«Ni autonomoa naiz, eta badakit zelako zailtasunak ditudan», esan du Ainoa Zabalak. Igorren du tresna elektrikoen denda bat, eta Arratiako beste saltzaile batzuekin elkarte berria sortu dute: Bizkaiko Emakumeen Landa Market Berritzeko Elkartea. Bihar, eskulangileen azoka berezi bat egingo dute Diman, elkartea ezagutzera eman eta beste sortzaile batzuk erakartzeko. «Eskulangile asko autonomoetan alta emanda daude, zergak ordaintzen dituzte eta abar. Baina badaude beste batzuk ezin dutenak, ez direlako legezko gutxieneko diru sarreretara ailegatzen, hasi berriak direlako edo dena delakoagatik, eta laguntza behar dute ezagutzera emateko». Bigarren horiei babesa eskaintzea da, batez ere, elkarte berriaren helburua.
Arratia, Erandio, Zornotza... Bizkaiko hainbat lekutako eskulangileek eman dute izena. Baita herrialdetik kanpoko batzuek ere; adibidez, Iruñeko eta Hernaniko sortzaile bana izango dira Diman. 30etik gora izango dira. Denak emakumeak dira, Zabalaren esanetan, zailtasun gehiago dituztelako ikusgaitasun aldetik. Hori da eskaintzen dietena, eta trukean ez diete ezer eskatzen. «Azoka askotan ordaindu egin behar izaten da parte hartzeko. Gurean, ez. Eta saltokia jartzeko mahairik ez duena ere datorrela lasai, guk utziko diogu eta».
Zabalak nabarmendu duenez, autonomoetan alta eman barik dauden ekoizleek kritikak jasotzen dituzte beste saltzaile batzuen aldetik. «Diru beltzean dabiltzala eta iruzurra egiten dutela esaten diete. Baina ez da egia; ez da haien errua. Hasten zarenean oso zaila da saltzea. Nahi dute autonomoetan izena eman, baina ezin dute». Dioenez, kritika ez, babesa behar dute. Eta hori falta izaten dute. Izan ere, autonomo ez direnez, ezin dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ekintzaileentzako banatzen dituzten laguntzak eskatu. Azoka batzuetan ere ezin izaten dute parte hartu.
Elkartea abendutik dabil beharrean, eta biharkoa da egingo duten lehen ekitaldia. Egun osoko jaia antolatu dute. Azoka ez ezik, emakumeen herri kirolak, umeentzako jolasak eta kontzertuak ere egongo dira Diman. Aurretik, ekintzailetza ikastaro batzuk ere eskaini dituzte asteon. Zabalak iragarri duenez, elkartearen asmoa da urtero horrelako hiruzpalau egun antolatzea, aldiro Bizkaiko herri batean.