Bilboko Aste Nagusian euskara «eroso» erabiltzeko ekimena aurkeztu dute konpartsek

Aste Nagusian Euskara Nagusi egitasmoa jarri dute abian Bilboko Konpartsek eta Gukak. Txosnetan euskarazko kantek duten presentzia areagotzea erabaki dute, gaur egun %27 baitira soilik.

Bilboko Konpartsak eta Gukak gaur aurkeztutako Aste Nagusian Euskara Nagusi egitasmoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko Konpartsak eta Gukak gaur aurkeztutako Aste Nagusian Euskara Nagusi egitasmoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2026ko abuztuaren 17a
12:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Konpartsek argi dute aurtengo aldarria: «Aste Nagusiko eremu guztietan euskara era eroso eta askean erabili ahal izatea». Hori dela eta, Bilboko Guka euskararen aldeko mugimenduarekin bat egin dute Aste Nagusian Euskara Nagusi ekinaldia abian jartzeko. Bilboko Aste Nagusia «euskararen ekosistema bihurtzea» dute helburu; izan ere, adierazi dute Bilbokoak «guztientzako» jaiak direla, eta aldarrikatu dute «guztientzat den horrek euskaraz» behar duela.

Bilboko Aste Nagusiak irauten duen bederatzi egunetan «emozioak konpartitu» eta  «gizarte inklusibo, feminista, antiarrazista eta euskalduna» sortzeko urratsak egiten dituztela azpimarratu dute gaur Bilbon, Arriaga Antzokiaren parean egin duten prentsaurrekoan. Azken ezaugarri horretan jarri dute arreta, eta esan zenbait neurri hartu dituztela giro «euskaldunagoa» eratzeko. Izan ere, «euskaraz egiteko aukera librea emango duten lekuak behar dira», eta, halako tokiak lortzeko, hautu «indibidual zein kolektiboak» hartu behar dira: «Egungo egoera aldatzeko konpromisoa hartuko duten hautuak egin behar ditugu».

Pauso horiek emateko, hortaz, nondik zetozen jakin behar zutela nabarmendu dute. Horregatik, euskarak konpartsetan duen egoera aztertu dute, gero horren arabera ekiteko. Besteak beste, konpartsek programatzen duten ekintzen %54 euskaraz dira, jakinarazi dutenez; eta %16, erdara hutsean. Horiek horrela, zenbait konpartsak erabaki dute euskara kontuan hartzeko faktorea izatea ekitaldiak programatzeko orduan. Beste batzuek, berriz, jakinarazi dute euskaraz egingo dituztela lehen erdaraz antolatu ohi zituzten zenbait ekintza. Prentsaurrekoan, hala ere, ez dute zehaztu zer konpartsek hartuko dituzten neurri horiek.

Aste Nagusiak iraun bitartean txosnetan jartzen den musika ere aztertu dute, eta adierazi dute «datu kaskarrak» dituztela: jartzen den musikaren %27 baino ez da euskaraz. Bada, jakinarazi dute zenbaki hori handitzeko neurriak hartuko dituztela aurrerantzean. Konpartsa batzuek aurreratu dute %33ra, %66ra, %90era edo %100eraino handituko dutela euskarazko kanten kopurua. Ekitaldiekin gertatu legez, baina, ez dute zehaztu zer konpartsak hartu duen erabaki bakoitza.

Lehen hitza, euskaraz

«Egunerokoan pertsona duin, eskubide osodun eta pareko gisa hazteko» eremua sortu ahal izateko euskaraz bizi nahi dutenentzat, konpartsetako kideek eta Gukak ez diete soilik ekitaldiei eta musikari erreparatu. Euskararen ekosistemak lehen hitza hizkuntza horretan egitea behar duela iritzi diote. Hala, konpartsek oinarrizko hitzei buruzko informazioa atonduko diete txandalariei, euskarazko arreta berma dezaten: hiztegiak sortuko dituzte, lehen hitza euskaraz izateko konpromisoa hartu dute, eta euskarari eusteko «erronka» bultzatuko dute.

Eta euskarazko komunikazioa ez da zerbitzuan soilik bermatuko. Azterlanean identifikatu dutenez, txosnetan topa daitezkeen mezuen eta adierazpen publikoen %81 dira euskaraz. Hori areagotu nahi dute konpartsakideek, eta adierazi dute urratsa egingo dutela mezu elebidun batzuk euskara hutsean jartzen hasteko. Gainera, zenbait txosnatan «euskararen aldeko mezu esplizituak» txertatuko dituzte.

%90

Euskaraz hitz egin dezaketen txandalarien ehunekoa. Bilboko Konpartsek jakinarazi dutenez, Aste Nagusiak iraun bitartean, txandalarien %75ek egiten dute euskaraz. Ehuneko hori, baina, are handiagoa izan daiteke. Izan ere, txandalarien %90ek egin dezakete euskaraz.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA