«Banakako azterketak» egin dizkiete Bilbotik Gueñesera eroango dituzten eta diputazioaren zaintzapean dauden adingabeei, eta «teknikariek egoki ikusi dute lekualdaketa», Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza diputatuaren esanetan. Ukatu egin du egoitza berriaren bizigarritasun txostena bakarrik kontuan hartu izana, eta ziurtatu du adingabe bakoitzaren plan pertsonalizatuari eutsiko diotela. EH Bilduk eskatuta, Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordean eman ditu azalpenak Antxustegik. Txarretsi egin du koalizioak agerraldi publiko bat eskatu izana. Zuhurtziaz jokatzeko eskatu die, lehentasunak adingabeak babestea izan behar duela argudiatuta.
Abuztuan argitaratu zuten hedabide batzuek Bilboko etxea zarratuko dela eta adingabeak Gueñesera eroango dituztela, ELA eta LAB sindikatuek egindako salaketaren ondorioz. Zerbitzua Eudes fundazioak kudeatzen du. Bilboko pisua ordena erlijioso batena da, eta saltzeko asmoa jakinarazi zion fundazioari. Trukean, Bilboko Elizbarrutiak Gueñesen duen beste etxe bat eskaini zion. Diputatuak kontatu duenez, teknikariak Gueñesko etxea ikustera joan ziren, egiaztatzeko ea betetzen dituen halako zerbitzu batek eskatzen dituen baldintzak, eta ondorioztatu dute legeak eskatutako guztia betetzen duela. Udako albisteetan iragarri zen aldaketa irail bukaeran egingo zela, baina diputatuak esan du oraindik obretan daudela Gueñesen. Besteak beste, igogailua ipintzen ari dira. Lanak bukatutakoan eroango dituzte adingabeak etxe berrira; «laster», diputatuaren esanetan.
Zaintzapeko adingabeak eta indarkeria lotzea txarretsi dio antxustegik PP-ri
Batzar Nagusietan, azkenaldian Bizkaian adingabeek eragindako istiluen inguruan galdetu dio PPko Raquel Gonzalezek Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza diputatuari. Zehatzago, adingabe horien artean diputazioaren zaintzapekoak dauden jakin gura izan du, eta, baita ere, diputazioak zer neurri hartu dituen hori eragozteko. Diputatuak gogor gaitzetsi du zaintzapeko adingabeak indarkeriarekin lotu izana: «Desegokia, bidegabea eta arduragabea da, batez ere datu egiaztaturik eduki gabe». Antxustegik hezitzaileen lana balioetsi du, eta azaldu diputazioko Haurtzaro Zerbitzuak, Ertzaintzak, Adingabeen Fiskaltzak eta udalek harreman «zuzena eta etengabekoa» dutela.
Oraindik aldaketa egin ez izana «berri ona» da EH Bilduko batzarkide Urtzi Ostolazagaren ustetan: «Garaiz gabiltza atzera egiteko». Izan ere, koalizioari erabaki «okerra» iruditzen zaio adingabe horiek haien ingurutik ateratzea. Ostolozagak txarretsi egin du hirigunetik landa eremura eroatea, Gueñesen ez dituztelako izango Bilbon dauzkaten aukera berak. «Ez itzazue umeak urrundu ikasten ari diren ikastetxeetatik, lagunetatik, familiekin batzeko dituzten lekuetatik; ez urrundu erreferentziazko lekuetatik». Gainera, EH Bilduko batzarkidearen ustez, Enkarterrin eskaintza «apalagoa» izango dute eskolaz kanpoko jardueretarako eta aisialdirako.
Diputatuak zehaztu du orain arteko ikastetxeetan ikasten jarraituko dutela. Gaineratu du familiekin duten harremana ere «berdin» mantenduko dutela, eta nabarmendu gura izan du Bilbon zaintzen eta hezten zituzten profesional berak egongo direla Gueñesen ere. Mugikortasunari dagokionez, Antxustegik esan du garraioa bermatuko zaiela, «beste kasu batzuetan egiten den legez». Adierazi du Gueñesen eta eskualdean ere eskolaz kanpoko jardueretarako eta aisialdirako eskaintza dutela, eta inguruko umeekin batera parte hartzeko aukera izango dutela. «Ez da egiten dugun lehen lekualdaketa. Orain arte oso ondo joan dira, eta hau ere oso ondo joango da, oso ondo zaintzen delako zelan egingo den. Gure profesionalek egiten dute, eta ez dut onartuko haien lana zalantzan jartzea», ohartarazi dio oposizioari.
Pribatuak
Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko Eneritz Madariagak salatu du halakoetan diputazioak ez duela alternatibarik bilatzen. «Aurreko etxearen jabeen esku geratzen da, orain gertatu den bezala, beste leku bat proposatzea. Ondorioz, adingabeen interesak babesteari uzten zaio, eta hori erakunde publikoen ardura da». PPko Raquel Gonzalezek «egoki» deritzo arreta zerbitzuaren kudeaketa publiko-pribatuari, baina uste du diputazioak moduren bat bilatu beharko lukeela egoitza horiek «iraunkorrak» izan daitezen, halako lekualdaketarik gertatu ez dadin.
EH Bilduk, besteak beste, adingabe kopuruaz eta haien adinaz galdetu dio diputatuari. Antxustegik ez du datu hori batzordean eman gura izan, «identitatea babesteko», eta saioa bukatutakoan ematekotan geratu da. EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta PP taldeetako batzarkideek adierazi dute informazio horrek ez duela pribatutasuna «arriskuan» jartzen, eta «ezinbesteko» iritzi diote egoeraren «azterketa zuzena» egiteko.