartez, haurrak magikotasunezko burbuila batean sarrarazi zituzten.
Erregeen laguntzaileek erruz banatu zituzten milaka gozoki kabalgata ikustera bildu zirenei. Laguntzaile hebrearrek, egiptoarrek eta arabiarrek gogoz astindu zituzten besoak inor gozoki gabe geldi ez zedin.
Erregeek animalien gainetik agurtu zituzten begiradarekin jarraitzen zituzten ume liluratuak. Askogatik, Baltasar erregea izan zen oihu eta zirrara gehien eragin zuena, haren elefantearen gainean. «Hemen, hemen», egiten zuten garrasi bildutakoek gozokiak haiengana jaurti zitzaten.
Hego Euskal Herriko beste hiriburu eta herri askotan ere jaso zituzten hiru erregeek neska-mutilen eskutitzak.
Bilboko kaleetan barrena bederatzi karrozak lagundu zieten Kale Nagusitik udaletxerainoko bidea egiten Meltxor, Gaspar eta Baltasarri. Argi eta soinuek Bilboko hiriguneari galaxiako hiriburuaren itxura eman zioten.
Ezarian. Errege Magoak
Zirrara eta poz banatzaileak
Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoen kabalgatek alaitu zituzten Euskal Herriko hiriburu eta herrietako kaleak. Umeek erregeak agurtu eta aurrez aurre euren eskaria ziurtatzeko aprobetxatu zuten aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu