Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko (EHMDZ) hirugarren proba jokatu zen larunbat arratsaldean Durangon, Mugarra triatloi taldeak antolatuta. Mendebaldetik hedatu ziren ekaitzak lehertu aurretik bukatu zen duatloia, eta partaideak zirkuitu lehorrean eta eguraldi onarekin lehiatu ziren Durangon. Guztira 123 partaide izan ziren: 53 bakarkako proban, horietatik bost neska, eta 70 errelebokako proban, 5 bikote misto tartean. Aurten ibilbidea aldatu egin dute antolatzaileek. Neurriak hauexek izan dira: lehenbizi, 9 kilometro mendian korrika (320 m+), eta, ondoren, 18,5 km mendiko bizikletan (700 m+).
Emakumezkoetan, 2026ko zirkuituan lehen aldiz lehiatu zen Ainhoa Markinez idiazabaldarra (Gipuzkoa) eta oso nagusi izan zen Durangoko zirkuituan. Iaz ere Markinez bera gailendu zen Durangon. Hala korrika nola bizikletan, Lea La Blanca taldeko triatloilaria izan zen onena, eta bi ordu eta laurden pasatxoko saioa eginda helmugaratu zen (2.16.02). Bigarren Jone Gomez izan zen (2.24.20) eta hirugarren, Izarne Maioz (2.27.51).
Gizonezkoetan, Alexander Ordeñana usansolotarra (Bizkaia) izan zen garaile, mendiko bizikletako saio bikainari esker. Korrika, Iñigo Pradera izan zen azkarrena, eta Ordeñana seigarren iritsi zen trantsiziora, baina bi gurpilen gainean azkar baino azkarrago aritu zen, eta lehen postuan helmugaratu zen azkenean. Bigarren, Aitor San Sebastian zizurkildarra (Gipuzkoa) izan zen, bi saioetan ohi duen erregulartasunez arituta, eta hirugarren Eneko Gurrutxaga amasarra (Gipuzkoa) izan zen.

Erreleboka, Antton Belaustegi eta Jon Munitxa izan ziren garaile, Unai Altuna eta Haritz Artano bigarren eta Gorka Arrizabalaga eta Mikel Arroitaonandia hirugarren. Errelebo mistoetan, Naroa Odiaga eta Unai Moran gailendu ziren, Uxue Barrutia eta Markel Ortuondo izan ziren bigarren eta Paule Miota eta Ander Ruiz hirugarren.
Durangoko sailkapen guztiak Triatloi Federazioaren esteka honetan.
Arratsaldeko probaren aurretik, goizean, umeen duatloia, duatloi inklusiboa eta duatloi herrikoia izan ziren Durangon, eta horietan ere 125 partaide izan ziren.
Mugarra triatloi taldeko kideak pozik agertu dira aurtengo ekitaldiaren martxarekin. Hala adierazi du Jon Rodriguez ordezkariak: «Laugarren urtea genuen, eta helburuak bete ditugu. Izen emateak aurreikusitako moduan joan dira, eta ehundik gora partaide izan dira azkenean. Partaideak ere oso pozik sumatu ditugu ibilbidearekin, eta, beraz, gu ere gustura geratu gara».
Maioz eta San Sebastian lider
Asteasu, Zarautz eta Durangoko lehen hiru proben ondoren, emakumezkoetan, Izarne Maioz da, behin-behinean, lehen postuan, 56 punturekin, Maite Murgia da bigarren, 54 punturekin, eta Magali Albisu —Asteasuko irabazlea— eta Ainhoa Markinez —Durangoko probaren garailea— hirugarrenak, biak 25 punturekin.
Gizonezkoetan, Aitor San Sebastian da behin-behineko liderra, 61 punturekin; Eneko Gurrutxaga bigarren, 54 punturekin, eta Alexander Ordeñana hirugarren, 41 punturekin.
Hurrengo proba Kanpezun (Araba) izango da, urriaren 17an. Izen emateak zabalik dira.