Artea

Bilboko Arte Ederren Museoak emakumezko artistei sarbide handiagoa emanez berrantolatu du bere bilduma

Urriaren 6an irekiko dituzte eraikin berrituaren ateak, eta 600 artelan baino gehiagoko erakusketa iraunkorra antolatu dute funtsekin. Lehenengoz ikusiko dira 150 bat, eta laurdenak inguru andrazko sortzaileenak dira.

Bilboko Arte Ederren Museoak bere bilduma berrantolatu du eraikin berriturako. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilboko Arte Ederren Museoak bere bilduma berrantolatu du eraikin berriturako. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko irailaren 25a
16:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asmatu egin dute izena: Bildu(e)mak. Bilboko Arte Ederren Museoak urriaren 6an aurkeztuko du Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek diseinatutako eraikin berritua osorik. Erakusketei eskaini ahal izateko 6.000 metro koadro gehiago izango ditu handitze lan horiei esker, eta, ondorioz, orain artean baino zabalago erakutsi ahalko du bere bilduma horretarako sortutako erakusketa iraunkorrean. Guztira, 630 artelan baino gehiago antolatu dituzte 43 aretoko ibilbidean, Kristo aurreko IV. mendetik hasi eta 2001era arte, eta, tartean, orain artean sekula erakutsi gabeko 150 artelan ere txertatu ahal izan dituzte. Baina bada gehiago. Museoko arduradunek zehaztu dutenez, indar berezia egin baitute ibilbide hori emakumezko artisten lanekin osatu ahal izateko. Horregatik, museoak orain arte baliatu izan duen diskurtsoa eta antolaketa irauli ez badute ere, aretorik zaharrenetan gutxienez emakumezko artista baten lana jaso dute orain. Hasierako aretoen kasua da hori, baina, gero, argi igar daiteke nola egiten duen gora emakumezko artisten kopuruak artelan modernoagoei eskainitako aretoetan. Horregatik biltzen du tituluak bildumari egindako erreferentzia, eta horregatik iradokitzen da emakume hitza parentesi arteko e horrekin. 

Museoko ordezkariek ez dute zenbaketa zehatzik egin, baina, kalkulatu dutenez, bildumari eskainitako erakusketan ikus daitezkeen piezen laurdena inguru dira emakumezko artistek sortutakoak.

«Oso adi egon gara, merkatura emakumezko artisten zer lan ateratzen zen aztertzen, eta ahal izan dugunaren arabera egin ditugu erosketak»

MIRIAM ALZURI Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzailea

Nagusiki kronologikoa da bildumaren antolaketa: museoko eraikin zaharreko areto klasikoetan ikusgai den antzinateko artearekin hasten da, modernitatera pasatzen da hortik, eta eraikin berriko areto irekiagoetan amaitzen da ibilbidea, 1945etik ia-ia gaur arteraino heltzen diren artelanekin. Baina badira salbuespenak ere. Eta, hain zuzen ere, salbuespen horiek eman diete modua aretorik zaharrenetan andrazko artisten lanak txertatzeko. Ikusgai diren artelanekin loturaren bat duten artista garaikideen lanak jarri dituzte ikusgai areto horietan. Hala, esate baterako, Lorea Alfaro artista nafarraren lan bat ikus daiteke erakusketako lanik zaharrenen parean, eta Isabel Bakedanoren, Maria Dapenaren eta Miren Arenzanaren lanak ere topatuko ditu bisitariak ibilbideko lehen-lehen areto horietako batzuetan. Barrokoko gorputz bihurrituen alboan daude, adibidez, Nadia Barkate artista bilbotarrak margotutako esku koloretsu eta bihurrituak.

Merkatuari adi

Miriam Alzuri da Bilboko Arte Ederren Museoko arte moderno eta arte garaikideko kontserbatzailea, eta, onartu duenez, genero ikuspegi hori aintzat hartuta egin dituzte azken urteetako erosketak. Hala heldu da bildumara, esate baterako, XV. mendeko Sofonisba Anguisolaren margolan bat 2021ean. «Oso adi egon gara, merkatura emakumezko artisten zer lan ateratzen zen aztertzen, eta ahal izan dugunaren arabera egin ditugu erosketak».

(ID_16478350) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2026-09-25, Bilbao. Arte ederren museoa, Erakusketa-ren aurkezpena
Bi bisitari Ignacio Zuloaga artistaren margolan bati begira. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Eta, garaiz garai, museoaren funtsen mailaren erakusgarri dira ikusgai dauden artisten lanak. Tartean dira, besteak beste, Grekoaren, Albrecht Duererren, Francisco Goyaren, Rosa Bonheurren, Gustave Doreren, Zamacoisen, Jose Riberaren, Dario Regoyosen, Ignacio Zuloagaren, Pablo Picassoren, Aurelio Artetaren, Marx Ernsten, Antonio Gezalaren, Menchu Galen, Mari Paz Jimenezen, Jorge Oteizaren, Eduardo Txillidaren, Mari Puri Herreroren, Dioniso Blancoren, Marta Carenasen, Vicente Ameztoiren, Esther Ferrerren, Eduardo Arroyoren, Txomin Badiolaren, Angel Badosen, Pello Irazuren, Ines Medinaren, Idoia Montonen, eta, azken-azkenik, Susana Talayeroren lanak.

«Bildumak azken 25 urteetan izan duen garapen izugarriak eraman gaitu orain bukatzear den handitze prozesu honetara»

GUILLERMO ZUAZNABAR Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbazio burua

Guillermo Zuaznabar da Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbazio burua, eta, azaldu duenez, museoaren funtsek bultzatu dute handitzea bera. «Bildumak azken 25 urteetan izan duen garapen izugarriak eraman gaitu orain bukatzear den handitze prozesu honetara». Aurrez ere, herritarrek museoari utzitako hainbat bildumaren bilduma moduko bat izan dira museoko funtsak, eta, Zuaznabarrek azaldu duenez, azken hamarkadetan ere hamaika izan dira euren bildumako artelanak museoari eman edo utzi dizkioten herritarrak. Eta, haren hitzetan, hazkunde horri erantzuten dio museoaren handitzeak ere.

Arkitekturaren eskutik

Azaldu duenez, eraberritzeak «libratu egin ditu» eraikin klasikoak «bildumaz aparteko erakusketak hartzetik». Horregatik, bildumako lanekin bete dituzte museoak orain artean martxan izan dituen areto guztiak. Guztira, 3.000 metro koadro hartzen dituzte antzinateak eta modernitateak eraikin neoklasikoan, eta beste 3.000 metro koadro inguru hartzen ditu artelan garaikideei eskainitako eremuak ere, eraikin modernoan. Eta, beraz, Zuaznabarrek nabarmendu duenez, eraikinen arkitekturaren garapen kronologikoarekin batera egiten du aurrera bertan erakusten den garapen artistikoak ere. «Arkitekturak ere lagunduko du obren sasoia argiago identifikatzen».

(ID_16478351) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2026-09-25, Bilbao. Arte ederren museoa, Erakusketa-ren aurkezpena
Arte garaikideari eskainitako aretoan amaitzen da ibilbidea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Horrez gainera, koloreka ere antolatu dituzte aretoak. Gorrixkak dira, adibidez, antzinako artelanei eskainitako gelen hormak. Berdexkak, Barroko garaiko lanak hartzen dituztenak. Urdina hautatu dute XVIII. mendetik aurrerakoentzat, eta grisa, 1936ko gerraren garaitsuko piezentzat. Eta, azkenik, zuria da nagusi arte garaikideari eskainitako gunean. Ez hori bakarrik. Beste aretoekin alderatuta, horma askoz ere gutxiagorekin antolatu dute ibilbidearen azken partea. Artelanen arteko harreman sarea bistaratzea izan da horren motiboetako bat.

Orain bilduma hartzen duten aretoez gainera, ordea, aurrerantzean beste 3.000 metro koadro gehiago izango ditu museoak. Sabai lanak egiten dituen leku berrietan izango da hori, eta, hain zuzen ere, aurrerantzean, gune horretan egongo dira ikusgai behin-behineko erakusketak, bai eta gaur egungo sorkuntza lanak ere.

Euskal artea

Tradizionalki, kronologikoki antolatu izan dute bilduma Bilboko Arte Ederren Museoan. Baina berrikuntza lanak egin aurretik bitan apurtu dute patroi hori. Kirmen Uribe idazlearekin lankidetzan antolatutako ABC izeneko erakusketa izan zen kasu horietako bat. Ordukoan alfabetoaren arabera antolatu zituzten aretoak, eta hautatutako hitzaren arabera bildu zituzten artelanak, tematikoki. Horrez gainera, BBKateak izeneko proiektua zikloa ere jarri zuten martxan berrikuntza lanak hasitakoan. Bildumako bi artistaren lanak elkarren ondoan zintzilikatu zituzten ordukoan aretoetan. Eta, hain zuzen, Zuaznabarren hitzetan, bi esperientzia horiek zabaldu diete bidea egungo erakusketa antolaketara heldu ahal izateko.

«Handitze lanek merezi izango zuketen, baita bilduma hala aurkezteko aukera ematen digun erakusketa hau antolatzeagatik bakarrik izan balitz ere»

MIGUEL ZUGAZA Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria

Museoko ohiko bisitariei ezagun egingo zaizkie ikusgai dauden artelanetako asko, ikusgai izan direlako bildumari eskainitako aurreko erakusketetan. Baina badira berritasunak ere. Eta ez gutxi. Berriak dira, esaterako, Robert Capa argazkilariak Bilbon ateratako bonbardaketen irudi ezaguna, bai eta Maria Roesset artistaren margolana, Aurelio Artetak Munoa jauregirako egindako dekorazio lanak, Juana Cima artistaren eskultura, minimalismoa abiatu zuen Donald Judd artistaren marrazkiak eta Elena Asins artistaren serie bat ere.

«Hau da irekierako aurkezpenik garrantzitsuena». Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariaren hitzetan, bildumak dira museoen «bizkarrezurra», eta antolatutako ibilbide berriaren garrantzia nabarmendu du horregatik. «Handitze lanek merezi izango zuketen, baita bilduma hala aurkezteko aukera ematen digun erakusketa hau antolatzeagatik bakarrik izan balitz ere». Haren hitzetan, gainera, euskal arteak eta Bilboko arteak duten garrantziaren erakusgarri ere bada urriaren 6an zabalduko duten erakusketa. Ibilbideko azken aretoetan igar daiteke hori argien. «Duela lau urte itxi genuen erakusketaz oso bestelakoa da erakusketa hau», ebatzi du.

Erakusketa bateratua

Zugazak ez ezik, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde, Kultura sailburu eta Bilboko Arte Ederren Museoko patronatuko presidenteak ere parte hartu du erakusketaren aurkezpen ofizialean, eta, haiekin batera, Ruben Orbegozo Iberdrola enpresako ordezkaria ere izan da ekitaldian. Izan ere, Bilboko Arte Ederren Museoko patronatuko kide da energia enpresa, baina Bilboko Guggenheim museoko babesle estrategikoa ere bada, eta bi museoen artean «erakusketa bateratu bat» egiteko ideia mahaigaineratu du Orbegozok bere hitzaldian. «Bilduma hau eta Guggenheimekoa elkarren osagarriak dira».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA