362 etxebizitza eraikiko dituzte Basaurin, «errenten prezioak mugatzeko»

Hilaren 31n hasita, 2029ra arteko epea izanen dute eraikuntza plana burutzeko. Aurreikusten dute behin epe hori gaindituta bertze 1.114 etxebizitza eraikitzea.

Asier Iragorri eta Denis Itxaso, gaur, Basauriko etxebizitza plana aurkezten. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Asier Iragorri eta Denis Itxaso, gaur, Basauriko etxebizitza plana aurkezten. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko uztailaren 20a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alokairuen eta salerosketen prezioen igoerarengatik eta etxebizitza ordaintzeko gehiegizko gastuarengatik; nagusiki horregatik izendatu dute Basauri (Bizkaia) tentsio handiko eremu. Eta, orain, plan bat aurkeztu dute arazo horiei konponbidea bilatzeko: 362 etxebizitza eta 42 apartamentu eraikiko dituzte. Hilaren 31n abiatuko da eraikuntza plana, eta 2029ra arteko epea izanen dute lanak bukatzeko. Etxebizitzen %73 babes ofizialekoak izanen dira, eta, apartamentuak zerbitzudunak izanen dira.

Hiru urteko epea jarri diote planari, baina egitasmoa zabalagoa da, berez: bertze 1.114 etxebizitza eta hogei apartamentu egiteko lurrak eskuratu ditu Basauriko Udalak. Hala jakinarazi dute gaur Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako eta Hiri Agendako sailburuak eta Asier Iragorri Basauriko alkateak. Helburua, hartara, «eskaria babestea, errenten prezioak mugatzea eta eskaintza publikoa handitzea» izanen da.

Itxasok kontatu du udalerria tentsio handiko eremu izendatzea ez dela «helburu bat» bere hartan, baizik eta «merkatutik kanpo geratzen ari diren lekuetan jarduteko tresna bat». Alegia, eskaria babesteko eta etxebizitza eskaintza handitzeko modu bat, haren erranetan. Bide batez, alkateak esplikatu du alokairuen prezioak «mugatu» eginen direla hemendik aitzinera, eta herritarrek «alokairu merkeagoa eskuratzeko aukera» izanen dutela horrela.

Azbarren eremuan eginen dituzte etxebizitza gehienak; datozen hiru urteetan, 242 etxebizitza eta 24 apartamentu. Epe luzera begira, berriz, 416 etxebizitza egitea aurreikusten dute. Baina plana ez da eraikinak egitea bakarrik, baizik eta baita jada zutik diren horiek merkaturatzea ere. Ikerketa bat abiatuko dute horretarako, eta «zehatz-mehatz» aztertu zenbat etxebizitza dauden hutsik. Aitzineko urteetako datuen arabera, Basauriko 19.351 etxebizitzetatik 1.924 bigarren etxebizitza gisa erabiltzen dira.

Udalerrien zerrenda

Tentsio handiko eremutzat jotako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien zerrendan hemezortzigarren tokia hartu du Basaurik; Bizkaiko laugarrena da, Bilboren, Barakaldoren eta Galdakaoren gibeletik. Edonola ere, luze gabe handituko da udalerrien zerrenda hori, jada tramitatzeko bidean baitaude zenbaiten eskaerak: Sopela, Urduliz, Gorliz, Bermeo, Lekeitio, Elorrio (Bizkaia), Bergara, Deba, Oiartzun, Oñati, Orio eta Hondarribiarenak (Gipuzkoa), kasurako. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA