Bilboko Aste Nagusian erasorik egon ez dadin, hiria «laguntza sare handi bat» bilakatzeko deia egin du udalak

Eraso matxista, arrazista eta LGTBIfobikoei erantzuteko protokoloa aurkeztu dute. Konpartsekin adostu dute plana, eta bederatzi jai egunetan, 24 orduz izango dute martxan laguntza zerbitzua.

Bilboko Aste Nagusiko erasoen aurkako protokoloaren aurkezpena gaur, Arriaga antzokian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko Aste Nagusiko erasoen aurkako protokoloaren aurkezpena gaur, Arriaga antzokian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilbo
2026ko abuztuaren 19a
16:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bilbo laguntza sare handi bat izatea nahi dugu, edozein pertsona seguru, entzuna eta babestua sentituko den hiri aterpe bat». Bilboko Udalak larunbateko txapligua lehertzerekin batera aktibatuko du eraso matxista, arrazista eta LGTBIQ+ fobikoen kontrako estrategia. Duela hiru urte egin zuten lehenengoz, eta gaur aurkeztu dute aurtengo plana. Bilboko Konpartsekin batera adostu dute jai egunetarako protokoloa, eta, horregatik, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotziak ez ezik Maitane Lopez Bilboko Konpartsetako kideak ere hartu du parte aurkezpenean, eta, bertan, Urtasunek aipatu du hiri aterpearen ideia. Besteak beste, hainbat puntu more jarriko dituzte hirian, eta erasoak salatzeko telefono zenbakia duten pegatinak ere banatuko dituzte.

«Errespetu nagusia». Lelo hori jarri diote erasoen aurkako kanpainari, eta bederatzi jai egunetan, 24 orduz izango dute martxan. Aburtok argi utzi du Bilbo ez dagoela prest eraso matxista, arrazista edo LGTBIfobikorik onartzeko, ezta gorroto diskurtsorik ere. «Testuinguru politiko, sozial edo kulturalak ezin dira inola ere aitzakia izan oinarrizko eskubideak urratzeko». Eta ideia hori izan du Urtasunek ere ahotan: azaldu duenez, erasoak ez direlako ez justifikatuko ez eta minimizatuko ere. «Pertsona batek indarkeria edo diskriminazio egoera bat pairatzen duenean, lagunduta dagoela sentitu behar du».

«Bilbo laguntza sare handi bat izatea nahi dugu, edozein pertsona seguru, entzuna eta babestua sentituko den hiri aterpe bat»

ITZIAR URTASUN Bilboko Udaleko Berdintasun eta Jaietako zinegotzia

Horretarako izango dira puntu moreak, esaterako. Kontzeru guneetan jarriko dituzte, hala nola, Abandoibarra eta Europa parkean, Casilda Iturrizar parkeko pergolan, Plaza Biribilean eta Evaristo Txurruka kaian. Eraso sexistei buruzko eta gorroto, arrazakeria eta LGTBIfobia erasoei buruzko prestakuntza jaso duen pertsona taldeak izango dira bertan lanean, eta haiekin hitz egiteko aukera izango bertara laguntza bila doazenek.

Bilboko Udalak arreta zerbitzua eskaintzen die urte osoan zehar eta eguneko 24 orduetan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren bidez. Eta, horrez gainera, bederatzi jai egunetako 24 orduko Arreta eta Aholkularitza zerbitzua eskeiniko diete baita gorroto erasoen, eraso arrazisten eta LGTBIfobikoen biktima eta lekukoei ere. Urtasunek esan du «errekurtso hau erabili behar ez izatea» espero dutela. Hala ere, gogorarazi du norbaiti eraso egiten badiote bada, edo eraso baten lekuko bada 112 edo 092 zenbakietara deitu ahal duela. «Polizia edo Ertzaintzarengana joan, eurek laguntzen edo zaintzen dute biktima eta zerbitzu espezializatuetara bideratzen dute», gehitu du Urtasunek.

Eraso euskarafoboak

Udalak Bilboko konpartsekin batera osatu du jaietan gerta daitezkeen erasoei aurre egiteko protokoloa, eta Lopezek eman ditu hari buruzko azalpenak, Bilboko Konpartsen izenean. Euskararen aurkako erasoak ere kontuan hartuko direla zehaztu du, adibidez. «Protokoloak egokitu ditugu, eraso sexista, euskarafoboak, LGTBIfoboak eta arrazista guztiei aurre egiteko», azaldu du Lopezek. Gaineratu du elkarlan horren helburua dela jai esparru seguru bat bermatzea. «Erasotzaileak ongi etorriak ez direla jakin dezaten, erasorik ez dela erantzunik gabe geratuko».

«Protokoloak egokitu ditugu, eraso sexista, euskarafoboak, LGTBIfoboak eta arrazista guztiei aurre egiteko»

MAITANE LOPEZ Bilboko Konpartsetako kidea

Protokolo hori jende guztiaren esku jartzea da asmoa, eta zortzi hizkuntzatan argitaratuko dute horretarako. Euskeraz ez ezik, gazteleraz, ingelesez, frantsesez, arabieraz, txinatarrez, errumanieraz eta portugesez ere egongo da eskugarri. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, argitalpen horiek baliagarriak dira gertaeren lekuko izan den edozein pertsonak erasoak detekta ditzan laguntzeko, eta nola jokatu eta lagundu jakiteko. 

Horrez gainera, gida bat ere argitaratuko du udalak, erasoen aurrean nola jokatu behar den jakinarazteko. Erasoak zer diren azaltzen da bertan, eta haiek detaktatzen laguntzeko jarraibideak zehazten dira, halakoak prebenitzeko eta haiei aurre egiteko gomendioekin. Bai protokoloa eta bai gida ere «Bilboko Aste Nagusia» izeneko aplikazio ofizialean eta udalaren webgunean egongo dira.

Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, gainera, jaiak hasi baino lehen ere hasi dira prebentzioa lantzen. Udaleko Berdintasun eta Jaietako zinegotziak eman ditu azalpenak, kasu honetan. Urtasunek azaldu duenez, prestakuntza eta informazio saioak eskaini dizkiete hainbat eragileri, eta haiek ere prest egongo dira eraso baten aurrean laguntza emateko: «Txosnak, konpartsak, ostalaritzak, denek lagundu dezakete lehen momentu horretan». Udalaren ustez espazio seguruak sortzea zeregin kolektiboa da.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA