Athleticeko bi talde nagusiak eskas aritu ziren azken denboraldian. Ernesto Valverdek zuzendutakoak nahi eta ezin aritu ziren, eta sufritu egin zuten. Ligan, partiden erdiak galdu zituzten zuri-gorriek, eta Europatik kanpo geratu ziren. Eta Javi Lergaren aginduetara aritu zirenek ere uste baino askoz apalago jardun zuten. Bada, besteak beste, eragina izan zuen horrek atzo egindako Bazkideen Ohiko Batzarrean. Bazkideek Jon Uriarte presidentea buru duen zuzendaritzaren kudeaketa babestu zuten, baina zuzendaritzak nabarmen galdu du bazkideen konfiantza: iaz %79ren babesa jaso zuen zuzendaritzak, eta aurten %58rena. Hain zuzen, 329k bozkatu zuten alde, 210ek kontra, eta hirurogei abstenitu ziren. Hainbatek zalantzan jarri zuten San Mameseko negozio eredua, eta giro petrala egon zen batzarrean.
Presidenteak azken urteetan Athleticek kirol arloan lortutakoak zerrendatu zituen, baina gero onartu zuen azken denboraldia «etsigarria» izan zela. Gizonezkoetan, taldeak hobeto aritzeko maila zuela azpimarratu zuen, eta adierazi emakumezkoetan ez zituztela espektatibak bete. Hitza hartutako bazkideek Uriarteren zenbait erabaki kritikatu zituzten.
Halaber, askoz babes handiagoa jaso zuen joan den denboraldiko diru kontuen balantzean eta 2026-2027rako aurrekontuetan. 192,9 milioi euroko diru sarrerak izan zituen iaz klubak, inoizko handienak, eta guztira 20,6 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen. Txapeldunen Ligako jarduna funtsezkoa izan zen horretarako. 421 bazkidek eman zuten aldeko botoa, 98k kontrakoa, eta 11 abstenitu ziren. Hau da, %79k babestu zuten. Guillermo Ruiz-Longarte diruzainak esan zuen kluba indartsu dagoela arlo ekonomikoan.
2026-2027ko denboraldirako aurrekontua ere arazorik gabe onartu zuten. Zuzendaritzak 152,6 milioi euroko aurrekontua aurkeztu zien bazkide konpromisarioei, eta %71k babestu zuten. 531k eman zuten aldeko botoa, 133k kontrakoa, eta 19 abstenitu ziren. Zuri-gorriak ez dira Europan ariko, eta horrek eragin handia du aurrekontuan. Izan ere, txapelketetan lortutako diru sarrerak eta emankizun eskubideak nabarmen murriztuko zaizkio. Kuotei dagokienez, %2,14ko igoera proposatu zuen zuzendaritzak.