Greziar mitologian, Dioniso da ardoaren jainkoa. «Zoramenaren eta jaiaren jainkoa», zehaztu du Francis Diez Bilboko jaietako pregoilari eta Doctor Deseo taldeko abeslariak, Arriaga antzokiko balkoian. Bilbon, berriz, beste bat da jaietako jainkoa: Marijaia. Horregatik, Diezek gidatuta, 19:00etarako minutu gutxi falta zirenean, bilbotarrentzat ezaguna den Corazón de tango abestiaren leloa kantatu diote guztiek batera Areatzan: «Vamos a engañarnos y dime, mi cielo, que esto va a durar siempre. Perderme en tus brazos, dulce locura, tú mi droga más dura» (Engaina gaitezen, eta esadazu, laztana, honek betirako iraungo duela. Zure besoetan galtzea, zoramen gozoa, zu zara nire drogarik gogorrena). Suziria bota du gero Olatz Agirre txupinera eta Txori Barrote konpartsako kideak. Piztu da festa Bilbon. Hasi da zoramen gozoaren Aste Nagusia.
Urtero bezala, aldarriz bete dute Arriaga plaza. Ezinbesteko tokia izan dute Palestinako banderek, eta konpartsen banderak eta ikurrin erraldoiak ere gogor astindu dituzte. Batzuek ezin izan diote eutsi jaia hasteko gogoari, eta ordubete lehenago hasi dira elkarri irina, arrautzak eta zikintzeko beste hamaika produktu botatzen. Zikinduta entzun dute, beraz, Diezen mintzaldia.
Doctor Deseoren eta Diezen beraren esentzia izan du pregoiak: «Marijaiak gida gaitzala, eta festa hauek zentzumenen orgia bati eta giro onari egindako kantu dionisiako bat izan daitezela, baita erokeria osasuntsuari eta gehiegikeriei ere, eta dantzari, eta era guztietako plazerei». Aste Nagusia bizitzari egindako kantu bat izan dadila eskatu du, Suspira y conspira abestia oinarri hartuta: «zerbait ederragoa eta gozoagoa» izango direla sentiarazteko.

Hori bai, arau bat jarri du: «Ezberdinen arteko errespetua». Herritar guztien «kolaborazioa» eskatu du, jaiak eremu segurua izan daitezen, «eraso matxista, arrazista, homofobo eta bestelakorik gabea». Argi utzi du: «Ezetz ezetz da, eta baietz baietz da; ez da hain zaila, dedio!». Horrek «pilak kargatuko» dizkiela adierazi du, «mundu hobe baten alde borrokan jarraitzeko» eta «Palestinako herria pairatzen ari den genozidioari ezetz oihukatzen segitzeko». Orduan eztanda egin dute herritarrek: oihuka, txaloka eta txistuka hasi dira, Diezek esandakoari babesa emateko.
Bilbo «zapi urdinez» betetzeko deia egin du abeslariak, eta esan du herritarrak presta daitezela «egunari eta gauari su emateko». «Juergarako gu bezalakorik ez da munduan. Besoak altxatuta, has dadila festa». Agirreri hitza eman aurretik, bere auzoa ekarri du gogora, baita hiria ere: «Uribarrikoa naiz. Beraz, gora Uribarri! Gora Bilbo eta bilbotarrak!».
Txupinerak suziria bota du, eta orduan atera da Bilboko jaietako ordezkaria balkoira. Harrera beroa egin diote herritarrek: Badator Marijaia abestiaren erritmoan dantzatu dira, serpentina zuriek eta gorriek Areatza estali bitartean. Diezen ahotsa ere entzun daiteke Marijaiari egindako abestian: «Aste Nagusi bakarra munduan, bakarra munduan, Marijaia!».
Ur pistolak, ezinbesteko
Ofizialki jaiei hasiera suziriak eman dien arren, Bilboko konpartsek askoz lehenago hasi dute festa Bizkaiko hiriburuan. Konpartsa bakoitzak bazkaria egin ostean, San Anton zubian bildu dira guztiak, Alde Zaharra kolorez betetzeko prest.
Bostetarako minutu gutxiren faltan, «Txori, aurrera!» oihukatu diete zubiaren erdian zauden Txori Barrote konpartsako kideei. Haiek izan dira lehenak aurten kalejiran, haien konpartsakoa baita txupinera. Zubi hasieran paratu dira, eta atzean jarri dira gainerako konpartsak.

Txaloak eta txistuak, zerbait gertatu den seinale: agertu dira iazko pregoilaria eta txupinera. Itziar Ituño aktore eta abeslaria eta Nagore Ugarte Txinbotarrak konpartsako kidea besarkatuta eta hunkituta iritsi dira elizaren parean zeuden gaiteroengana, eta dantzan itxaron dituzte aurtengo protagonistak.
Txaloak eta oihuak, oraingoan, ozenago: heldu dira Agirre eta Diez. Bi txupinerak eta bi pregoilariak elkartu egin dira, elkar besarkatu eta dantzatzeko. Bostetan, suziria bota du Ugartek, eta bazterrean geratu da Ituñorekin batera, euren zereginei amaiera eman eta aurtengo protagonistei lekua uzteko. Agirrek une hori aprobetxatu du bere konpartsako kideak agurtu eta besarkatzeko. Argazkia atera dute guztiek batera, «Euskal presoak etxera» oihuen artean.
Berehala hasi dute kalejira, gaiteroen eta txarangen erritmoari jarraikiz, konpartsa guztietako banderak eta Palestinako bandera ugari eskuetan. Ur pistolak ezinbesteko elementu izan dira bidean zehar. Alde Zaharreko balkoietan zegoen jendeak ere beroa leuntzen lagundu die kalean zeudenei; ura bota diete leihoetatik. Fresko eta prest iritsi dira herritarrak Arriagara, Marijaiari harrera beroa egitera, eta konpartsakideek argi utzi dute hurrengo zortzi egunak nolakoak izango diren: alaitasunez, dantzaz eta musikaz betetako egunak, baita aldarrikapenez betetakoak ere.