Gizarte zerbitzuetan dagokien partearen kargu egiteko eskatu die Bilbok Bizkaiko gainontzeko udalei

Gizarte bazterketako egoeran daudenei arreta emateko lekuen %78 Bilbon daudela esan du Juan Mari Aburto alkateak. Iaz, hiriburuko udal gizarte zerbitzuek 129.069 pertsonari lagundu zieten.

Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotzia, Juan Mari Aburto alkatea eta Asier Alustiza Gizarte Ekintzako zuzendaria, gaur, Bilboko udaletxean. BILBOKO UDALA
Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotzia, Juan Mari Aburto alkatea eta Asier Alustiza Gizarte Ekintzako zuzendaria, gaur, Bilboko udaletxean. BILBOKO UDALA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko uztailaren 17a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizarte bazterketako egoeran dauden 206 pertsonari eguneko arreta emateko lekua du Bilboko Udalak. EAEko Gizarte Zerbitzuen Mapak 91rentzako lekua eskatzen dio, eta 2030erako 101 izatea. Gaueko arretan, 264 lagunentzako lekua dute; maparen arabera, 128 izan beharko lituzkete, eta 2030erako, 137. Dagokiona baino gehiago ematen du, beraz. «Bizkaian dauden lekuen %78 ditugu Bilbon, eta guk bakarrik ezin diegu herrialde osoko beharrei erantzun», azpimarratu du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Dagokien partearen kargu egiteko eskatu die Bilbok herrialdeko gainontzeko udalei. «Bai, Udalkutxaren %35 Bilborentzat da, baina gizarte zerbitzuetan, %78 jartzen du Bilbok», ohartarazi du, hiriburuak populazioz dagokiona baino finantzaketa handiagoa jasotzen duela kexatu ohi diren alkateei erantzunez. Nolanahi dela, haienera laguntza eske doazen guztiei arrera ematen jarraituko dutela esan du.

Iaz udaleko Gizarte Zerbitzuek egindako balantzea jendaurrean azaldu du Aburtok gaur, eta, arlo horretan «konpromiso sendoa» dutela erakusteko, beste datu batzuk ere nabarmendu ditu. Esaterako, bazterketa egoeran daudenei arreta emateko, guztira, 2019an 500 leku zituzten, eta gaur egun 1.034 dituzte. «Zazpi urtean bikoiztu egin ditugu». Aurrekontuari ere erreparatu dio: 2019tik, udalean exekutatutako aurrekontu osoa %29 handitu da, eta Gizarte Ekintzako Sailarena, %34. Hala ere, alkateak onartu du ez direla bazterketari konponbidea ematen ari. «Baliabide hauek ditugu, eta ezin dugu irtenbide globalik eskaini. Baina, behintzat, milaka herritarren bizitza hobetzen ari gara».

Bilboko udal gizarte zerbitzuek 129.069 pertsonari eman zieten arreta iaz. «Biztanleria osoaren %36,34 dira. Beraz, argi geratzen da ez direla muturreko egoeran dauden herritarrentzako zerbitzuak bakarrik». Esaterako, kopuru horretan daude sartuta mendekotasun maila aztertzeko eske joaten direnak edo etxez etxeko arreta zerbitzua gura dutenak. «Gutako edozeinek edonoiz behar dituen kontuak dira». Izan ere, oinarrizko gizarte zerbitzuak dira sistemarako sarbidea. Hain zuzen, etxeko laguntza zerbitzuan 4.930 pertsona lagundu zituzten, 530.901 laguntza ordurekin.

«Baliabide hauek ditugu, eta ezin dugu irtenbide globalik eskaini. Baina, behintzat, milaka herritarren bizitza hobetzen ari gara»

JUAN MARI ABURTO Bilboko alkatea

Muturreko egoerei dagokienez, Elejabarriko udal aterpetxean 2.581 pertsona artatu zituzten iaz. Gainera, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuak 9.748 pertsona lagundu zituen. Etxe barik geratu ziren 192 familiari eman zieten ostatu; hau da, 588 pertsonari —horietatik 315 adingabeak ziren—. Neguko hotzaldietan martxan ipinitako programa berezian, kale gorrian lotan zeuden 456 pertsonari eman zieten aterpe. 265 familiak jaso zuten oinarrizko erosketetarako txartela, eta jantoki sozialetan 323.390 menu zerbitzatu zizkieten 1.849 pertsonari.

Iaz, 61,9 milioi euroko aurrekontua izan zuen Bilboko Gizarte Ekintzako Sailak, baina azkenean 66 milioi euro erabili zituen. Gehiena mendekoen autonomia sustatzeko erabili zuten —25,6 milioi—. Gizarteratzen laguntzeko eta bazterketa egoeran daudenei arrera emateko beste 20,6 milioi euro erabili zituzten. Batez beste, 208,94 euro inbertitzen ditu Bilbok pertsonako. Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako hirien batezbestekoa 156,15 eurokoa da.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA