Duela bostehun urteko Bizkaia bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da datozen asteetan. Hainbat ekitaldi instituzional eta akademiko egin dituzte aurten Bizkaiko Foru Berriaren bosgarren mendeurrena gogoratzeko. Orain herritarrekin ospatu gura dute Batzar Nagusiek eta diputazioak. Horretarako, Hortzmuga Teatroa konpainiari Foru Bizia ikuskizun ibiltaria enkargatu diote. Zapatuan estreinatuko dute Getxon, eta ondoren beste herri batzuetan ere ikusi ahal izango da: Santurtzin, Ermuan eta Arrigorriagan, hurrenez hurren.
Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira. Hortzmuga Teatroa konpainiako Alex Antunez, Mar Garcia Serrano, Gabriel Ocina eta Maite Fombellida aktoreak izango dira istorioa kontatuko dutenak, eta talde artistikoa Nerea Vesga eta Ibon Huarte dantzariek osatuko dute. Ander Blascoren zuzeneko musika eta Pixeles Muertos DJaren laguntza ere izango dute ikuskizunean.
Zapatuko ibilbidea Bizkaia Zubiaren inguruetan hasiko da, eta Kale Nagusitik, Geltokiaren Plazatik eta Ibaiondotik igaroko da, Santa Eugenia Plazan amaitu arte. Tokian tokiko kulturgileek ere parte hartuko dute ikuskizunean. Hala, Getxoko emanaldian Zozoak abesbatzak, Zasi Eskola dantza taldeak eta Berantzagi dantza taldeak ere hartuko dute parte.
Urriaren 30ean, Santurtziko ibilbide ibiltaria portuan hasi eta Parke Nagusian amaituko da. Maitia abesbatzak, Santurtzi Kantarik eta Bihotz Gaztea, Zugaitza eta Mendi Alde dantza taldeek ere hartuko dute parte. Azaroaren 7an joango dira Ermura. Han osatuko duten ibilbideak Orbe Kardinalaren plazan izango ditu abiapuntua eta bukaera. Txindurri eta Pispillu dantza taldeek lagunduko dituzte Hortzmugakoak. Azkenik, Arrigorriagan, Pergola, Argalaren enparantza eta Udaletxeko plaza zeharkatuko ditu azaroaren 14an, Aritz Berri dantza taldeko kideak eta Eki Eder abesbatzakoak ere tartean direla.Â