«Animaliekiko errespetua» sustatzen duen hiri bihurtu nahi dute Leioa

Zientzia, kultura eta gizarte arloko hainbat herritarrek manifestu bat argitaratu dute; gaurtik aurrera, gura duen edonork babes dezake. Uztailaren 23ko osoko bilkuran Leioako Udalbatzak asto proben aurkako herri ekimena bozkatuko du.

Manifestuaren aurkezpena, gaur, Leioan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Manifestuaren aurkezpena, gaur, Leioan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Leioa
2026ko uztailaren 14a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Leioak 500 urte beteko dituen honetan, datozen 500 urteetarako tradizio berri bat sortu gura dute hainbat herritarrek: «animaliekiko errespetua» sustatzen duen hiria izatea. Aurretik ere sinadura bilketak egin dituzte jaietan animalien erabilera debekatzeko, eta, horietako bati esker, uztailaren 23ko osoko bilkuran herri ekimen bat eztabaidatuko dute. «Leioako Udalari eskatzen diogu ez ditzala albo batera utzi asto probetan astoek jasaten duten sufrimenduaren ebidentzia zientifikoak, eta aukera hau balia dezala Leioa etikoago eta modernoago baterantz aurrera egiteko», irakurri du Joseba Ibarretxe Leioako pentsiodunak. Animaliekiko errespetua bultzatu nahi duen manifestua aurkeztu dute gaur, eta Ibarretxe izan da babesleetako bat; Maria Larruzea albaitari leioaztarrarekin batera leitu du. Oraingoz, zientzia, kultura eta gizarte mailako 180 lagunek sinatu dute; aurrerantzean, gura duen edonork egin dezake bat.

San Bartolome auzoko jaiak dira gatazkaren abiapuntua. Urtero, abuztu bukaeran, asto probak antolatzen ditu jai batzordeak. Iaz, animaliok jasaten zuten tratuaren inguruko azterlan bat egin zuen Teresa Gamonal albaitari eta etologoak. Besteak beste, ondorioztatu zuen mundu osoan ez dagoela halako esfortzua hainbeste denboraz eskatzen duen beste jarduerarik. Laurehun kilo inguruko asto batek zazpiehun kiloko harria mugitu behar du arrastaka hogei minutu luzez. Horrek muskuluetako eta bihotz hodietako estres izugarria sortzen dio astoari, Gamonalen esanetan.

Larruzeak kontatu duenez, 1950eko urteetan hasi ziren astro probak antolatzen Leioan. Garai hartako testuingurua zein den azaldu du: «Emakumeek ezin zuten kontu korronterik zabaldu bere senarraren edo aitaren baimenik gabe. Homosexualei jazartzen zieten, Alferren eta Gaizkileen Legea aplikatuta. Euskara debekatuta zegoen, euskal kulturaren adierazpen gehienak bezala. Zorionez, aurten 500 urte betetzen dituen hiri unibertsitario honek zerikusi gutxi dauka lehenengo asto probak antolatu zituenarekin». Urte askotako borroken ondorioz lortutako aldaketak animalien esparrura ailegatzea gura dute.

Leioako asto probak, artxiboko irudi batean. BERRIA
Leioako asto probak, artxiboko irudi batean. BERRIA

Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformako Ruben Belandiak ere parte hartu du manifestuaren aurkezpenean. Esan du ez dakitela aurtengo San Bartolome jaietan asto probarik egongo den, baina susmoa du hala izango dela. «Jai batzordea oso gogor aritu da asto proben alde. Lotura zuzenak ditu astoen jabeekin. Jaietako aurrekontuaren zati handi bat astro probetako sariak ordaintzeko erabiltzen du. Umeentzako ekitaldietarako baino diru gehiago jartzen du horretarako». Horregatik, Belandiak uste du konponbide bakarra dela erakunde publikoek oztopoak jartzea. Hain zuzen, udalbatzak 23an eztabaidatu eta bozkatuko duen herri ekimenak udalari eskatzen dio ez ditzala asto probak diruz lagundu eta ez diezaiela baimenik eman gune edota eraikin publikoetan halakoak egiteko.

Belandiak azaldu du osoko bilkurara arte geratzen diren egunetan udalean ordezkaritza duten talde politikoekin biltzeko prest daudela, haien aldarrikapenak bertatik bertara azaltzeko. Oraingoz talde birekin elkartu dira, eta ez dakite bozketan zer gerta daitekeen. Baina ez lukete ulertuko haien eskaerei ezetz esatea. «Ez litzateke logikoa: duela urtebete Santurtzin gurearen moduko mozio bat onartu zuen aho batez udalbatzak, hiri hartako EAJk, Elkarrekin Ahal Duguk eta EH Bilduk aurkeztuta. Leioan zergatik ez?».

Lege urraketak

Beste erakundeen «arduragabekeria» ere salatu du Belandiak. Asto probak legezkoak dira: EAEko Animalien Ongizaterako Legeak animaliekin jarduerak egitea debekatzen du, baina araudi berezi batek babesten dituen kasuak baimentzen ditu, eta hori gertatzen da idi eta asto proben kasuan: Herri Kirolen Federazioak egina du araudi hori. Baina, Belandiaren esanetan, 2025ean idatzitako araudi horrek ez ditu 2022ko EAEko Kirol Legeak ezarritako baldintzak betetzen.

Izan ere, lege horren artikulu batek animaliak erabilita egiten diren kirol probak arautzen ditu, eta baldintza bi jartzen ditu: animaliek lehiatzen dituzten probetan albaitari batek egon behar duela eta animaliei antzeko probetan gizakiei ematen zaien tratu bera eman behar zaiela. «Giza probetako partaideak inork ez ditu jotzen, inork ez ditu sastatzen eta inork ez die mehatxurik egiten entrenamenduetan», ohartarazi du Belandiak. Eusko Jaurlaritzak Kirol Legea betetzen den ala ez egiaztatzeko betebeharra du, baina, plataformako kidearen esanetan, ez du halakorik egiten. Salatu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak ere halako probak egitea baimentzen du albaitaririk ez dagoenean ere. «Federazioak izendatutako epaile bat egoten da, eta haiek inoiz ez dute tratu txarrik ikusten». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA