Bizkaitarrek gehienez 35 euro ordainduko dituzte hilean herrialdeko ordainpeko bideak erabiltzeagatik

Datorren urtean, diputazioaren Bidesariak programako tarifak moldatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Azarotik aurrera AP-68a ere kudeatuko du, eta Bizkaiko tartearen bidesaria %20 merkatuko du.

Bilbo hegoaldeko saihesbidea, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Bilbo hegoaldeko saihesbidea, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko uztailaren 22a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ordainpeko errepideen erabiltzaileak laguntzeko Bidesariak programako tarifak moldatu eta merkatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Hala, urtarrilaren 1etik aurrera, AP-8a, AP-68a, Bilbo hegoaldeko saihesbidea eta Artxandako tunelak erabiltzeagatik, gehienez, 35 euro ordainduko dituzte izena emanda dauden gidariek. «Ahalegin berezia egingo dugu gure ordainpeko bideak sarri erabiltzen dituzten herritarrei laguntzeko», esan du Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak. Gaur egun 29.000 gidari daude Bidesariak programan izena emanda, eta diputazioak uste du merkatzeek erakarrita 32.000 izango direla agian urtea bukatzerako. Gaur egun, 11 milioi euro banatzen ditu diputazioak laguntzotan.

Orain, Bidesariak programak bi multzotan banatzen ditu Bizkaiko ordainpeko azpiegiturak. Batetik, Interbiak foru sozietateak kudeatzen dituenak daude: AP-8a, hegoaldeko saihesbidea eta Artxandako tunelak. Hiru horiek erabiltzen dituzten gidariek gehienez 39,46 euro ordaintzen dituzte hilean. Beste multzoan AP-68a dago —2020tik diputazioaren jabetzakoa, baina 1973tik Avasa enpresa pribatuak kudeatutakoa—; autobide horren erabiltzaileek ere, gehienez, 39,46 euro ordaintzen dituzte hilean. Ondorioz, multzo bietako azpiegiturak erabiltzen dituen gidari batek 78,92 euroko muga du; adibidez, Gallartan bizi eta egunero hegoaldeko saihesbidea eta AP-68a hartuta Ugaora beharrean doan herritar batek. Muga bera luke Durangon bizi eta Arrigorriagan behar egiten duen beste batek, etxetik lantokira joateko AP-8a eta AP-68a hartzen baditu.

Baina, azarotik aurrera, AP-68aren Bizkaiko zatiaren kudeaketa ere foru aldundiarena izango da, eta lau azpiegiturak multzo berean sartuko ditu diputazioak urte berrian. Multzo bakar horrek 35 euroko muga izango du. Hala, Gallartako eta Durangoko herritar horiek, 78,92ko muga barik, 35 euro ordainduko dituzte gehienez hilean. «Merkatze adierazgarria da», nabarmendu du Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegiturak eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko diputatuak.

Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua, gaur, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua, gaur, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Bidesariak programaren bitartez, Araban eta Gipuzkoan AP-68a, AP-8a edo AP1a erabiltzen dituzten bizkaitarrak ere laguntzen ditu Bizkaiko Diputazioak, nahiz eta gidariek erabileragatik beste herrialdeei ordaintzen dieten. Gaur egun 57,71ko muga dute Gipuzkoan AP-8a edo AP-1a erabiltzen duten bizkaitarrek. Beste horrenbeste da Araban AP-68a erabiltzeagatik gehienez ordaintzen dutena. Urtarriletik aurrera, herrialde biok ere multzo bakar batean egongo dira, eta, gehienez, 53 euro ordainduko dituzte. Guztira, 88 euro Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ordainpeko errepideak erabiltzen dituzten bizkaitarrek; gaur egun 194,30 euroan dago muga. «Azpimarratzeko moduko merkatzea da», ohartarazi du Alzagak.

«Nabarmentzekoa» izango da, era berean, AP-68ko aldaketa. «Mugarria», Alzagaren esanetan, Bizkaiko gaitasun handiko errepide guztiak foru diputazioaren esku egongo direlako. Azaroaren 11tik aurrera, Bizkaikoak eta Arabakoak kudeatuko dute nork bere herrialdeko zatia. Bizkaikoak erabaki du %20 merkatuko duela bere tartea erabiltzeagatik ordaintzen dena; Arabakoak %70 merkatuko du berea. Hala, Bilbotik Gasteizera joateagatik, gaur egun 6,85 euro ordaindu behar dituzte gidariek, baina azarotik aurrera, 4,20 euro izango dira. Gero, ohi bezala, urtarrilean eguneratuko dituzte tarifa horiek, aurtengo KPIa kontuan hartuta.

Egokitzeko lanak

Orain, lehiaketa publikoa egingo du Bizkaiko Foru Aldundiak, datozen urteetan eguneroko kudeaketaz arduratuko den enpresa aukeratzeko. Diputatuak nabarmendu du enpresa berriak Avasak Bizkaiko zatian dituen beharginak subrogatu beharko dituela. Bost urtean 81 milioi euroko ekarpena egingo du foru aldundiak; kopuru horretan sartu dute azpiegitura gaurkotzeko egingo duten 15 milioi euroko inbertsioa ere. «Orain ere ondo dago, baina ez da ailegatzen Bizkaiko araudiak eskatzen dituen kalitate mugetara, Europako altuenetakoak dira eta. Beraz, ondo zegoen lehen ere, baina orain are hobeto egongo da». Besteak beste, zoruak, zoladurak eta ezpondak hobetuko dituzte, sistemak egokitu eta azpiegiturak zaharberritu.

Azken urteetan, hainbat eragilek eskatu izan dute ordainpeko errepideak doakoak izatea. Besteak beste, argudiatu izan dute azpiegitura horietan egindako inbertsioa amortizatuta dagoela. Diputatuak esan du ez dagoela amortizatutako errepiderik, denek dituztelako mantentze kostuak. «Erabiltzen duenak ordaindu egin behar du, kutsatzen duenak ordaindu egin behar du: hori da Europatik datorren araua». Ukatu egin du Bizkaia salbuespena denik ordainsariei eusten dielako; kontinentean ohikoa hori dela esan du.

Inguruko lurraldeetan doako egin dituzten beste azpiegitura batzuei erreparatu die, eta esan du haien kalitateak okerrera egin duela. «Eskumako lerroak hondatuta daude, doakoak direnetik milaka eta milaka ibilgailuk erabiltzen dituztelako, eta ezkerrekoak kamioiz beteta daude. Lehen, Miranda de Ebrotik Burgosera joateko ordubete behar zenuen; orain, ordu eta erdi ere bai».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA