Nasapuntako bertikalak ikusmin handia sortu izan du beti Algortako (Getxo, Bizkaia) Portu Zaharreko jaietan: kuadrilletako kideak zutoin batera igotzen saiatzen dira, bata bestearen gainean jarrita, beste hainbatek hondartzatxoan askatutako bigantxak xaxatzen dituzten bitartean. «Sokamuturrak hiru ordu baino gehiago irauten du, eta 50 kuadrillak baino gehiagok hartzen dute parte», adierazi du Sokamuturra Ez taldeak. Besteak beste, kuadrillei eskatu diete «aurrerapausoa» eman eta proba horretan ez parte hartzeko. Eskaerak, ordea, ez du arrakastarik izan.
Animaliei tratu txarrik ez zioten bi pankarten atzean batu dira hainbat herritar, gaur goizean, Algortako Portu Zaharrean. Jaiak dira bertan, eta animalistek adierazi dute orduantxe egiten ari ziren sokamuturraren —nasapuntako bertikala— aurka daudela. Batetik, Sokamuturra Ez taldeak herritarrei eskatu die bigantxa ikuskizun horretara ez joateko eta, haren ordez, animalien sufrimendurik gabeko ekitaldiak aukeratzeko. Eskaerak eskaera, ehunka lagun zeuden nasapuntakoa ikusten.
Baina, ikuskizun jakin bat arbuiatzeaz gainera, animalistek hausnarketa eragin nahi dute «ospakizun bidezkoagoak, inklusiboagoak eta errespetuzkoagoak eraikitzeko aukeraz». Nerea Landa Sokamuturra Ez taldeko bozeramaileak adierazi duenez, «jai hobeak imajinatzea proposatu nahi dugu, non dibertimendua ez dagoen animalien sufrimenduaren mende».
«Getxoko Udalak ezin du herritarren parte hartzea aitzakiatzat erabili sufrimenduan oinarritutako jarduera bat iraunarazteko. Sokamuturra ez da kultura, negozioa baizik»
NEREA LANDA Sokamuturra Ez taldeko bozeramalea
Bereziki, aita-amei eskatu diete seme-alabak sokamuturrera ez eramateko —adingabeak, oro har—, eta animaliei beldurrik, estresik eta sufrimendurik sortzen ez dieten jardueretan parte hartzeko. «Jaiek ere balioak transmititzen dituzte. Horregatik eskatzen diegu agintariei adingabeentzat ezegokitzat jotzeko animalien aurkako indarkeriaz baliatzen diren ikuskizunak, eta familiei, berriz, seme-alabak animalien beldurra ikustera ez eramateko», esplikatu du Landak. Hala ere, adingabeko ugari zeuden bigantxak ikusten.
«Intsumisio urrats bat»
Jaietan parte hartzen duten kuadrillei ere mezu bat helarazi die Sokamuturra Ez taldeak: «intsumisio urrats bat» emateko eta sokamuturrean ez parte hartzeko eskatu die, nahiz eta jai batzordearen erregelamenduak punturik gabe zigortu proban parte hartzen ez dutenak. Baina, ez dute arrakastarik izan. Animalistek aitortu dute kuadrillentzat ez dela erabaki erraza. «Erantzukizun guztia ezin da gazteengan utzi: jai etikoak, inklusiboak eta animalien sufrimendurik gabeak sustatu behar ditu Getxoko Udalak», adierazi du Landak.
Sokamuturra Ez taldeko bozeramailearen arabera, udalak zera argudiatu du: «Herritarrek parte hartzen duten bitartean, zaila izango dela sokamuturra kentzea». Animalisten ustez, ordea, argudio horrek ez du salbuesten udala bere erantzukizunetik. «Portu Zaharrean urteak dira ahate biziak erabiltzeari utzi ziotela, eta gaur egun gomazko ahateak erabiltzen dira haurrentzako proba batean», azpimarratu dute.

«Herritarren parte hartzea ezin da aitzakiatzat hartu sufrimenduan oinarritutako jarduera bat iraunarazteko. Sokamuturra ez da kultura, negozioa baizik», kritikatu du Landak, eta Lekeitioko (Bizkaia) antzara jarri dute adibide gisa.
Testuinguru horretan, Sokamuturra Ez taldeak gogorarazi du Getxo Kultura udal erakundeak kudeatzen dituela jai batzordeentzako diru laguntzak. Horiek jasotzeko ezarritako betekizunen artean, animaliei tratu txarrik ez ematea dago; eta, animalisten ustez, «baldintza hori ez du eskatzen benetan».
Taldeko bozeramaileak azaldu du jai batzordearekin hitz egiten saiatu direla, Algortako Portu Zaharreko sokamuturra ordezkatzeko asmoz. Harreman horiek, ordea, ez dute emaitzarik izan orain arte.
Atxikimenduak
Euskal Herriko eta Espainiako talde animalista eta zezenketen aurkako elkarte askok atxikimendua eman diote gaurko mobilizazioari, Sokamuturra Ez taldeak esan duenez. Dena dela, ez du argitu zeintzuek eman dioten. «Atxikimendu sare horrek erakutsi du animaliarik gabeko jaien eskaerak gainditu egin duela Getxoko eremua, eta gero eta ugariagoa den gizarte mugimendu baten parte dela», azpimarratu dute.
Sokamuturra Ez kolektiboak herritarrak deitu ditu abuztuaren 24an egingo den kontzentrazioan parte hartzera:Â 18:30ean izango da, Leioako (Bizkaia) San Bartolome baselizaren atzealdean, egun horretan egingo diren asto probak gaitzesteko.