Bizkaiko 290 nekazaritza eta abeltzaintza ustiategitako ugazabek luze gabe hartuko dute erretiroa, eta erdiek baino gehiagok ez dute lekukoa nork hartu. Belaunaldi gazteak dira sektorearen etorkizuna, eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesa eman gura die urrats hori egitea erabaki dutenei. Gaurko gobernu kontseiluan, datorren urterako laguntza ekonomikoak onartu ditu: 70.000 eurorainokoak izango dira. Guztira 600.000 euro banatuko ditu.
Martxan dauden ustiategien kargu egingo direnek ez ezik, negozioa hutsetik hasi gura dutenek ere eskatu ahal izango dituzte. «Bizkaiko landa eremuak gazteak behar ditu, eta hasi gura dutenei erraztu egin gura diegu bidea», esan du Leixuri Arrizabalaga foru bozeramaileak. Nekazaritza eta Ingurune Naturala Sustatzeko Sailak uste du hamabi-hamalau izan daitezkeela datorren urtean sektorean hasiko diren gazteak.
Laguntzak 18 eta 40 urte arteko bizkaitarrek eskatu ahal izango dituzte, urtarrilaren 25etik otsailaren 26ra bitartean. Atzera begirako laguntzak ere badira. Izan ere, eskaera egin baino 36 hilabete lehenago ustiategi baten jabe egin direnek ere jaso ahal izango dute dirua, ezarritako betekizunak betez gero. Eskatzaile guztiek enpresa plana aurkeztu beharko dute, proiektuaren ezaugarriak zehaztuta, inbertsioak kalkulatuta eta bideragarritasuna aztertuta. Gaztenek programan ere parte hartu beharko dute, eta egiaztatu profesionalki prestatu eta trebatu direla nekazaritzan aritu ahal izateko.
Laguntzaren kopurua zehazteko, hainbat aldagai hartuko dituzte kontuan. Eskatzailea emakumea bada, aldagaiei dagozkien zenbatekoez gain, beste 5.000 euro emango dizkiote, betiere guztizkoak 70.000 euroko muga gainditzen ez badu; eta erretiroa hartu duen baten ustiategiaren kargu egingo direnei, berriz. 10.000 euro. Dirua hainbat gasturi aurre egiteko erabili ahal izango dute: abereak eta lurrak erosteko, azpiegiturak eskuratzeko eta abar. Ekoizpena ekologikoa izatea edo produktu propioa merkaturatzea ere sarituko dute.