Leioako Udalak asto probak galarazteko eskea aztertu beharko du osoko bilkuran

Falta zituen sinadurak aurkeztu ditu Animaliekiko Tratu Txarrik Ez taldeak. Animalistek berretsi dute horrelako ikuskizunetan animaliek sufritu egiten dutela, eta udalak baduela horiek galarazteko ahalmena.

Asto probak Leioan. ANIMALIEKIKO TRATU TXARRIK EZ TALDEAK UTZITAKO ARGAZKIA.
Asto probak Leioan. ANIMALIEKIKO TRATU TXARRIK EZ TALDEAK UTZITAKO ARGAZKIA.
gotzon hermosilla
2026ko ekainaren 23a
11:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste 442 sinadura behar zituzten, eta 715 lortu dituzte. Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez taldeak (Bizkaia) gaur aurkeztu ditu udaletxean azken hilabete honetan bildutako sinadurak, jaietan asto probak galarazteko ekinbidea babesteko. Honenbestez, Leioako Udalak bide eman beharko dio eskaerari, eta, sinadurak ekainaren 30a baino lehen aurkeztu dituztenez, litekeena da gaia uztailean egitekoa den osoko bilkuran aztertzea. Asto probak San Bartolome auzoko jaietan egitekoak dira, abuztuaren 20tik 24ra, eta, beraz, uztailekoa izango da jaiak ospatu aurreko azken osoko bilkura.

Eskaerari bide emateko, Leioako adin nagusiko herritarren %10en sinadurak batu behar zituen Animaliekiko Tratu Txarrik Ez taldeak; 2.753 sinadura, orotara. Sinadurak biltzeari ekin zion taldeak, eta 3.115 aurkeztu zituen, baina horietatik 683 baliogabetu zituen, errepikatuta zeudelako edo Leioan erroldatuta ez zeuden herritarrenak zirelako.

Beraz, 442 sinadura falta zituzten eskatutako kopurura iristeko. Horiek batu ahal izateko kanpaina berezia egin dute ekainean, eta, azkenean, 715 lortu dituzte, hau da, behar zituztenak baino 273 gehiago. Den-denak aurkeztu dituzte gaur udaletxean.

Hasieran, bildutako sinadura guztiak notario batek balioesteko eta, hortaz, Animaliekiko Tratu Txarrik Ez taldeak 15.000 euro inguru ordaintzeko eskatzen zuen udalak, baina, maiatzean, taldeko kideek eta udal ordezkariek egindako bilera batean, baztertu egin zuten betekizun hori. Beraz, orain aurkeztutako sinadurak udalak balioetsi ondoren, pentsatzekoa da eskaerari bide emango diotela eta hurrengo osoko bilkuran aztertuko dutela.

Leioak 500 urte

Animaliekiko Tratu Txarrik Ez taldeak berretsi egin ditu orain arte emandako argudioak. Haien ustez, asto probak galarazi egin behar dira, animaliei alferrikako sufrimendua ekartzen dietelako, eta uste dute udala badela nor horrelako probei bidea ixteko: «Lehenengo baimena Bizkaiko Foru Aldundiak ematen du, baina behin betiko oniritzia udalarena da, esparru publikoa erabiltzeko baimena ematen baitie. Gainera, udalak ia 20.000 euroko diru laguntza ematen du San Bartolome auzoko jaietarako, eta, nahi izanez gero, animaliekin probarik ez egitea sar lezake diru laguntza horietarako baldintzen artean».

Aurten 500 urte beteko dira Leioa Erandiotik banatu eta udalerri bilakatu zenetik. Animaliekiko Tratu Txarrik Ez taldeak uste du hori «aukera ezin hobea» dela «hiri moderno bateranzko aurrerapausoa eman eta denok harro sentitzeko moduko herria lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA