Artea

Euskal artista gazteen saretzea bistaratu du 'Ertibil Bizkaia' erakusketak Bilbon

Aurtengo deialdira aurkeztutako hemezortzi artistaren lanak bildu dituzte Rekalde aretoan. Estela Miguelek eta Markel Gonzalez Elezkanok jaso dute lehen saria, Natalia Suarezek bigarrena eta Jone Elorriagak hirugarrena.

Estela Miguel eta Markel Gonzalez Elezkano artistak, Ertibil Bizkaia deialdian parte hartu duten beste hainbat artistarekin, Bilboko Rekalde aretoan. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Estela Miguel eta Markel Gonzalez Elezkano artistak, Ertibil Bizkaia deialdian parte hartu duten beste hainbat artistarekin, Bilboko Rekalde aretoan. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko abuztuaren 7a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurkezpen bat izan da, baina izan du lagunarteko topaketa baten aire bat ere. Guztira 165 proposamen jaso ditu aurten Ertibil Bizkaia deialdiak, eta haien arteko hemezortzi hautatu ditu aditu talde batek Bilboko Rekalde aretoan antolatutako erakusketarako. Elkarrekin ikasi dute artistetako batzuek. Tailer berean egiten dute lan hainbatek. Eta, are, badira kolaboratu izan duten sortzaileak ere. Eta, hain zuzen ere, artista bakoitzaren lanez gain, artisten arteko harreman sare horixe ere bistaratzen du bildumak.

Hemen proiektuko kide dira Estela Miguel eta Markel Gonzalez Elezkano, esaterako, eta haiek sortutako Hala bazan eta ez bazan lanak eskuratu du aurtengo deialdiko lehen saria. Hain justu ere, pieza hori osatzen lagun izan duten Tripak kolektiboko Natalia Suarez Ortiz de Zarate artistak eskuratu du bigarren saria, 6354 margolanari esker. Azkenik, Jone Elorriaga Soto artistaren Contenida instalazioak jaso du hirugarren saria, eta, hiru lan horiekin batera, epaimahaiak erakusketarako aukeratutako beste hamabost artistak osatu dute zerrenda.

«Oihalek zer poltsiko eduki ditzaketen ikertu genuen, eta hortik abiatuta saiatu ginen haiek desegiten». Miguelek eta Gonzalezek 2016an jarri zuten abian Hemen proiektua, eta Bilboko Erronda kalean dute egoitza. «Neoartisautzako lantegi bat» da gunea, haien hitzetan, eta sorkuntzarako ez ezik, dibulgazio garaikiderako ere baliatzen dute. Ikastaroak eta tailerrak ere ematen dituzte, eta arropa marka propio bat dute: H05. Eta, nolabait, joan-etorriko jardun eta saretze horren guztiaren erakusgarri da orain Ertibil Bizkaian saritutako proiektua ere. Sortzaileen hitzetan, berez, «aitzakia gailu bat» baita haien artelana. Aitzakia bat, «batera egoteko bestelako moduak bilatzeko». Eta aitzakia bat «bizitza berri bat kontatzeko».

«Marrazketa da nire lan prozesuen oinarri nagusietako bat, eta haren freskotasuna eta berehalakotasuna biltzen eta pinturara eramaten saiatzen nabil azkenaldian»

NATALIA SUAREZ ORTIZ DE ZARATE Artista

Eremuak programan parte hartzeko eskari batek abiatu zuen proiektua, eta oihal beltz bat da, funtsean. Edo hori da aitzakia behintzat. Oihal hori poltsikoz, zakuz eta bestelako elementuz beteta baitago, eta, Bilbon lurrean bilduta jarri badute ere, behin baino gehiagotan zabaldu, mugitu, tolestu, eta erabili dute, eta beti era kolektiboan. Zornotzan aurkeztu zuten pieza lehenengoz, eta, era berean, bertan aktibatu zuten lehen aldiz ere, herriko frontoian. Poltsikoz, zakuz eta zuloz betetako oihal horrekin zer egin zitekeen ikertu zuten herritarrekin, eta berriz biziarazi zuten pieza gero, Tripak kolektiboko kideekin, handik denbora batera. Eta, hain zuzen ere, bizialdi horien lekukotza ematen duten hainbat argazki ere jarri dituzte ikusgai Rekalde aretoan.

Bat-batekotasuna

Suarez Ortiz de Zarateren margolanaren erdialdean giza figura etzan bat ikus daiteke. Azaldu duenez, lanean ari denean, pieza batzuek harritu egiten dute bera ere, eta, maiz, sorpresa horri segika sortzen zaizkio ondorengo lanak ere. Hori gertatu zitzaion orain Bilbon ikusgai dagoen 6354 margolanarekin. Olioa, pintura akrilikoa eta espraia uztartzen ditu lanak, eta, nolabait ere, teknika horien arteko joan-etorritzat deskribatu du margolana. «Marrazketa da nire lan prozesuen oinarri nagusietako bat, eta haren freskotasuna eta berehalakotasuna biltzen eta pinturara eramaten saiatzen nabil azkenaldian, berez pinturak, eta batez ere olioak, tempo motelagoak dituen arren».

Askotarikoa da erakusketa. Mikel Laboaren Hegazti errariak abestia entzun daiteke, esaterako, Izaro Mazo artistak aretoan jarritako bideo sorkuntzan. La Plata hiriaren kanpoaldean trenetik ateratako hainbat argazkik osatzen dute Julen Sainz de Rozas Gonzalezen pieza. Idoia Leatxe artistaren bi eskultura ere ikus daitezke aretoan, autoen osagaiak birkonfiguratuz osatutakoa. Eta, azkenik, Ibon Landa artistak aldizkariak metatuz osatutako piezak ixten du ibilbidea.

Ertibil Bizkaiak 44. aldia izan du aurtengoa. Deialdian parte hartu nahi duten artistek 35 urtetik behera izan behar dituzte beti, eta Bizkaikoak izan behar dute edo, bestela, Bizkaian aritu behar dute ikasten edo lanean. Erakusketan parte hartzeko hautatutako artista bakoitzak 2.000 euro jasotzen ditu, eta lehen sariaren irabazleak 7.000, bigarrenaren irabazleak 5.000 eta hirugarrenaren irabazleak 4.000 euro. Gainera, Japonian bi hilabeteko egonaldi artistikoa egiteko aukera izango dute lehiaketan saritutako artistek.

Erakusketa ibiltaria

Duela sei urte jarri zituzten martxan egonaldi horiek, eta antolatzaileak pozik azaldu dira orain artean izandako emaitzekin. Kultur trukea sustatzen duelako, batetik, eta baita artistei euren lan esparrua zabaltzeko aukera ematen dielako ere, bestetik. Aurtengo sarituek 2027ko uztailean eta abuztuan egingo dituzte egonaldiak.

Hain zuzen ere, Ertibilek «bi helburu» duela aipatu du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak. Batetik, artista gazteei euren ibilbide profesionalaren hasieran laguntzea, eta euren lanak Bizkaian erakusteko aukera ematea. Horregatik erakusketa ibiltaria izan ohi da, eta lanak, Bilboko Rekalde aretoan ez ezik, Barakaldon, Basaurin eta Igorren ere egongo dira ikusgai datozen hilabeteetan.

egoitzak

ARTISTAK

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA