Freedom Flotillako kideek badakite ez dagoela bermatuta Gazara iristea: «Hala ere, itsasoratu gara», nabarmendu dute. Izan ere, elkartasun ontzidiak antolatzea «beharrezkotzat» jotzen dute ekintzaileek, «Palestinak behar baitu begiratzen, salatzen eta jarduten jarrai dezagun». Gazara iristeaz gain, arreta berriro gatazka horretan jartzea da abiatu duten flotillaren helburuetako bat: Gazara abiatu aurretik, Europako hainbat portu bisitatzen ari dira, eta asteartera arte Bilbon izango dira.
«Boikotatu Israel, Palestina askatu» oihuen artean, dozenaka herritarrek ongietorria egin diote Kate itsasontziko eskifaiari, Bilbon. Israelek Gazan ezarritako blokeoari aurre egitea helburu duen ontzidi berriko ontzietako bat da hori, eta asteartera arte izango da Itsasmuseumen. Egonaldi horren ostean, Vigora (Galizia), Lisboara (Portugal), Velez-Malagara (Espainia) eta Deniara (Herrialde Katalanak) joango da Kate. Gero, Italian egingo du geldialdia, Sizilian, eta handik Gazara joan zuzenean, beste hainbat itsasontzirekin elkartu ostean.
Kate abuztuaren 17an irten zen Bristoldik (Ingalaterra), eta Irlandan, Alemanian eta Frantzian egin ditu geldialdiak. Hori guztia Handala II itsasontziarekin hasi zen kanpaina baten barruan. Beste ontzi hori maiatzaren 14an irten zen, Suediatik, eta ekainaren 15ean Norvegiarako bidea hartu. Gero, Danimarkatik igaro da. Handala II ere Bilbora iristea zen asmoa, baina ezin izango du bidaiatzen jarraitu, matxura baten ondorioz.
«Gazara iristea ez dago bermatuta. Hala ere, begiratzen, salatzen eta jarduten jarrai dezagun behar du Palestinak»
FREEDOM FLOTILLA
Antolatzaileek nabarmendu dute funtsezko bi fasetan banatzen dela flotillaren misioa, eta horietako lehena dela Europako kontinenteko portuak zeharkatzea, gizarte zibila mobilizatzeko. Horiek horrela, herritarrak deitu dituzte Bilboko itsasadarraren ezkerraldean —Portugaleteko mareometroan— eta eskuinaldean —Getxoko Txurruka kaian— batzera, eta Palestinako banderak astindu eta bengalak piztera, Kate itsasontzia Bizkaia zubiaren azpitik igarotzen laguntzeko.
Aldi berean, Bilbotik abiatu den bizikleta martxa bat ezkerraldetik joan da Bizkaia zubiraino, eta eskuinaldetik, eskifaiari lagundu dio Bilboko Itsasmuseumeko zabalguneraino. Dozenaka herritar elkartu dira, eta ohorezko aurreskua, dantza palestinarrak eta ongietorri hitzak ez dira falta izan. Besteak beste, Amets Arzallusen bertsoak eta Txinparta batukadaren musika doinuak entzuteko aukera izan dute ekintzaileek eta bildutako lagunek.
Ekitaldiak Bilbon
Asteartera arte Bilboko Itsasmuseumen izango da Kate itsasontzia, eta ez da ekitaldirik faltako. Bihar, solasaldi bat egingo dute 17:00etan, museoaren sarreran: Teresa Aranguren kazetariak, Koldo Alzola ekintzaileak eta Fouad Baker abokatu palestinarrak parte hartuko dute. Azoka palestinarra ere izango da. Geroago, 19:00etan, kontzertua egingo dute La Furia eta La Basu rap kantariek, Follow the Party taldearekin batera.
Astelehen goizean, prentsaurrekoa egingo dute; eta, asteartean, agur egingo diote Kate ontziari: besteak beste, Euskal Herriko bi kazetarik —horietako bat BERRIAkoa— bidaiatuko dute flotillako kideekin, Vigoraino.