Sanferminak

Zukua atera bihotzetik

Egunero, Euskalerria irratiak 'Sanfermintza' saioa ematen du bi orduz zuzenean, Zaldi Zuria ostatutik. Musika eta jaietako parte hartzaileak dira saioaren protagonista.

Ibai Indart baigorriarra, gaita jotzen, atzo, Zaldi Zuria ostatuan, Pello Argiñarenaren begiradapean. IDOIA ZABALETA / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2015eko uztailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hemen gaude Zaldi Zuriaren ostatutik zuzenean, Sanfermintza saioan». Reyes Ilintxeta Euskalerria irratiko esatariak, Pello Argiñarena lankidea alboan duela, horrela ekin dio irratsaioari. Bi orduko emanaldiak luzea irudi lezake, baina egitaraua betea dute, eta, dena ondo joan dadin, parte hartze bakoitzaren denbora ondo neurtua dute bi kazetariek. Azken zazpi urteetatik, irratiak Zaldi Zuria ostatutik ematen du jaiei buruzko saioa. Elkarlan horrekin gosea eta jateko gogoa elkartzen dira. Irratiaren betiko egoitza festaren erdigunetik urruti izaki, Alde Zaharrean toki lasaia eskaintzen dio Zaldi Zuriak. Programan, musikak protagonismo berezia hartzen duenez, zuzeneko emanaldiak eskaintzen dizkio ostatuari irratiak. Biek irabazten dute.

Baita BERRIAk ere. Normalean, kamerarik gabe jarduten dute Irrintzi dorreko egoitzan, eta, irrati uhinak ikusten uzten ez dutenez, askatasun hori izan ohi dute aurkezleek. Alta, azken urteetan, Berria.eus-ek zuzenean ematen du saioa, eta Ilintxeta eta Argiñarena jada ohitu dira kamera finkoari begiratzen. «Azken bolada honetan, eta, zuei esker, ikasten ari gara zer den kamera baten aurrean aritzea poliki-poliki», azaldu du Ilintxetak.

Irratsaioak sail finko batzuk ditu. Adibidez, Adarkada eta Caravinagre, festaren bi aldeak. Lehenengoan, irratiko ohiko kolaboratzaile batzuei eskatzen zaie jaiari buruzko ohar bat irakurtzea. Atzo, Jon Alonso idazleari egokitu zitzaion, eta gaur, berriz, beste idazle batek egingo du. Bigarrengoa, berriz, aurten lehen aldia da egiten dutena eta festaren inguruko ikuspuntu kritikoa azaldu nahi dute: «Kontrapuntua egin nahi izan dugu. Egunero badugu adarkada positiboa eta Caravinagre-ren ekarpen ozpindua. Festaren kritika egiten da, edo ikuspuntu alternatibo bat erakutsi. Hemen dena librea da».

Zaldi Zurira bidean, erraldoien konpartsaren bila zebilen bikote bat bere bi haurrekin. Egunero ibilbide desberdina duenez, guraso batzuei zail egiten zaie kilikak eta erraldoiak topatzea. Horretarako, Erraldoien GPS izeneko zerbitzu bat dute irratian, eta egunero harremanetan jartzen dira konpartsako kideren batekin, jakiteko zer moduz eta, batez ere, non diren.

Entzierroaren komentarioa egin ondotik, Karrikiri elkarteko Juan Luis Etxaburu Ondarru eseri da gonbidatu gisa, eta, haren alboan, Tedor Zabala ondarrutarra. Biak Zaldiko Maldiko elkartetik etorri dira, atun jana prestatzen egon baitira. Aurten, 128 gonbidatu eseri dira hegaluzea protagonista duen menua dastatzera: marmitakoa, atun errea eta atun sorbetea.

Zabalak eta Ondarru-k prestaketen nondik norakoak azaldu dituzte, eta horretan datza irratsaioaren ezaugarri nagusietako bat: freskotasunean. Festak egunero eskaintzen dituen elementuei egiten diete so irratian, «festaren bihotzetik». «Irrintzi dorretik egin ahal dituzu programak txukun, baina sanferminek eskatzen dute karrikan egotea». Hain justu, karrikatik datoz Aimar Karrika, Jon Maia eta Uxue Alberdi bertsolariak. Bertsoek gero eta protagonismo handiagoa dute Iruñean jaietan, hala egitarau ofizialean nola handik kanpo. Oinez Gunean aritzekoak dira, eta horri buruz mintzatu dira hiru bertsolariak. Ilintxetak eskertu du gonbidatu guztien zintzotasuna eta prestutasuna. Azken finean, irratiko lankideek prestaketa lanean egin dituzte sanferminen aurreko bi asteak, jendearen hitzorduak lotzen, et,a gero, gonbidatuek emandako hitza betetzen dute: «Ikaragarria da zein zintzoa den jendea», dio Ilintxetak.

Saioan, berriz, esperientzia lagun, abilak dira Ilintxeta eta Argiñarena. Hurrengo gonbidatua Joseba Asiron Iruñeko alkatea denez, aukera aprobetxatu du, eta Jon Maiari bertso bat kantatzeko eskatu dio. Bertsoan, «aurreko alkatearen abizen bera» izan arren, zorionak eman eta «gure alkate» izateaz gain «denona» izan dadila eskatu dio Maiak. Asironek festetan jende askoren arreta bereganatu du egunero, baina ez da gonbidatu politikari bakarra. Egunotan, Uxue Barkos eta Iruñeko eta beste herrietako alkate eta zinegotziak pasatuko dira Zaldi Zuritik. Oso garrantzitsutzat jo du hori Ilintxetak.

Dena den, Sanfermintza-ren protagonista, batez ere, musika da. «Oso gustura etortzen dira musikariak. Haientzat ez da lana, festagunetik ez dutelako atera behar, eta guretzat oso polita da. Zer esanik ez hemen lasai-lasai dagoen jendearentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.