Aldarri batek bildu ditu ehunka lagun Bilboko kaleetan gaur: «Euskal Herriko etorkizuna eta elkarbizitza eraikitzen jarraitzeko, urte gehiegi iraun duen auzi horri amaiera ematea beharrezkoa da». Auzi hori Euskal Herriko gatazka da; eta horri amaiera emateko bidea euskal preso, iheslari eta deportatuak aske uztea dela adierazi dute Sare Herritarrak eta Bilboko Konpartsak deitutako manifestazioan parte hartu dutenek.
Plaza Eliptikotik abiatu dira manifestariak, 13:00 inguruan, eta Bilboko udaletxeraino egin dute bidea, eskuan Helmuga denak etxera. Konponbidea. Bakea. Elkarrizketa zioen pankarta zutela, eta «Presoak kalera, amnistia osoa» aldarriak oihukatzen zituztela. Horien aurretik, Bilboko Konpartsetako hainbat ordezkarik Etxera leloa zuen ikurra eraman dute; manifestazioa abiarazi dutenean, Bilboko Kale Nagusian txalo zaparrada batekin hartu dituzte.

Sare herritarrak nabarmendu duenez, Euskal Herriko «gizarte osoaren» erantzukizuna da aferari amaiera ematea. Izan ere, ETAk duela hamabost urte bere jarduna eten zuenean zegoen euskal gizartea eta gaur egungoa «oso ezberdinak» direla esan du Bego Atxa Sareko bozeramaileak; eta, beraz, gizartea «iraganeko logikekin kudeatzen jarraitzea akats bat» dela adierazi du. Horiek horrela, azpimarratu du beharrezkoa dela gizarteko hainbat ertzetatik etorritako jendea —zeinak «gatazkaren inguruko analisi ezberdinak» egiten dituzten— batzea, eta euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari «behin betiko konponbidea ematea».
«Sufrimendua luzatzeak ez du elkarbizitzarik eraikitzen. Gizarte heldu batek aurre egin behar die konpontzeke dituen arazoei, haiei irtenbide bat emateko»
BEGO ATXA Sareko bozeramailea
Xede hori burutzeko, «elkarrizketan, zuzenbidean eta giza eskubideen errespetuan» oinarriturik dauden bideak daudela adierazi du. «Sufrimendua luzatzeak ez du elkarbizitzarik eraikitzen. Gizarte heldu batek aurre egin behar die konpontzeke dituen arazoei, haiei irtenbide bat emateko», esan du Atxak. Presoak etxeratzea «ez da inoren garaipena aldarrikatzea», ezta «inoren porrota adieraztea» ere. «Helmuga konponbidea da. Helmuga elkarbizitza da», nabarmendu du Sare Herritarreko bozeramaileak.
Helmuga horrek presoek Aste Nagusia aske bizi ahal izateko aukera ere hartzen du barnean. Hala kantatu du Haizea Telleria Urkijo Kaskagorriko konpartsakideak: «50 urte beteko ditugu aldarri artean,/ aldamioetan eta jai giroz, Marijaian gonapean./ Beraiek gabe daramazkigun/ berdinak, azken finean,/ eta hutsunea nagusia da/ Nagusia den astean».
Urtarrilak 9
Manifestazioaren antolatzaileek hurrengo mobilizazioaren berri emateko ere baliatu dute gaurko protesta: 2027ko urtarrilaren 9an izango da, Bilbon. Data hori baliatu nahi dute Bilbo askotariko pentsamoldeak dituzten pertsonez betetzeko: «Ez dugu Bilbo inoren aurka bete nahi». Azken urteetan euskal presoen egoerak hobera egin duela nabarmendu duten arren, oraindik egiteko lana badagoela adierazi dute. Horregatik, kalera ateratzeko gonbita egin diote gizarte osoari, «egoera aldatzeko aukera bat» delako.
Adierazi dutenez, heldu da garaia konponbide bat topatzeko: «Gure seme-alabei iraganeko arazoak betikotuko ez dituen gizarte bat uztearen aldeko manifestazioa egingo dugu». Eta «konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde» lerratzeko eskaria egin diote gizarte osoari.
23Zenbat euskal preso bizkaitar dauden. Sarek eta Bilboko Konpartsak antolatutako manifestazioa baliatu dute Bizkaiko euskal presoen datua eguneratzeko. Gogorarazi dutenez, gaur egun 23 dira oraindik kartzelan dauden euskal preso bizkaitarrak.