Ainhoa Marquinez eta Paul Bereziartua garaile Durangoko mendi duatloian

Guztira 133 partaide lehiatu ziren. Bereziartua eta Josu Urrestarazu nor baino nor aritu ziren amaierara arte. Erreleboka, Jon Aldalur eta Andoni Egiguren izan ziren irabazle. Euskadiko mendi duatloi txapelketa ere izan zen Durangokoa.

Paul Bereziartua eta Josu Urrestarazu
Paul Bereziartua eta Josu Urrestarazu nor baino nor aritu ziren Durangoko proban. ANBOTO KOMUNIKABIDEAK
ramon olasagasti
2025eko urriaren 7a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko bigarren proba jokatu zuten aurreko larunbat arratsaldean Durangon, Mugarra triatloi taldeak antolatuta. Asteasun egin zuten lehen proba, eta, han ibilbidea nahiko lehor izan bazuten ere, Durangon ez zen hala iza. Urte garai honetan eta mendi duatloi zirkuituan ohikoa den moduan, lokatza dezente izan zuten partaideek. Hiru saioko zirkuitua prestatu zuten Mugarrakoek: 3,5 kilometro korrika, 10 kilometro bizikletan, eta, bukatzeko, beste 3 kilometro korrika. Durangoko mendi duatloian parte hartzaile ugari bildu ziren larunbatean, eta orain arteko partaidetzarik handiena izan zuen: guztira 133 duatloilari banakako eta errelebokako probak kontuan hartuta.

Ainhoa Marquinez idiazabaldarra (Gipuzkoa) eta Paul Bereziartua durangarra (Bizkaia), herriko semea, izan ziren garaile Durangoko lasterketan.

Asteasuko irabazleetako bat, Maddi Olaetxea usurbildarra (Gipuzkoa), mendiko bizikletako Tierra Estella Epic proban atera zen larunbatean, eta, beraz, ez zen Durangon izan. Asteasuko lehen proban bezala, Ainhoa Marquinez sendo aritu zen, eta 1.17.14ko denborarekin helmugaratu zen lehen postuan. Nekane Pradera mallabitarra (Bizkaia) izan zen bigarren, eta Maite Murgia lazkaotarra (Gipuzkoa) hirugarren.

Gizonezkoetan, Paul Bereziartua gailendu zen hirugarrenez; Mugarra triatloi taldeko kidea garaile izan da Durangon orain arte jokatu diren hiru mendi duatloietan. Etxe inguruko bideak ondo ezagutzea beti da abantaila. Izan ere, Bereziartua eta Josu Urrestarazu idiazabaldarra —Asteasuko irabazlea— norgehiagoka estuan ibili ziren Durangon, ia azkenera arte. Bereziartuak mendi bizikletako azken jaitsieran arriskatu egin zuen eta tartetxo bat hartu. Gero, korrikako azken saioan ondo kudeatu zuen abantaila, eta minutu erdi inguruko aldearekin gurutzatu zuen helmuga. Josu Urrestarazu izan zen bigarren, eta Xabier Agirre, hau ere idiazabaldarra, hirugarren.

Durangoko mendi duatloia
Banaka nahiz erreleboka emakumezkoen partaidetza nabarmen handiagoa izan zen Durangon. ZABALA

Erreleboka, Jon Aldalur eta Andoni Egiguren izan ziren irabazle (58.13.), Ioritz Imaz eta Xabier Sanchez bigarren (59.09) Aitor eta Adei Zuriarrain hirugarren (59.09).

Triatloi federazioak antolatutako Euskadiko mendi duatloi txapelketa ere izan zen Durangokoa.

Durangoko banakako sailkapenak hemen.
Errelebokako sailkapenak hemen.

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko hirugarren proba larunbat honetan jokatuko dute Idiazabalen. Izen emateak irekita daude oraindik, asteazkenera arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.