ATZEKOZ AURRERA. Bilboko Aste Nagusia

«Zuzenean jotzea droga hutsa dela diote, eta egia da»

Bilborocken 'Bertako Metal, Pop Rocka' erakustaldia antolatu dute Aste Nagusirako. Bermeoko Addar taldea han izango da gaur.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Mikel Garcia Martikorena.
Bermeo
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Doinu elektronikoekin lotutako musika estiloek omen dute arrakastarik handiena gaur egun. Halere, bestelako moldeek ere lekua izango dute Bilboko Aste Nagusian: adibidez, Bilborockek Bertako Metal, Pop Rocka erakustaldia egingo du gaurtik hurrengo larunbatera arte. Addar musika taldeak joko du gaur, 20:00etan. Gorka Padrones Zulueta (Bermeo, Bizkaia, 1994) da abeslaria, gitarrista eta taldearen izaeraren arduradunetako bat.

Nondik dator Addar izena?

Hasierako erabakirik garrantzitsuena da izena zein izango den aukeratzea. Zerbait originala topatu nahi duzu, gutxitan entzun den zerbait. Horregatik, euskarazko hiztegi zaharretan bilatu genuen. Zuberoan deabrua deitzeko erabiltzen den hitza da addar.

Noiz hasi zineten jotzen?

2018an hasi ginen Addarrekin, asmo argirik gabe. Baina, pixkanaka, seriotasun handiagoz hartu genuen. Nik etxean kanta sorta bat neukan jada idatzita, baina ez nituen erabili nahi orduan nuen proiektuan: ez zuten lekurik hartan. Hortaz, aurreneko kantu horiek probatu genituen talde berrian. Gustuko genituenez, kantuak grabatzea erabaki genuen.

Lehenengo diskoa 2019ko azken hilabeteetan bukatu genuen, eta, gero, pandemia etorri zen. Hortaz, kontzertuak egiteko arazoak izan ditugu. Itxialdiaren aurretik eta ostean jo ditugu kontzertuak. Egia da murrizketak arazo bat izan direla, baina hala moduz moldatu gara kontzertuak eman ahal izateko.

Nola grabatu zenituzten aurreneko abestiak?

Munitibarreko [Bizkaia] baserri batean. Estudioan sartu aurretik maketa bat grabatzea erabaki genuen, abestiak grabatuta nola entzuten ziren jakin ahal izateko. Grabaketa nahiko prekarioa izan zen, baina guk gozatu genuen. Rockcity abestia izan zen aurreneko hura. Gustuko genuenez, estudio profesional batean grabatu genuen gero.

Zer sentitzen duzu agertokiaren gainean zaudenean?

Hau droga hutsa dela diote, zuzenean jotzea oso adiktiboa dela. Eta egia da. 16 edo 17 urterekin hasten zara, eta ezin duzu utzi. Ikaragarria da jendearekin horrelako esperientziak partekatu ahal izatea. Ez dut erritual berezirik: ahal dudan moduan lasaitzen saiatzen naiz. Etorri den jendearekin eta taldekideekin hitz egiten dut lasaitzeko. Urduritasuna beti dago hor. Oholtzan zaudenean, zure rolean sartuta zaude. Saiatzen zara ikuskizun ahalik eta hoberena ematen, jendeak disfruta dezan.

Zein izan da eman duzuen kontzerturik bereziena?

Durangoko Azokan, Plateruenan jotzea oso polita izan zen [Bizkaia]. Murrizketarik gabe hasi ginelako berriro kontzertuak ematen. Jendeak ez zuen eserita egon behar. Aurreko bira Bermeoko Kafe Antzokian bukatu genuen [Bizkaia]. Kontzertu hura ere oso berezia izan zen. Etxean bukatzeko aukera izan genuen, gure jendearen aurrean.

2020an, Rockein lehiaketa irabazi zenuten. Zer eman zizuen horrek talde gisa?

Horrelako ekintzek talde gisa handitzeko aukera asko ematen dituzte. Aurretik genituen taldeekin lehiatu izan gara, baina ez dugu inoiz irabazi. 2020koak ustekabean harrapatu gintuen. Izan ere, ez zen egon ez finalik, ezta jaialdirik ere. Sare sozialen bidez izan genuen garaipenaren berri. Egia da nolabaiteko final bat egon zela, baina, euskarazko taldeen kategorian, ez zen ezer egin.

Lehiaketa irabazteagatik aukera izan genuen Bilboko El Tigre estudioan Suge abestia grabatzeko eta Basauriko [Bizkaia] MAZ musika jaialdian jotzeko. Murrizketak zeuden arren, ederra izan zen jotzea.

Zer ezberdintasun daude kontzertu arrunt bat eta jaialdi baterako emanaldi bat prestatzearen artean?

Jaialdietan denbora oso mugatuta dago, eta antolatzaileek oso zorrotz zaintzen dute hori. Beraz, prestatzeko orduan oso ezberdina da. Zuk bakarrik jotzen duzunean, jendea zu ikustera dator. Baina jaialdietan, agian, badago ezagutzen ez zaituen jendea: denbora tarte murriztu batean, duzun onena erakutsi behar duzu, entzuleen arreta pizteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.