Hurrengo udal hauteskundeetan EAJk Bilborako beste hautagai bat aukeratu zuenetik, Juan Mari Aburto alkateak guztiari ematen dio agur kutsua, eta hala egin du gaur hiriaren egoerari buruzko osoko bilkura berezian ere. Hala, gogoeta egin du, eta pentsatu zer legatu utziko duen alkatetzan hiru agintaldi egin ondoren. Oro har, ildo horretatik jarraitu dute alderdi guztiek, baina EAJk bereziki EH Bilduren jarduna auzitan jartzeko aprobetxatu du, alderdiak Bilbon egindakoari erreparatuta. HIzketan eman dituen hamabost minutuetatik asko koalizioari kontuak eskatzeko erabili ditu Asier Abaunza bozeramaile jeltzaleak: gobernatzen duten Bizkaiko udaletan gizarte bazterkeriari lotutako zerbitzuak ez bultzatzea eta etxebizitzak eraiki gura ez izatea leporatu die, besteak beste.
Uztailean iazko gizarte zerbitzuen balantzea egin zuenean botatako mezu bera errepikatu du Aburtok gaurkoan ere: «Bilbok dagokion baino gehiago egiten du». Alkatearen arabera, Bizkaian gizarte bazterketaren aurka egiten den gastuaren %81,1 hiriburuarena da, biztanleriaren %30 hartzen duen arren. Zerbitzu horietan herrialdeak dituen hamar lekutik zortzi Bilbon daude. «Desoreka bat dago baliabideei eta arretari dagokienez. Bete ditzagun nork bere eskumenak, nork bere gaitasunen arabera», esan die gainontzeko erakundeei alkateak. Eta horri lotuta egin du Abaunzak ere EH Bilduren aurkako kritiketako bat: «Gobernatzen dituzuen herrietan zenbat aterpetxe zabaldu dituzue? Zero. Inoiz ez duzue ezer egiten. Badakizue zer egin zuen Lekeitioko Udalak? Bilboko etxegabeentzako mantak bildu eta bidali. Zergatik ez dago etxegabeentzako oherik Lekeition? Lekeitiarrak haserretu ez daitezen. Oso erraza da hemen aporofobiaz berba egitea, baina gero ispiluan begiratu eta irudia desitxuratzen da».
«Badakizue zer egin zuen Lekeitioko Udalak? Bilboko etxegabeentzako mantak bildu eta bidali. Zergatik ez dago etxegabeentzako oherik Lekeition? Lekeitiarrak haserretu ez daitezen»
ASIER ABAUNZA EAJko zinegotzia
Hain zuzen, alderdi guztiek hizpide izan duten gaietako bat etxebizitzaren krisia izan da. Elkarrekin Ahal Dugu-ko zinegotzi Ana Viñalsek XX. mende bukaerako industriaren krisiarekin parekatu du, eta ohartarazi «demokraziarentzako arriskua» dela: «Eskuin muturrak ondo jakin du etxebizitzaren krisiak eta gizarte bazterketak eragin duten ezinegona aprobetxatzen». Alkateak udal etxebizitzen parkearen tamaina goraipatu du, eta Bilbo tentsio handiko eremu izendatu izana ere nabarmendu du. «Aurtengoa urte bereziki oparoa izaten ari da, hainbat urtez planifikatzen ibilitako proiektuak gauzatzen hasi garelako», esan du Aburtok. Maria del Riok erantzun dio «orain arteko errezetek» ez dutela arazoa konpondu, eta hurrengo pausoak adosteko deia egin dio: «Handitu dezagun parke publikoa, mobilizatu ditzagun etxebizitza hutsak, eta ez gaitezen ibili alde batetik kanonarekin pausoak ematen eta bestetik, berriz, errekargua igotzen baina ez asko igotzen».

Eta horri lotuta etorri da Abaunzak EH Bilduri egindako beste kritiketako bat. Bozeramaile jeltzaleak koalizioari egotzi dio EAEko Lurralde Antolaketarako Zuzenbideak negoziatu zirenean etxebizitza berriak eraikitzearen kontra egon izana: «Orain etxe gehiago eskatzen ari direnek etxebizitza hutsekin nahikoa zela esaten zuten orduan. Are gehiago: eraiki beharreko gutxieneko kopururik ez jartzea eskatzen zuten, gobernatzen dauden udalerrietan ez dutelako eraiki gura. Antza denez, ez dute gura errolda aldatzerik, hauteskundeetako emaitzetan aldaketarik egon ez dadin».
PPko Esther Martinezen ustez, udalak etxebizitza arloan bultzatu dituen politikak «kaltegarriak» dira, «prezioak garestitu» dituztelako. Azaldu duenez, 2024an babes ofizialeko 224 etxe eraikitzen hasi ziren, eta 292 bukatu zituzten; iaz, 131 eraikitzen hasi ziren, eta ez zuten bakar bat ere bukatu. «Etxebiden 32.000 bilbotar daude izena emanda. Martxa honetan, noizko aseko dituzue herritar horien beharrak?». PPko zinegotziaren esanetan, etxe berrien prezioa %27,5 garestitu da urtebetean, eta %19,5 bigarren eskukoena. «Zuen politiken emaitzak arrakastatsuak direla diozue?», egin die galdera. Baina ez soilik udal gobernuari: oposizioko beste alderdiak ere egin ditu erantzule, neurri horien atzean «PPk ez beste guztiek» babesten duten Espainiako Gobernua dagoelako, Martinezen esanetan.
Azken urteetan legez, segurtasunak ere izan du tartea bilkuran. Aburtok esan du Bilbok dituen arazo larrienetako bat dela, baina bereziki PPko zinegotziaren berbaldian aipatu da gehien. Joan den barikuan sakelakoan jasotako mezu bat irakurri du, Bilboko San Frantzisko kalean bizi den andre batek bidalitakoa. «Auzotik noa, hemeretzi urteren ondoren. Etxea salgai ipini dut. Etengabeko alarma egoerak eta segurtasun faltak bultzatu naute, eta baita dena suntsitzen ari dela ikusteak ere», irakurri du Martinezek. Udal gobernuari leporatu dio urte eta erdiren ondoren udaltzaingoak arduradun barik jarraitzen duela. Alkateak, ostera, kontrako mezua azpimarratu gura izan du. Esan du delituek behera egin dutela, eta Poliziaren eraginkortasunak, gora.
Igogailuen alkatea
Alkatetzan egindako hiru agintaldien ondoren zer legatu utziko duen azaldu gura izan die Aburtok, eta udan eskaini dituen elkarrizketa guztietan kontatu duen anekdota batekin laburtu du. Norbaitek galdetu ei zion ea igogailuen alkate modura gogoratzea gura duen. «Nik barre egin nuen, eta zuzendu ditudan gobernu taldeen esfortzuak nituen gogoan. Argi dut hartu ditugun erabakien bidez hiri eta gizarte kohesioa lortzea izan dugula helburu; pertsonak erdigunean jarri ditugula eta haien bizitza hobetzea lehenetsi dugula». Aburto agintera heldu zenean, hogei igogailu zeuden Bilbon, eta orain 84 daude; 90 daudela utziko du alkatetza.
PSE-EErekin egindako hiru gobernu itunak balioetsi ditu, eta baita oposizioko alderdiekin lortutako akordioak ere. 2018ko urritik 2026ko ekainera, oposizioak 903 proposamen eroan ditu osoko bilkuretara, alkateak emandako datuen arabera; horietatik 741 adostu eta onartu egin dituzte. Hiri itunak egin dituztela ere azpimarratu du; besteak beste, segurtasunari lotutakoa eta COVID-19aren pandemiaren ondorioei aurre egitekoak.

EH Bilduk, ostera, auzitan ipini du udal gobernuaren akordiorako joera hori: «Gure proposamenak ukatu egin dira, edo aitzakia merkeak ipini dira; esaterako, tasak eta aurrekontuak negoziatzeko orduan, 741 horietatik zenbat izan dira hiri akordioak?». Hala ere, Del Rioren esanetan, koalizioa «saiatu da zirrikituak bilatzen», eta urteotan adostutakoa balioetsi du, etxebizitza politiketan, gizarte politiketan eta mugikortasunean, berbarako. Abaunzak Del Riori erantzun dio udal gobernuarentzat «guztiak» direla hiri akordioak, «txiki zein handi». Eta jeltzaleak agintean dauden gainontzeko udalerrietan ere negoziatzeko borondate hori erakusteko eskatu dio koalizioari: «Nire alderdikideek gura lukete zureak berba egiteko prest egotea».
«Gure proposamenak ukatu egin dira, edo aitzakia merkeak ipini dira; esaterako, tasak eta aurrekontuak negoziatzeko orduan, 741 horietatik zenbat izan dira hiri akordioak?»
MARIA DEL RIO EH Bilduko zinegotzia
Oposizioak norabide aldaketa eskatu duen arren, oro har tonu adeitsua izan du bilkurak. Elkarrekin Ahal Dugu-ko Viñalsek, berbarako, «estimua» agertu dio Aburtori. «Onartzen dut batzuetan gogorregiak izan garela zurekin, baina begirunea izan dizugu beti», esan dio. Barkamena eskatu die bilbotarrei urteotan «erratu» diren aldiengatik. Aburtok autokritika hori goraipatu dio Viñalsi: «Oposizioko bozeramaileen artean bakarra izan zara». PSE-EEko Nora Abetek adostasuna eta akordioa balioetsi ditu, eta sozialisten esku dauden sailetan egindakoa errepasatu du, gobernukideei baino gehiago Espainiako Gobernuari eta Pedro Sanchez presidenteari elkarlana eskertuta.
Oraindik osoko bilkura asko geratzen zaizkio alkateari, baina deigarria izan da Abaunzak ere ez duela aparteko berbarik esan hura agurtzeko, Aburtoren berbaldiak kutsu hori izan duen arren. Ostera, etorkizunera begira jarri da bozeramaile jeltzalea. Iturri zaharretik irteten den ur berriaz egin du berba, eta, norbaitek zalantzarik izatekotan, iturria EAJ dela argitu du: «Herriak hala gura badu, iturri zahar honek jarraituko du ur berria ematen eta gure herritarren egarria asetzen». Entzuleen artean EAJko BBBko presidente Iñigo Ansola egon da, eta, bilkura bukatu bezain laster, Aburtorengana joan da eskua ematera.