Artea

Europako pintzelek irudikatutako Amerika bildu du Bilboko Arte Ederren Museoak

Europako artistek egindako Hego Amerikako eta Karibeko lehen koadroak jasotzen ditu ‘Itsasoaz haraindiko ikuspegiak. Artista bidaiariak Patricia Phelps de Cisnerosen bilduman’ erakusketak. Asier Mendizabalen artelanek osatzen dute ibilbidea.

Gabriel Perez-Barreiro arte aditua, Bilboko Arte Ederren Museoan, Frans Jansz Post margolariaren 1638ko koadroaren ondoan. LUIS TEJIDO / EFE
Gabriel Perez-Barreiro arte aditua, Bilboko Arte Ederren Museoan, Frans Jansz Post margolariaren 1638ko koadroaren ondoan. LUIS TEJIDO / EFE
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko irailaren 18a
15:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia kirrinka egiten entzun daiteke koadroa. Frans Jansz Post margolari herbeheretarrak 1638an ezagutu zuen Brasil lehenengoz, eta Paraiba eskualdeko ibaian nabigatzen ari zela hartu zituen harentzat erabat berri ziren paisaia haren lehen oharrak. Aire zabalean. Inpresionistek teknika hori aldarrikatu baino hainbat mende lehenago. Hala behar. Berriak zitzaizkion begien aurrean zuen fauna eta landaredia, baina, ezinbestean, sorterrian ikasitako eta perfekzionatutako konbentzio piktorikoekin bakarrik irudikatu ahal izan zituen topatu berri zituen palmondo, sustraiak ibairantz luzatzen dituzten landare eta hegazti haiek guztiak. Eta igarri egiten da tentsio hori koadroan. Herbehereetako lautada eta zeruek balio izan ziotelako Brasil pintatzeko, baina ez erabat. Eta hor kirrinka.

Pintoreak irudikatutako berritasun hark berehala piztu zuen herrikideen arreta, eta, denborarekin, aurreneko koadro haren lilura basa hura pixkanaka finduz joan zen artistaren lanetan, harik eta, azkenerako, kostunbrismo exotiko moduko bat bilakatu zen arte. Eta, horregatik, hogei urteren buruan, lehen bidaia hartako inpresio gordin haietatik urrun daude 1663an irudikatutako palmondodun paisaia asmatua erakusten duten koadroko irudiak. Eszenifikatuta. Leunduta. Etxekotuta. Eta, hain zuzen ere, Posten bi koadro horiek abiatzen dute Bilboko Arte Ederren Museoak atondu duen erakusketa: Itsasoaz haraindiko ikuspegiak. Artista bidaiariak Patricia Phelps de Cisnerosen bilduman. XVII. mendeko bi margolan horiekin hasi eta 1890era artean sortutako 150 artelan baino gehiago biltzen ditu erakusketak, eta ibilbideko lehen koadro horretan ikusten den hori biltzen du funtsean bildumak. Ameriketara joandako lehen artista europarrek nola irudikatu zituzten Hego Amerika eta Karibea.

Margolanak ez ezik, argazkiak, mapak, ilustrazioak eta liburuak ere topatuko ditu bisitariak erakusketan. Orain aurkeztu duten arren, urriaren 6an irekiko dute, museoaren eraikin berritua zabaltzen dutenean, eta 2027ko urtarrilaren 21era arte egongo da ikusgai. Baina sasoi hartako margolanez gainera, Asier Mendizabal euskal artista garaikidearen areto bakarreko erakusketa bat ere gehitu diote proposamenari. Hark ixten du ibilbidea, gainera, eta antolatzaileek definitu duten moduan, proposamen osoari «epilogo kritiko bat» gehitzen dio horrek.

Atalik ezezagunena

Erakusketako tituluan zehazten den bezala, Patricia Phelps de Cisnerosen bilduma zabalaren parte dira erakusketan ikusgai dauden artelanak. Estrella de Diego arte historialariak egin ditu komisario lanak, baina, aurkezpenean, Gabriel Perez-Barreirok eman ditu azalpenak. Egun, Nafarroako Unibertsitateko Museoko zuzendari artistikoa da bera, baina urte luzez izan da Phelps de Cisneros bildumaren kontserbatzaile burua ere. Eta, hark zehaztu duenez, orotara, bost atal esanguratsuk osatutako bilduma da Phelps de Cisnerosena. Bildumagileek duela urte gutxi MOMA museoari emandako abstrakzio geometrikoari eskainitako bildumaren atala da bildumaren zatirik ezagunena, eta, kontrako puntuan, hain justu, orain Bilbon ikusgai jarri dutena da ezezagunena. Bitan baino ez da erakutsi osorik. AEBetan, lehenengoz, duela hamar urte, eta Euskal Herrian orain, bigarrenez.

Iritsiera izeneko atalarekin abiatzen da erakusketako ibilbidea. Bertan dira Posten margolanak. Bigarren atalean, berriz, Auguste Morisot margolariak Jean Chaffanjon esploratzailearekin batera Orinoko ibaiaren iturburua ezagutzeko egindako espedizioaren berri biltzen duten margolan, ohar eta irudiak ikus daitezke. Baina margolariek egindako lanak ez ezik, esploratzaileek, ikerlariek, militarrek eta aurreko guztien arteko konbinazio klaseren bat direnek sortutako lanak ere topatuko ditu bisitariak ibilbidean. Tartean dira, esaterako, Camille Pissarro margolari inpresionistaren lanak ere. Parisen ezagun egin zen arren, Kariben sortu baitzen artista, eta behin baino gehiagotan irudikatu baitzituen sorterriko paisaia haiek bere koadroetan.

Ilunabarrak, tenplu zaharren hondakinak, sumendiak eta euri erauntsiak ere ikus daitezke erakusketan. Baina 1980ko hamarkadan amaitzen da ibilbidea. Ez da kasualitatea. Perez-Barreirok argudiatu duenez, orduan hasten baitira agertzen euren formakuntza Amerikan bertan jasotako lehen artista eskolak, eta, beraz, haren hitzetan, orduan hasten baitira pintore mexikarrek irudikatutako Mexikori buruzko koadroak ere. «Irudi nazional baten sorkuntzaren lekukotza ematen dute hemengo lanik gehienek», azaldu du Perez-Barreirok. «Erakusketan ikus daitezkeen lanik gehienak 1820 ostekoak dira, eta ordurako prozesu horren parte ziren herrialde gehien-gehienak, eta, horregatik, ordura arte nagusi zen Espainiako identitateaz bestelako identitate nazional horren bilaketa ere ikus dezakegu lan horietan».

Juan Larrearen oreina

Asier Mendizabalen artelanek ixten dute ibilbidea. Aparteko erakusketa bat da berez, baina Phelps de Cisneros erakusketari lotuta jarri dute ikusgai. Artistak duela hamar urte sortu zuen Estilo-arazoak eta buztinezko ontziak erakusketa. Kolon aurreko arteari eskainitako Quitoko Casa del Alabado museoak egin zion eskaria, eta bertan egon zen ikusgai. Lan hura da orain ikusgai dagoen erakusketaren oinarri nagusia, baina birformulatu egin du sortzaileak Bilbon eta eman zaion testuinguruan erakusteko.

Orduko hartan Paul Rivet antropologo eta etnografo frantsesaren figurari erreparatu zion Mendizabalek. Garai hartako pentsaera zientifiko arrazistari jarraikiz, garezurrak neurtzen aritzen zen Rivet orduan, eta Lur planetaren zirkunferentzia kalkulatzeko Ekuadorrera egindako espedizio batean ere hartu zuen parte 1912an. Neurketa hura egiteaz gainera, etnografoak ehunka zeramika lan ere espoliatu zituen bidaia hartan, eta erakusketa bat ere antolatu zuen haiekin Parisen. Pieza haiek bakartu, hondo zuri baten aurrean jarri eta haien sailkapen zientifiko bat egiten saiatu zen Rivet, eta, hain zuzen ere, inbentario hori hartu zuen Mendizabalek bere artelana eta diskurtsoa osatzeko.

Bilboko Arte Ederren Museoa. Asier Mendizabal artistaren 'Mundua, J.L. bildumaren arabera' erakusketa
Asier Mendizabalen erakusketako irudi bat. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Bilboko Arte Ederren Museoak iaz erosi zuen Mendizabalen lan multzo hori, baina hura erakutsi ahal izateko aitzakia egokiaren zain egon dira arduradunak. Phelps de Cisneros bildumaren erakusketak eman dio orain aukera hori sortzaileari, eta, nolabait ere, haren «kontrapuntu» moduko bat eskaintzen du ibilbidean. «Ondare kolonialari buruzko debate garaikideei heltzen die».

Oraingoan, ordea, berrinterpretatu egin du Quitorako sortutako lan hura, eta izenburua ere aldatu dio horregatik. Mundua, J.L. bildumaren arabera. Izan ere, Juan Larrea poeta bilbotarra eta haren Kolon aurreko ontzien bilduma hartu du orain erakusketa berraktibatzeko palanka gisa. Pablo Picassoren Gernika margolanari buruz lanean ari zela izan zuen lehen pista. Hain justu ere, giltzarri izan baitzen Larrea koadro haren sorreran, eta harena baita koadro haren interpretazioari buruzko libururik esanguratsuenetako bat ere. Bada liburu horretan, Larreak Kolon aurreko ontzi batean topatutako orein zauritu baten irudia aipatzen zuen Picassoren koadroko zaldi zaurituaren erreferentziatzat. Eta ontzi horixe bera ere jarri dute ikusgai, horregatik, Bilboko erakusketan.

Baina bada gehiago. Mendizabalek azaldu duenez, garai hartako ontziteria bilduma esanguratsua osatu baitzuen Larreak ere, eta, kasualitatea, hain justu, Rivet izan zelako haiekin Parisen lehen erakusketa osatu zuena. Gogoeta horiek guztiak biltzen dituen argitalpena ere sortu du artistak Bilborako, euskaraz eta gazteleraz, eta, zehaztu duenez, testu horrek borobiltzen du erakusketa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA