'Zu' batzuen artean, 'hi' nagusi

Maramara taldeak antolatuta, 'Mintza hadi, lagun' metodologian oinarritutako hitano barnetegia egiten ari dira egunotan Ataunen. Lizarrustiko parketxean daude, gau eta egun, ikasleak eta irakasleak.

Barnetegiko ikasle batzuk, hitanoa praktikan jartzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ataun
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Talde jatorra bildu da Ataungo Lizarrustiko parketxean. Maramara taldeak antolatutako hitano barnetegia egiten ari dira astelehenetik, eta bertan egongo dira ikasle eta irakasleak larunbatera arte, hitanoa lantzen. Barnetegiaren helburua ikasleak trebatzea da, bertatik ateratzen direnean hikaz mintzatzeko gai izatea.

Hainbat lekutako neska-mutilak elkartu dira Ritxi Lizartza eta Eneko Haritza irakasleen gelan. Donostiatik, Ataundik, Elizondotik, Gartzainetik eta Iruñeatik joan da jendea, besteak beste. Ritxi Lizartza, Maramarako zuzendaria, gustura dago nafarrak eta gipuzkoarrak elkartu direlako: «Ohitura eta hizkera desberdinak dituzte. Aniztasun handia dago, eta uste dut oso aberasgarria izango dela».

Ikasle bakoitzak helburu eta behar ezberdinak ditu. Mikel Goñi akademia irakasleak, esaterako, honela dio: «Nire asmoa dahemen oinarri bat egitea, ondoren, egunerokoan, ikasitakoa praktikan jartzeko». Itziar Erasun bainuetxe gidariak ere helburuak oso garbi ditu: «Segurtasunarekin ateratzea gustatuko litzaidake; behintzat aurrerapauso bat emanda ateratzea. Solasaldi luzeak edukitzeko konfiantza behar dut, eta gustatuko litzaidake konfiantza hori lortzea eta jakitea ondo ari naizela. Uste dut asko ikasiko dudala eta oso aberasgarria izango dela». Ikasleek, ezagutza zabalaz gain, ikastaroa egin izanaren agiria jasoko dute amaieran.

24 orduko elkarbizitza

Maramara taldearen hitano barnetegia guztiz berritzailea da. Batetik, Mintza hadi, lagun! metodologian oinarritutako programa bati jarraitzen diolako; eta bestetik, lehen hitano barnetegia delako. «Uste dut eskaintza polita dela ikasleentzat, ez delako barnetegi tipiko bat. Eskolek ofizialki zortzi ordu irauten badute ere, 24 ordu gaude elkarrekin hitanoa lantzen, hikaz mintzatzeko ohitura hartzeko eta gero, haien girora bueltatzen direnean, jakiteko zeinekin eta nola mintzatu, eta ikasitakoa lantzen jarraitzeko», dio Lizartzak.

Mintza hadi, lagun! metodologian oinarrituz, honako eduki hauek landuko dituzte: Euskaltzaindiak adostu dituen aditzak ondo erabiltzea, hitanoa zein testuingurutan landu behar den jakitea, harreman sozioafektiboak —zeinek zenekin egiten duen tradizioz— eta abar.

Teorian eta praktikan oinarritutako barnetegi bat da, eta, guztira, sei teoria unitate eta bost praktiko jasoko dituzte ikasleek astean osoan.

Goizez eta arratsaldez aritzen dira. 09:00etatik 14:30era bitartean, teoria lantzen dute, atsedenak barne. Guztira, 30 orduko teoria saioa egingo dute, aste guztian. 14:30etik 15:30era, bazkaltzeko tartea hartzen dute. 16:00etatik 19:00etara bitartean, berriz, hainbat ekintzarekin uztartuz, mintzapraktikak egiten dituzte. «Egunero, arratsaldean, irteerak egingo ditugu: Barandiaran museora, Lareo urtegira, kobazuloak bisitatzera, Arbizura, bertan jendeak hika egiten duelako, inguruko landaredia ezagutzera eta abar».

Maramara taldeak egiten duen lehen hitano barnetegia da, eta, Lizartza zuzendariak dioenez, «esperimentu» moduko bat da: «Probatzen ari gara. Ikusi nahi dugu ea ikasleek, astebetean era trinkoan lanean arituta —mintzamena, praktikak...—, aldea sumatzen duten eta ia hutsetik hasita hikaz mintzatzeko aukera lortzen duten. Alde horretatik, niklaborategi baten gisan ikusten dut hau».

Aurrera begira, barnetegi gehiago antolatu nahiko luke Maramara taldeak. Emaitzak aztertu ostean erabakiko dutela dio Lizartzak: «Hau ondo ateratzen bada eta ikasleek aprobetxatzen badute, posible ikusten dugu urtean zehar horrelako beste barnetegi bat edo bi egitea, talde handia hartuta, 15 edo 20 lagunekoa».

Ikasleen soslaia ere gehiago zehazteko asmoa dute: «Gustatuko litzaiguke Euskaltegietako irakasleekin ere egitea barnetegiak, gero haiek hika egiteko eta gainerakoei irakasteko gaitasuna eduki dezaten. Orain, Euskaltegietan, oso gutxi lantzen da hitanoa, eta iruditzen zait oso garrantzitsua dela. Gure helburua hori da: jendea trebatzea hitanoa ahalik eta gehiena zabaltzeko», gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.