Baso suteen sasoia hasi berri, Bizkaiko Diputazioak ardura eskatu die herritarrei

Aldundiko Baso Suteetako Larrialdi Planeko beharginek entrenamendua egin dute gaur Zallan. Herrialdean 22 sute piztu dira dagoeneko.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Arantza Atutxa Ingurune Naturaleko eta Nekazaritzako diputatua, Infobiko arduradunekin, gaur, Zallan. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Arantza Atutxa Ingurune Naturaleko eta Nekazaritzako diputatua, Infobiko arduradunekin, gaur, Zallan. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
Zalla
2026ko urriaren 9a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Sua tontor horretatik dator honantz. Indartsuegia da aurre egin ahal izateko; beraz, inguru hau kontrolpean erreko dugu, hona ailegatzean indarra gal dezan», azaldu du Aitor Omar Bizkaiko Foru Aldundiko Baso Zerbitzuko zuzendariak. Lau behargineko taldea ilaran ipini, eta lubaki estu eta azal bat egiten hasi dira. Hura izango da defentsa lerroaren muga. Zerrenda hartatik suterantz sastrakak kentzen ari dira beste batzuk, sasiak mozteko makinekin, eta sastrakak mozteko robot bat ere lanean dabil. Ondoren, su kontrolatua piztuko dute. Baina muinoan ez dago surik. 

Infobi Bizkaiko Baso Suteetako Larrialdi Planeko beharginak herrialdeko leku batera joaten dira barikuan astero, hiru bat orduko entrenamenduak egitera. Baso Zerbitzuko, Basalaneko eta diputazioko Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko seiehun profesional inguruk osatzen dute Infobi, eta txandaka egiten dituzte halako saioak. Gaur Zalla eta Gordexola artean ibili dira hamabost behargin. Omarrek nabarmendu du gaur egiten ibili diren ariketan ez direla ohikoenak izaten; gehienetan, suari zuzenean zelan eraso egin praktikatzen dute. Airetik ura botatzen zien helikoptero baten laguntza ere izan dute. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia eta Arantza Atutxa Ingurune Naturaleko eta Nekazaritzako diputatua bisitan joan zaizkie. «Norbanakoen ardura ere bada suteak prebenitzea, eta erantzukizunez jokatzeko eskatzen diegu bizkaitarrei. Edozelan ere, Infobi prest dago suteak pizten direnerako», esan du Etxanobek. 

Omarrek azaldu duenez, Bizkaian baso sute gutxi egoten dira, eta ez dira oso handiak izaten. 2000ko urteetan, berrehun sutetik gora sortzen ziren urteko, eta 500 eta 600 hektarea artean erretzen zituzten. Hamarkada honetan, batez beste, 25 sute izan dituzte urtean, eta ehun hektarea erre dituzte. Baso Zerbitzuko buruak alderaketa egin du eremu eta baldintza antzekoak dituen lurralde mugakide batekin: Bizkaian, orain arte 22 sute itzali behar izan dituzte aurten; Kantabrian, zazpiehundik gora. «Haien eta gure arteko ezberdintasun nabarmenena basoen kudeaketan dago: guk eredu iraunkorra dugu». 

infobik baso entrenamenduak egiten jarraitzen du eta simulakro bat egin du zallan 00
Bizkaiko Baso Suteetako Larrialdi Planeko beharginak, gaur, Zallan. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Omarren esanetan, Bizkaiko basoen kudeaketa «inbidiaz» ikusten dute beste lurralde batzuetako adituek: «Jabe pribatuek sekulako lana egiten dute, basogintza elkarteak lagunduta eta erakundeek babestuta». Gainera, nabarmendu du sua arduraz erabiltzen dela: «oso gutxi» dira nahita pizten diren suteak. 

Normalean, Bizkaiko suteak azalekoak izaten dira, eta sastrakak erretzen dira gehienbat. Baso Zerbitzuko buruak esan du aurre egiteko modukoak izaten direla, baina tarteka kontrolpetik ihes egiten duela suak, haizearen ondorioz. Herrialdean azken hamarkadetan izandako larriena gaur bisitatutako lekutik gertu sortu zen, Balmaseda eta Zalla artean. 2022ko urriaren 23an piztu zen, eta 426 hektarea erre zituen. «Baso publikoetan piztu zen. Oso ondo kudeatuta zeuden, baina espero ez genuen jokabide bat izan zuen suak. Ikasi genuen beti ezin dugula izan kontrolpean; badakigu arrisku hori badagoela, eta prest egon behar dugu». 

Etengabeko prestakuntza

Etxanobek nabarmendu duenez, suterik ez izateko urte osoan egin behar da lan. Basoan, mantentze lanak eginez. Eta Infobiko kideek, prestakuntza jaso eta teknika berriak ikasita. Berbarako, abuztuan eta irailean Baso Zerbitzuko eta Basalaneko profesional batzuk Galizian izan dira, Xuntako kideekin entrenatzera joanda, haien lanerako moduak ezagutzeko. Maiatzean, berriz, Andaluziako Infoca zerbitzuko profesional batek saio bat eskaini zien Infobiko teknikariei baso suteen analisiari buruz. 

Bizkaian oraindik ez da piztu Iberiar penintsulako beste lurraldeetan dagoeneko izan dituzten seigarren belaunaldiko suterik, baina prest egon gura dute ailegatzen direnerako. Izan ere, klima aldatzen ari da, eta horrek arriskuan ipintzen ditu basoak, Omarrek azpimarratu duenez. Ez da arazo bakarra, edozelan ere: «Europa osoan leku batetik bestera dabiltzan patogenoak ditugu, eta oso adi gaude. Bizkaiko edozein lekutan ingurura begiratuz gero, ohartuko gara pinudiak gaixo daudela». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA