«Bilbo laguntza sare handi bat izatea nahi dugu, edozein pertsona seguru, entzuna eta babestua sentituko den hiri aterpe bat». Bilboko Udalak larunbateko txapligua lehertzearekin batera aktibatuko du eraso matxista, arrazista eta LGTBIfoboen kontrako estrategia. Duela hiru urte egin zuten lehenengoz, eta gaur aurkeztu dute aurtengo plana. Bilboko Konpartsekin batera adostu dute jai egunetarako protokoloa, eta, horregatik, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotziak ez ezik Maitane Lopez Bilboko Konpartsetako kideak ere hartu du parte aurkezpenean; Urtasunek aipatu du hiri aterpearen ideia. Besteak beste, hainbat puntu more jarriko dituzte hirian, eta erasoak salatzeko telefono zenbakia duten pegatinak banatuko dituzte.
Errespetu nagusia. Lelo hori jarri diote erasoen aurkako kanpainari, eta bederatzi jai egunetan 24 orduz izango dute martxan. Aburtok argi utzi du Bilbon ez dutela eraso matxista, arrazista eta LGTBIfoborik onartuko, ezta gorroto diskurtsorik ere. «Testuinguru politikoa, soziala edo kulturala ezin da inola ere aitzakia izan oinarrizko eskubideak urratzeko». Eta ideia hori izan du Urtasunek ere ahotan: azaldu duenez, erasoak ez dira ez justifikatuko ez eta minimizatuko ere. «Pertsona batek indarkeria edo diskriminazio egoera bat pairatzen duenean, lagunduta dagoela sentitu behar du».
«Bilbo laguntza sare handi bat izatea nahi dugu, edozein pertsona seguru, entzuna eta babestua sentituko den hiri aterpe bat»
ITZIAR URTASUN Bilboko Udaleko Berdintasun eta Jaietako zinegotzia
Horretarako ezarriko dituzte puntu moreak, hain justu. Kontzertu guneetan jarriko dituzte, hala nola Abandoibarrean, Europa parkean, Casilda Iturrizar parkeko pergolan, Plaza Biribilean eta Evaristo Txurruka kaian. Gorrotozko erasoei eta eraso sexistei, arrazistei eta LGTBIfoboei buruzko prestakuntza jaso dutenen taldeak izango dira bertan lanean, eta haiekin hitz egiteko aukera izango dute bertara laguntza bila doazenek.
Urtasunek nabarmendu du Bilboko Udalak arreta zerbitzua eskaintzen diela urte osoan zehar eta eguneko 24 orduetan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren bidez. Eta, horrez gainera, bederatzi jai egunen arreta eta aholkularitza zerbitzua eskainiko dietela gorrotozko erasoen, eraso arrazisten eta eraso LGTBIfoboen biktima eta lekukoei ere, 24 orduz. Urtasunek esan du «baliabide hau erabili behar ez izatea» espero dutela. Hala ere, gogorarazi du norbaiti eraso egiten badiote edo norbait eraso baten lekuko bada 112 edo 092 zenbakietara deitu ahal duela. «Polizia edo Ertzaintzarengana joan, haiek laguntzen eta zaintzen dute biktima, eta zerbitzu espezializatuetara bideratzen dute», gehitu du Urtasunek.
Eraso euskarafoboak
Udalak Bilboko Konpartsekin batera osatu du jaietan izan daitezkeen erasoei aurre egiteko protokoloa, eta Lopezek eman ditu hari buruzko azalpenak, Bilboko Konpartsen izenean. Euskararen aurkako erasoak ere kontuan hartuko dituztela zehaztu du, adibidez. «Protokoloak egokitu ditugu, eraso sexista, euskarafobo, LGTBIfobo eta arrazista guztiei aurre egiteko», azaldu du Lopezek. Gaineratu du elkarlan horren helburua jai esparru seguruak bermatzea dela. «Erasotzaileek jakin dezaten ez direla ongi etorriak, eta eraso bat bera ere ez dela erantzunik gabe geratuko».
«Protokoloak egokitu ditugu, eraso sexista, euskarafobo, LGTBIfobo eta arrazista guztiei aurre egiteko»
MAITANE LOPEZ Bilboko Konpartsetako kidea
Protokolo hori jende guztiaren esku jartzea da asmoa, eta zortzi hizkuntzatan argitaratuko dute horretarako. Euskeraz ez ezik, gazteleraz, ingelesez, frantsesez, arabieraz, txinatarrez, errumanieraz eta portugesez egongo da eskuragarri. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, argitalpen horiek baliagarriak dira gertaeren lekuko izan den edozein erasoak detekta ditzan eta jakin dezan nola jokatu eta lagundu.
Horrez gainera, gida bat ere argitaratuko du udalak, erasoak gertatuz gero nola jokatu behar den jakinarazteko. Erasoak zer diren azaltzen da bertan, eta haiek detektatzen laguntzeko jarraibideak zehazten dira, baita halakoak prebenitzeko eta haiei aurre egiteko gomendioak ere. Bai protokoloa eta bai gida ere «Bilboko Aste Nagusia» izeneko aplikazio ofizialean eta udalaren webgunean egongo dira.
Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, jaiak hasi baino lehen ere hasi dira prebentzioa lantzen. Udaleko Berdintasun eta Jaietako zinegotziak eman ditu azalpenak. Urtasunek azaldu duenez, prestakuntza eta informazio saioak eskaini dizkiete hainbat eragileri, eta haiek ere prest egongo dira erasoak izanez gero laguntza emateko: «Txosnek, konpartsek, ostalaritzako eragileek... denek lagundu dezakete lehen momentuan». Udalaren ustez, gune seguruak sortzea zeregin kolektiboa da.

