Zubereraren gordailua

Zubererazko kantak, elkarrizketak, eskuizkribuak eta bestelako materialak biltzen lan handia ari da egiten Sü Azia elkartea. Lanean jarraitzeko, dirua bildu nahi dute.

Ahotsezko grabaketak biltzeaz gain, hainbat argitalpen kaleratu ditu zubereraz Sü Azia elkarteak. SÜ AZIA.
Nagore Etxeberria.
Donostia
2015eko abenduaren 5a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ondarearen aldetik, altxor ugari daude Zuberoako etxe eta ganbaretan gorderik. Aspalditik dabil haien atzetik Zuberoako Sü Azia elkartea. Hogei urte inguru daramatzate zubererazko altxorrak biltzen, gal ez daitezen. Jasoak dituzte elkarrizketa, grabaketa eta kantu mordoxka bat, den-denak zubereraz eginak edo idatziak. Marcel Bedaxagar kazetariak Xiberoko Botza irratian eginiko kantu tradizionalen grabaketak dira haietako asko; Ximun Haran euskaltzaleak elkarteari emanikoa da beste sorta handi bat. 1960. urtean, Haranek grabagailu profesional batekin jasotako herri kantarien emanaldiak dira elkarteari eman zizkionak.

Bildutako materiala sailkatzen eta digitalizatzen aritu dira azken urteetan, buru-belarri. Lan handia egin dute, baina egiteko ugari geratzen da oraindik. Hurrengo urratsa: Baionako euskal artxibategirako materiala egokitzea. Izan ere, formatu aldetik ez dira bateragarriak, eta artxibategirako egokitu behar dira guztiak. Lanean jarraitu ahal izateko, ordea, sosak behar dituzte, eta dirua biltzeko kanpaina abiatu du elkarteak, finantzaketa kolektibo bidez. 6.000 euro lortzea du helburu elkarteak. Ekarpenak egiteko,www.bulbintown.com/projects/su-azia/accueil#le-projet helbidean sartu, eta proiekturako zenbat diru eman nahi duen zehaztu behar du nahi duen orok.

Orain hilabete abiatu zuten kanpaina, eta otsailera bitartean bildu nahi dute kopuru hori. Oraingoz, laurden bat baino ez dute pilatu; beraz, bilketa amaitzeko geratzen diren bi hilabeteetan «indar handia» egin beharko dutela argi du Allande Sokarros Sü Azia elkarteko kideak. Izan ere, ezarritako helburuak betetzen ez badira, dirua jarri dutenei ezarritako kopurua itzuli behar diete.

1981. urtean sortu zen Sü Azia elkartea, helburu finko batekin sortu ere: Zuberoako euskalgintza sustatzea eta bultzatzea hainbat arlotan. 70eko hamarkada amaieran eta 80koaren hasieran, herri kontratua izenekoa abiatu zuen Frantziako Gobernuak. Hainbat egitasmoetan elkarlanean aritzeko proposamena egiten zien eskualdeei Frantziak. Zuberoa izan zen herri kontratua bideratu zuen lehenetako eskualdea. Gai baten inguruan bilerak egiten ziren, eta hainbat erabaki hartzen; gero, proposamen horiek Parisera igortzen zituzten hautetsiek. Zuberoako euskara bultzatzen lagundu eta zubererarekin loturiko beste arloak bideratuko zituen elkarte bat sortzeko proposamena helarazi zuten hautetsiek Zuberoatik. Proposamena onartua izan zen, eta hala sortu zen Sü Azia elkartea.

Denetariko lanak

Geroztik, makina bat lan egin du elkarteak, eta ez bilketa lana bakarrik. Izan ere, Sokarrosek gogoratu duenez, «Sü Azia sortu zen garaian, ez zen ezer Ipar Euskal Herrian. Ikastolak abiatu berriak ziren, eta ez zen ez AEKrik, ez gau eskolarik, ez deus». Hala, hastapen haietan, euskarazko klaseak ematen aritu zela elkartea oroitzen du. Egitura horiek sortzearekin batera, «Zuberoako euskalgintzaren sustatzeari bideratu zituen indar guztiak elkarteak», dio Sokarrosek.

Horrelaxe abiatu ziren han eta hemen sakabanatuak zeuden zubererazko materialak biltzen: dokumentuak, koadernoak, grabaketak, kantuak, argazkiak, bideoak eta beste. Pastoraletako eskuzko koadernoak ere digitalizatu dituzte, eta hainbat argitalpen ere kaleratu dituzte zubereraz: Printze ttipia, Aita artzain zen, Nafarroako bidajea eta Basabürüan, besteak beste.

«Zuberoako historiaz, iraganaz, herri nortasunaz, kultura aberastasunaz eta beste ohartzeko» lanean jarraitzeko asmoa du elkarteak. «Mintzamenezko aberastasunen grabaketa horiek gure herri oroimenean batetik bestera iraganarazteko eta bizirik gordetzeko, eta zubereraren erabilpena sustatzeko» bere aletxoa jartzeko deia egiten diete euskaltzale guztiei elkarteko kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA