Euskara «hizkuntza antifaxista» dela aldarrikatuko du EHEk Durangoko kaleetan

Abenduaren 5ean eginen dute manifestazioa, euskararen egoera larriari buruzko «kontzientzia» hartzeko eta «ekintzara pasatzeko».

EHEren agerraldia, gaur, Durangon, abenduko manifestazioa iragartzeko. EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ
EHEren agerraldia, gaur, Durangon, abenduko manifestazioa iragartzeko. EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ
Ion Orzaiz.
2026ko irailaren 23a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larrialditik ekintzara. Euskararen pizkundea inoiz baino beharrezkoagoa dela berretsiko du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak, heldu den abenduaren 5ean Durangon (Bizkaia) eginen duten manifestazioan. Euskara hizkuntza antifaxista lelopean aterako dira kalera, euskararen aldeko borroka «lehen lerrora» eramateko xedez. Gaur eman dute mobilizazioaren berri, Durangoko Landako Gunean eginiko agerraldian.

«Pizkundearen aldarriari eutsiz, behin eta berriz adierazi dugu larritasunaren kontzientzia hartzeko eta ekintzara pasatzeko garaia dela», azaldu du taldeak. Uste dute euskarak ezinbesteko dituela «euskaltzale kontzientziatuak eta, batez ere, antolatuak», ofizialtasunaren eta eskubide linguistikoen aldeko borroka indartzeko: «Ari gara, baina egoerak eskatzen du erritmoa bizkortzea, berehala eta nahitaez».

EHEko kideek euskara eta antifaxismoa lotu dituzte aurtengo leloan, «gero eta hurbilago eta harroago» sumatzen dituztelako eskuin muturra eta faxismoa, hala instituzioetan nola kalean: «Aurkako indarrak gero eta bortitzago ari dira. Helburutzat dute autoritarismoan, militarismoan, errepresioan nahiz kolektibo gutxiagotuen zapalkuntzan sakontzea, herritarron eskubide sozialak urratuz eta murriztuz».

Eskuin muturrak hauspotutako fobien artean euskara dagoela nabarmendu du EHEk. «Gero eta ugariagoak dira euskaldunon aurkako erasoak, sententzia judizialak, epaiketak edota diskurtso euskarafoboak», adierazi dute. Eta eskuin muturra munduan barna hedatzen ari den garaiotan, inoiz baino garrantzitsuagotzat jo dute, batetik, «olatu erreakzionarioaren aurka eta justizia sozialaren alde kaleak hartzea» eta, bestetik, «aliantzak sendotzea» herri mugimenduko eragileen artean.

Euskara eta independentzia

Euskal Herri antifaxista nahi du EHEk, eta herri hori euskalduna izanen dela aldarrikatuko dute abenduko manifestazioan: «Ez dugu euskararik gabeko Euskal Herririk ulertzen, ezta nahi ere. Euskarak egiten gaitu herri eta herririk ezean, ez dago herri antifaxistarik ere. Euskal Herritik faxismoari aurre egingo badiogu euskaraz egingo diogu».

Independentziaren eta euskararen aldeko aldarrikapenak ere uztartu ditu taldeak: «Badakigu Frantziako eta Espainiako estatu kolonial eta inperialisten menpe, euskararen bazterketa betikotuta dagoela. Horregatik diogu independentzia behar dugula, behingoz, bi estatu arrotz horiengandik askatu eta zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri euskalduna eraikitzeko».

Aldarri horiek guztiak ozenduko dituzte datorren abenduaren 5ean, 13:30etik aurrera, Durangoko Landako Gunetik abiatuko den manifestazioan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA