Etxarri Aranatz. Aitor Zubieta

«Zorte handia dut; behar dudan guztia daukat nik hemen»

Pilotalekua, esku-huskarako; ibaia, arrantzan egiteko; familiaren lur saila, txakurrekin buelta bat eman edo baratzean lasai-lasai lan egiteko. Kilometro gutxiren bueltan dauka hori guztia Aitor Zubietak. Zoriontsu izateko zerbait gehiago behar al da?

Aitor Zubieta kanabera eskutan, Arakil ibaian, Etxarri Aranatzen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Etxarri Aranatz
2013ko uztailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urrutira joan beharrik ez dauka Aitor Zubietak (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1984) bere leku kuttunenak aukeratzeko. Herrian ditu hirurak: Euskal Erriari pilotalekua, Arakil ibaia eta familiaren lur saila. Pilota edo kanabera eskuetan izanda, edo txakurrekin alde batetik pasieran ibilita, ordu mordoa egin ditu umetatik toki horietan.

Zergatik hiru leku horiek eta ez besteren bat? «Pilotalekua, bertan egin dudalako ia bizitza osoa eta oraindik ere denbora asko pasatzen dudalako. Ibaia, txikitatik anaiari eta bioi asko gustatzen zaigulako arrantza egitea. Eta lur saila, txakur eta animaliez gain, baratza daukagulako; denbora asko igarotzen dut hor ere».

Ostiral eguerdia da. Bero egiten du Etxarri Aranatzen, baina ez sargori; lainoek zertxobait baretu dute giroa. Herrigunean dago pilotalekua, udaletxetik metro gutxira, udal liburutegi eta osasun etxearen artean eta Andra Mari ikastolaren pare-parean.

4x4 auto batean iritsi da Zubieta, irribarretsu. Baratzea ureztatzetik dator. Pilota hotsak nabariak dira, eta frontoi barruan haur bat ari da pilotan, atzeko frontisean, gogotsu. Zubieta sartu bezain pronto, atzera begiratu du; irribarre egin dio, eta berehala jarraitu du jolasean. Ezagutzen dute elkar, eta ez da topo egiten duten lehen aldia.

Harmailetan beste bi gaztetxo daude eserita, eta haiek ere ezagutzen dute. Izan ere, herriko pilota eskolan irakasle aritzen da Zubieta. Pilota bizi dute Sakanan: «Eskualdean afizio handia dago esku-huskarako. Berdin du zein ordutan joaten zaren pilotalekura; beti dago jendea, beteta dago uneoro. Poza ematen du horrek; pena ematen du frontoia hutsik ikusteak».

Ederra da Euskal Erriari. Hamabi koadro ditu, berdez margotutako frontisa eta pilotakaden ondorioz gastatutako koltxoiak. Etxean bezala dago Zubieta. Ez da harritzekoa; zenbat galtza apurtuko ote zituen anaiarekin eta lagunekin jolasean. Ikasle garaitan behin baino gehiagotan iritsi zen berandu eskolara, nahiz eta metro eskasera eduki ikastola ataria: «Txirrina jo, eta korrika joaten ginen pilotalekura; bazkalostean ere han egoten ginen, eta berandu sartzen ginen klasera, nahi gabe». Oraindik ere egunero egiten du sartu-irten bat: «Bazkaltzera izerditan iristen naiz egunero; herritik buelta bat egitean, erosketak egitera joatean-edo, pilotalekutik pasatzen naiz; beti dago norekin geratu».

Pilotaleku kanpoan haur mordoa dabiltza begirale batekin. Neskatxa bat besoetan hartu du Zubietak, eta gainerakoei bostekoa eman die. Autotik jaistean zeukan irribarreari eusten dio oraindik. Gustura nabari da herrian. Argi eta garbi adierazi du: «Zorte handia dut; behar dudan guztia daukat nik hemen, eta ez daukat asko mugitu beharrik, partidetara eta entrenatzera soilik».

Arrantza eta ehiza

Pilotalekuko gerizpetik Arakil ibai ertzera jo du. Eguzkiak gogor jotzen du orain, eta ez da haizerik. Presa txiki bat dago, eta urak ez darama indar handirik. Autotik kanabera bat atera du, argazkirako. Koilara jarria du, eta, bide batez, pare bat aldiz bota du amua.

Arrantza ez du ogibide Zubietak, baina izan zezakeen. Hainbestetan aritu da Arakilen, non txoko guztiak primeran ezagutzen baitituen. Harrapatutako amuarrainak ibaira itzultzen ditu normalean: «Noizean behin bat hartzeagatik ez da ezer gertatzen, baina nahiago dugu ibaira itzuli; hemengo amuarrainak ditugu, eta badakigu askatuta ere hemen jarraituko dutela». Hori bai, aurretik, argazkia ateratzen die, lagunei erakusteko. Sakelakoan bideo bat baino gehiago dauzka. Ez ditu nolanahiko bideoak, gainera, handiak dira oso agertzen diren arrainak.

Uztaila amaitu arte dauka arrantza egiteko aukera. Denboraldia amaitu eta gutxira —abuztuaren 15ean—, kanabera gorde eta eskopeta aterako du. Txakurrak prest ditu jada. Pilotalekuan bezala, haiekin egunero aritzen da familiaren lur sailean. Hori ere Etxarri Aranatzen dago, argazkia ateratako lekutik kilometro eta erdi ingurura. Ardiak eta oiloak ere badituzte han, baita baratze bat ere. Entrenatzen, pilotan edo arrantzan ez badabil, han izango da ziurrenik. «Zaletasun gisa hartzen ditut; deskonektatu, lasai-lasai egon, ibai ertzean edo zuhaitz artean gozo-gozo, inork molestatu gabe. Lasai-lasai iristen naiz etxera». Elkarrizketa ere lasai amaitu du, auto barruan, irribarrea galdu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.