Maratila

Zitroin urez

Aurelia Arkotxa.
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Marie Thérèse Sophie (20 urte), Richard de Ruffey aitaren lankide zaharrarekin (70 urte) ezkontarazia dute. Gabriel, Mirabeauk markesaren semea, gaztegi ezkondua da. Aitak, hain bihurria zaion seme «itsusi eta zarpail» hori If-eko eta Pontarlier-tik hurbil den Joux-eko gazteluen larderiapean ezartzen du. Sophie-k eta Gabrielek elkar ezagutzen dute inguruetako saloi eleganteetan. Amodioa. Sekretuzko elkar kausitzeak. Bi familiendako eskandalua. Suitzara ihes badoa Gabriel. Sophie heldu zaio Basileora 1776ko agorrilaren 24ean. Amsterdamen kokatzen dira «comte et comtesse de Mathieu» izenaren pean gorderik. Gabriel Herbeheretako liburu saltzaileentzat ari da lanean. Ordea, Parisetik jina den polizia batek zaintzen ditu. 1777ko maiatzaren 17an, lekuko autoritateen baimenarekin, bi amanteak arrastatuak dira. Frantziara eramanak bortxaz. Esperantxetan (haurdun) den Sophie, diziplina-etxe batean entzerratzen dute. Gabriel Vincennes-eko gazteluan. Hor hasten da bien arteko suzko gutuneria. Irakur daitezkeen pasarteen artean kokatuak: zitroin urez idatzizkoak, eta asmatu duten sekretuzko kodea. Ingalaterrara joatea amesten dute beren alabatxoarekin. Baina nexka hiltzen zaie hiru urteak oraindik beteak ez dituela. Sophie-k mila izenetan deklinatzen du maitearen izena : «fanfan d'ange, coco, mon joujou d'amour, mami, minou cher minou doux…». 1781eko urtarrilean, Gabriel askatzen dute Vincennes-eko gaztelutik. Azken aldiz besarkatzen du Sophie Gabrielek, errokanboleskoa den bisita baten ondotik. Gabriel Honoré Riquetti « Mirabeau » iraultzaile famatua bilakatuko da. Sophie-k ere, liberatu ondoan, bere bidea eginen du Mirabeaurengandik bereiz. Bere buruaz beste eginen du 1789ko irailaren 8an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.