Ingeniaritza industriala ikasten hasi zen Daniel Lizarralde (Donostia, 1975), baina amaitu aurretik argi zuen ez ziola bide horri jarraitu nahi, eta gradua utzi zuen. Amari esker murgildu zen zurgintzaren munduan, eta 2015ean bere artisau akademia propioa sortu zuen: Zurjole. Hainbat pieza sortu ditu ordutik, eta horietako bat Milango Diseinuaren Astean erakutsi dute berriki.
Ingeniaritza ikasten hasi zinen, eta zurgintzan lan egiten bukatu. Nolatan?
Hiru urte igaro nituen ikasten, baina ez nengoen oso gustura. Hortik aldendu nahian, altzariak lehengoratzeko eta moldatzeko ikastaro bat topatu zidan amak. Bertan sartu, eta zur tailla ezagutu nuen. Hala, zur taillan zer egin nezakeen begiratzen hasi nintzen, eta Londresera joatea erabaki nuen. Han lortutako jakintza guztia bilduta, Euskal Herrira itzuli nintzen. Zurgintzan lana bilatzen saiatu nintzen, baina ezinezkoa zen, ez baitzegoen lanik.
Albo batean utzi zenuen zurgintza?
Ez. Eutsi egin nahi nion, beraz, sukaldean hasi nintzen lanean, eta han aritu nintzen sei urtez. Tarte horretan, Los fantasmas del arte pieza egin nuen, zeina irailean Veneziako Bienalean izango den. Sukaldea utzi, eta beste lan batzuetan jardun ostean, 2015ean Zurjole sortu nuen.
Zer egiten duzue bertan?
Zur tailla, zurgintza, aulkigintza, altzarien zaharberritzea egiten ditugu, baita kakorratz lana eta puntua ere. Ikasleek hainbat teknika eta diziplina ikasten dituzte.
Zer-nolako balio dauka zuretzat Zurjole artisautza akademiak?
Izugarrizkoa. Askotan saiatu naiz Gipuzkoako Foru Aldundira joan eta esaten: «Zurjole bezalako zerbait behar dugu. Gauzak ahazten ari dira, desagertzen». Beraz, nola euts diezaiekegu ofizio horiei? Bada, ezagutza gordeko duen jendea edukitzea da era bakarra. Niri asko gustatzen zait gauzak irakastea, eta jendeari erakutsi nahi niolako sortu nuen akademia.
Euskal Herrian, zein da artisautzaren panorama?
Artisau asko gaude, eta maila oso ona dago, baina begirada zabaldu beharra daukagu. Izan ere, artisau azoketan besterik ez dugu jartzen arreta, eta hori aldatu egin behar da. Gero eta azoka gehiago ari dira desagertzen; gainera, jendeak jada badaki zer topatuko duen haietan, eta hori ez da ona. Jendea nekatu egin da, eta gure errua izan da. Azoketara jende bera joaten da; beraz, herritarrek diote: «Zertarako joan, betiko bera ikusiko badut?».
«Artisau azoketan besterik ez dugu jartzen arreta, eta hori aldatu egin behar da»
Gazteak lekukoa hartzeko prest al daude?
Jende gazte asko ari da bere lekua sortzen, askotariko gauzak egiten, eta irakasten. Ideia oso-oso indartsuak daude, baina beste zerbait behar dugu. Ez dut erantzunik, baina uste dut artisau batek produkzioa eduki beharko lukeela; hau da, gauzak egin eta saldu. Baina irakatsi ere egin beharko luke. Profesional eta artisau oso onak daude, baina maisu izateko aukera dutenak, gutxi. Gustatu egin behar zaizu, eta horretarako jende gutxi dago.
Eta salmenta nola egin daiteke?
Saldu egin behar dugu, baina ez Euskal Herrian bakarrik, baita Europan ere. Begira, duela gutxi AEBetatik programa bat grabatzera etorri ziren hona, zortzi bat artisaurekin. Beraz, horrelako gauzak baliatu behar ditugu besteei erakusteko hemen zer egiten den. Zorrotzak izan behar dugu kalitatearekin, eta bost euroko lanak egiteari utzi. Bostehun euroko zerbait egingo bagenu, agian gauzak bestelakoak izango lirateke.
Prezioak igota salmentak gora egingo al du?
Kalitatez eginda bai, prezioak igota ez. Eta kalitate oso txarreko gauzak egiten ditugu, merke saltzeko. Azoketan bost eurotik 30 eurora arteko lanak baino ez ditugu saltzen, eta, aukera badaukazu udaran Kontxan egoteko, hor jar ditzakezu 60 edo 70 eurokoak, baina garestiagoak ez. Eta horrela ezin da. Kaikuak egiten dituen artisau bat dago Nafarroan, eta berak hori laurehun euroan sal dezake arazorik gabe; beraz, horrek esan nahi du kaikuak kalitatezkoa izan behar duela. Kalitatezkoa egiten badu, salduko du. Ez du egin behar kaiku bat azkar, hamar euroan saltzeko. Kalitatea izan beharko litzateke garrantzitsuena.
Michelangelo fundazioaren beka jaso zenuen, eta horretan igaro dituzu azken sei hilabeteak. Michelangelo fundazioaren beka zertan datza?
Michelangelo fundazioak artisautzako ikasleak babesten ditu, eta maisuak aurkitzen ditu, irakasteko; izan ere, transmisioa bultzatu nahi dute. Beraz, maisu bat eta ikasle bat hautatzen dituzte biek batera pieza bat sortzeko sei hilabetean.
Nolakoa izan da esperientzia?
Haiekin lan egiten hasi nintzenean, beste mundu bat ikusi nuen. Europan gaudela ikusi behar genuen, eta hori hemen, Euskal Herrian, ez da gertatzen. Artisau askok ez dakite ingelesez; kanpora begiratzea pixka bat konplikatua da. Izugarrizko maila dago artisautzan Europan. Sei hilabeteko beka etorri zen, eta izugarrizko aukera izan da bai niretzat, bai Elena de Diegorentzat, nire ikaslearentzat.
Zer lan ondu duzue?
Aulkigintzan murgildu naiz urte luzez. Beraz, oinarri horretatik abiatuta, pieza bat sortu dugu: flowing. Mahai gisa zein aulki gisa balio du. Milango Diseinu Astera eraman dugu, eta han izan da duela gutxi.
LOTSABAKO
Piezarik kuttunena?
Los fantasmas del arte.Egitea gehien kostatu zaizuna?
Milanekoa: flowing.Egitea gustatuko litzaizukeena?
Liburu bat, zur taillakoa.