Gurutzaontzietan datozenek 7,70 euroko tasa ordaindu beharko dute Getxon

EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Ahal Dugu-k tasa turistikoaren ordenantza adostu dute, eta gaur osoko bilkuran onartu. Aurten 104 gurutzaontzi ailegatu dira Getxoko kaira, eta 233.236 bidaiari ekarri dituzte guztira.

Gurutzaontzi bat Getxoko portuan, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Gurutzaontzi bat Getxoko portuan, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urriaren 29a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hala udal gobernuan dauden bi taldeek, hau da, EAJk eta PSE-EEk, nola Elkarrekin Ahal Dugu-k akordioa egin dute Getxoko tasa turistikoak arautzeko, eta gaurko osoko bilkuran onartu dute ordenantza. Urtarrilean sartuko da indarrean. Erabaki dute gurutzaontziei, apartamentu turistikoei eta erabilera turistikorako etxebizitzei baimendutako gehienezko tasa ezartzea. Horrez gainera, foru arauak aukera ematen die %50erainoko errekargua ezartzeko udalerriko ostatu lekuak 750 edo gehiago direnean. Getxok baldintza hori betetzen du, eta tasa guztiei %10eko errekargua ezartzea adostu dute. Hala, gurutzaontzietan datozenek 7,70 euro ordaindu beharko dituzte porturatuta egiten duten egun bakoitzeko —zazpi euro eta %10eko errekargua—, erabilera turistikoko etxebizitzetan ostatu hartzen dutenek 7,15 euro, eta apartamentu turistikoetakoek 3,85 euro. Gainontzeko establezimendu turistikoei, berriz, foru arauak proposatutako aukeretan apalenak ezartzea adostu dute, baina horiei ere %10eko errekargua jarriko diete.

Udal gobernuaren eta Elkarrekin Ahal Dugu-ren esanetan, «Getxoko errealitatera» egokituta ezarri dituzte kopuruak, tasarik handiena ezarritako hiru establezimendu motak dira-eta hirian «inpaktu handiena» dutenak. EH Bilduko zinegotziak, bestalde, abstenitu egin dira; izan ere, uste dute lau eta bost izarreko hotelek ere gehienezko tasa behar dutela, «kategoria edo prezio handiagoko establezimenduetan ostatu hartzen dutenek gehiago lagundu dezaten». Gainera, errekargurik handiena jartzearen aldekoak dira, «baliabideak izan daitezen turismoak sortzen dituen beharrei erantzuteko». PPko hautetsiek aurka bozkatu dute, haien ustez turismoa ez baita «zigortu» behar; ohartarazi dute arriskua dagoela halako neurriek «turistak uxatu eta Getxoren lehiakortasunari kalte egiteko» .

Martitzenean bukatu zen gurutzaontzien denboraldia Bizkaian. Bilboko Portu Agintaritzak eman dituen datuen arabera, Getxoko kaiak markak hautsi ditu berriro ere: 104 ontzi ailegatu dira, eta 233.236 bidaiari ekarri dituzte. Hau da, iaz baino bederatzi ontzi gehiago, eta %29 bidaiari gehiago. Bidaiarien erdiak britainiarrak izan dira. Bakoitzak 146 euroko gastua egin du Bizkaian, ostalaritzan, merkataritzan, garraioan eta kultur jardueretako sarreretan. Beraz, Portu Agintaritzaren esanetan, 34 milioi euroko inpaktua izan dute Bizkaiko ekonomian. Bederatzi gurutzaontzik igaro dute gaua Getxon, eta haietako hiruk han hasi eta bukatu dute ibilbidea. Gainera, estreinakoz hiru ontzi egon dira kaian aldi berean, sei egunez. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA