Zoriontsu izateko errezeta

Zoriontasuna lortzeko bost osagairen berri eman du Martin Seligmanek, Sukaldeko Solasaldietan

Martin Seligman atzo Miramar jauregian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
«Zein osagai behar dira bizitzan zoriontsu izateko?». Galdera horri erantzun nahi izan zion atzo Martin Seligman psikologoak, Sukaldeko Solasaldiak jardunaldietan.

Zoriontasunaren errezeta propioa aurkeztu zuen Seligmanek, psikologia positiboaren aitak: «Emozio positiboak, bakoitzaren baitan murgilduta egotea, ingurukoekiko sintonia, kidetasuna eta lorpenak dira gakoa».

Bi egunetan, gastronomia beste ezagutza arlo batzuekin nahasi dute, Donostian, Miramar jauregian, esparru ezberdinetako hainbat adituren hitzaldiekin. Aurten, lidergoa, motibazioa eta hazkunde pertsonala izan dira jardunaldien ardatza.

«Zoriontasun kontzeptua oso zientifikoa da, eta ezin da neurtu. Ez zait askorik gustatzen». Zoriontasunaren ordez, ongizatearen sinonimotzat erabil daitekeen termino bat proposatu zuen Seligmanek: ingelesezko PERMA. «PERMA bost elementuz osatuta dago: emozio positiboak, norberaren baitan bildua egotea, sintonia, kidetasuna eta lorpena».

Zoriontasuna ez bezala, ongizatea neurgarria da, osagai bakoitzaren maila galdetegi batzuen bidez zenba baitaiteke. «Irakatsi egin daiteke, gainera, hobetzen. Beraz, zoriontsuago izaten ere ikas daiteke».

Lehendabiziko elementuak emozio positiboak, plazera, zoriontasuna, alaitasuna eta estasia hartzen ditu barnean, besteak beste.

Zoriontsu izateko bigarren elementua bakoitzaren baitan murgiltzea da. Jario egoerak definitzen du ongien kontzeptu hori. Zer da, baina, jario egoera? «Erabateko kontzentrazioa da, burua eta gorputza horretara bakarrik eduki, eta pentsatzeari ere uko egitea».

Hirugarren elementuak harremanak ditu jomuga. Eta laugarrenak, kidetasunak, gu baino maila gorenagoko zerbaiti zerbitzatzea egiten dio erreferentzia. Lorpena, azkenik, arazoen inguruan ez etsitzeko gaitasuna da.

Europako herrialdeetan ongizate mailaren inguruko ikerketa egin du Seligmanek, bost elementu horiek kontuan hartuta. Danimarkakoak daude lehen postuan, %33ko ongizate mailarekin.

Horren harira, orain dela hamabost urte sortutako psikologia positiboak ekarritako iraultza azpimarratu zuen adituak: medikuntza eta psikologia pertsonen sufrimendua gutxitzen saiatu izan dira betidanik, alegia gaixotasunak sendatzen.

«Depresioari eta antsietateari erremedioa aurkitzen ahalegindu dira, baina horrek ez dakar askotan pertsonak zoriontsu izatea, hutsune handi bat sortzen baitzaie sendatu eta gero. Ez dira elementu negatiboak bakarrik kendu behar», esan zuen psikologoak.

Psikologia positiboak, berriz, pertsonen bizitza hobetzen jartzen du arreta, eta gaixo ez dauden pertsonei ere laguntzen die. Elementu positiboei, umoreari, alaitasunari eta inteligentzia emozionalari ematen die garrantzia. Elementu positibo horiek elikagaiekin alderatu zituen; zapore oneko platerak egiteko kalitate oneko jakiak behar diren bezala behar dira elementu positiboak.

Bi ezagutzek, bat

Psikologia eta sukaldaritza eskutik elkar helduta joan daitezkeela erakutsi nahi izan zuen Seligmanek. Batak bestetik ikas dezakeela eta sukaldaritza psikologia positiboaren «eredu» dela.

«Sukaldaritza ez da zapore oneko platerak bakarrik egitea. Goi mailako instituzioa da euskal sukaldaritza. Hori dela eta, langileek instituzio horren partaide sentitu behar dute, eta ongizate sentimendua kutsatu behar diete bezeroei».

Hizkuntzaren erabilerari garrantzia eman zion baita ere Seligmanek. Erabiltzen den hizkuntzaren tonuak eragina du ingurukoekin sortzen diren harremanetan. Adibide modura, bikote baten asteburuko elkarbizitza jarri zuen, lehendabizi. «Bost esalditatik bat izan daiteke tonu txarrekoa. Muga horretatik gora dibortzioa dator». Enpresetako bileretan, berriz, jendearen hizkerari erreparatuta, ondoriozta daiteke baita ere enpresa horrek irabaziak edo galerak dituen.

Gastronomia ardatz hartuta, berriz ere, galdera egin zien bertan bilduta zeuden goi mailako sukaldariei: «Nola hitz egiten duzue zuek sukaldeetan?».

Ibilbide oparoa

Horretaz gain, ekintza dibertigarriek luze gabeko plazera ematen dutela azaldu zuen adituak. Baina ez dira horiek bakarrik «zoriontasunaren iturri». «Bezero askorekin ikusi dut luzera hobeto sentitzen direla inguruko norbaiti lagunduta erosketak egitera joanda baino». Depresioak gainditzeko norbaiti laguntzea eraginkorra dela gaineratu zuen.

Pensilvaniako unibertsitateko psikologia departamenduko burua da Seligman, eta Americal Psychologycal Association erakundeko lehendakari ohia. Hainbat liburu argitaratu ditu: Learned optimist eta Authentic happinnes, beste batzuen artean. Webgunea ere badu: www.authentichappines.org.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.