Proposamena

Estaturik gabekoen doinuak

Musika Bizian jaialdia egingo dute bihar eta etzi, Galdakaon: Galiziako, Flandriako eta Euskal Herriko doinuak, kaleko animazioa eta luthierrak izango dira.

Musika Bizian jaialdiaren antolatzaileak, kartelak jartzen. MUSIKA BIZIAN
Musika Bizian jaialdiaren antolatzaileak, kartelak jartzen. MUSIKA BIZIAN
enekoitz telleria sarriegi
2026ko urriaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Estaturik gabeko herrialdeei eta hizkuntza gutxiagotu eta zapalduei ikusgaitasuna emateko helburuz sortu zuten Musika Bizia jaialdia, Galdakaon (Bizkaia). 2014an egin zuten aurreneko ekitaldia, Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak antolatuta. Hamabigarren aldiz egingo dute bihar eta etzi, Euskal Herriaren antzeko egoeran dauden beste herri eta nazio batzuetako musika, kultura eta hizkuntza plazaratzeko eta uztartzeko asmoz.

Euskal Herriko taldeekin batera, munduko beste bazter batzuetakoak aritzen dira urtero Musika Bizi jaialdian. Oraingoan, Galiziakoak, Flandriakoak eta Afrika iparraldeko amazig herriko ordezkariak ariko dira Iturrondo plazako oholtzan emango dituzten kontzertuetan. Ostiralean, Galiziako Faltriqueiras taldeak abiatuko ditu kontzertuak, eta Kalakan euskal taldea ariko da ondoren. Larunbatean, Flandriako Enbrun taldekoak ariko dira, amazig herriko Agraf Band taldeak hartuko die lekukoa —Rif eskualdekoak dira—, eta Zuberoako Xiberoots taldeak emango dio errematea gauari.

Kontzertuek izaten dute indarra eta sona, baina Taberna Ibiltariak ez du huts egingo aurten ere, eta euskal kantutegiaren errepasoa egingo dute Galdakaoko kaleetan, ostiral arratsaldean. Larunbatean, Iruñeko Ortzadar fanfarrea arduratuko da kaleak alaitzeaz.

Luthierren ordezkaritza

Musika Bizia jaialdiaren beste ezaugarrietako bat musika arloko artisauen eta luthierren azoka izaten da. Larunbat eguerdian egingo dute aurten ere. Ez da batere ohikoa izaten horrenbeste luthier artisautza azoka batean elkartzea: esate baterako, Carlos do Viso (Galizia), Xixo Luthier (Katalunia), Jean Baudoin (Gaskoinia), Ezpelur dultzaineroak (Nafarroa), Osses alboka egilea (Araba), Joxe adargilea (Gipuzkoa) eta Trintxa zur lanketa (Bizkaia). Musika tresnen tailer bat ere egingo dute umeentzat, Trakamatraka proiektuko kideekin.

«Andra Mariren helburuetako bat euskal kultura plazaratzea izan da betidanik; horretan dihardu orain ere, baina munduan egon badaude Euskal Herriaren egoera bertsuan dauden herri eta aberriak; hortaz, horiei ikusgaitasuna emateko antolatu zen Musika Bizian jaialdia 2014. urtean; finean, Euskal Herriaren antzeko egoeran dauden munduko beste herrialde batzuetako musika, hizkuntza eta kulturak erakusteko», azaldu dute Andra Mari Eusko Dantzari Taldeko antolatzaileek.

Eta hizkuntza eta kulturgintza gutxiagotuei lotutako musika jaialdia izanik, munduko «kultura aniztasuna» islatu nahi dute, nabarmendu dutenez: «Badakigu globalizazioak musika entzuteko modua irauli duela oso denbora motzean; beraz, Musika Bizia atzerriko musika entzuteko aukera paregabea da, balioa ematen die-eta hegemonikoak ez diren hizkuntza eta kulturei».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA