Bizkaian, Espainian eta Herrialde Katalanetan lau pertsona ikertzen ari da Guardia Zibila, iruzur egitea, dirua zuritzea eta talde kriminal bateko kide izatea egotzita. Ikerketako iturriek azaldu dutenez, ikertuek profil faltsuak erabiltzen zituzten berehalako mezularitzako aplikazioetan, eta, horien bidez, ekarpen ekonomikoak egiteko eskatzen zieten biktimei, gero diru gehiago eskuratuko zutela eta etekin handiak lortuko zituztela aginduta.
Biktima batek salaketa jarri ostean, ikerketa abiatu zuen Guardia Zibilak: ustez, ordainsari ekonomiko txikiak eskaini zizkioten hari, aplikazioetako talde baten bitartez sare sozialekin lotutako zeregin sinpleak egitearen truke, hala nola profilak jarraitzea eta erabiltzaileekin elkarreraginean aritzea, haien argitalpen bitartez.
Konfiantza sortzeko, hasieran, ordainketa txikiak egiten zizkieten gaizkileek biktimei, ustezko irabazi sistemari egiazko itxura eta sinesgarritasuna emateko. Ondoren, zeregin konplexuagoak eskatzen hasten ziren iruzurgileek, eta ekarpen ekonomikoak egin behar izaten zituzten biktimek, gero diru gehiago eskuratuko zutelakoan eta etekin handiak lortuko zituztelakoan.
300 euroraino
Eskatutako zenbatekoak gora egiten zuen pixkanaka, harik eta, une batetik aurrera, agindutako ordainketak amaitu eta biktimekiko edozein komunikazio eteten zuten arte. Hasieran 50 eta 100 euro eskatzen zizkieten; biktima batzuei, 300 euro ere bai.
Guardia zibilek banku mugimenduak eta konexio teknologikoak aztertu zituzten, eta biktimek bidalitako dirua jasotzeko erabilitako hainbat banku konturen titularrak identifikatu zituzten. Ikerketari esker, Espainiako zenbait probintziatan bizi diren biktimak identifikatu zituzten, hala nola Huelvan, Madrilen, Jaenen, Asturiasen eta Sevillan; baita Valentzia eta Tarragonakoak ere (Herrialde Katalanak).
Eginbideak Barakaldoko (Bizkaia) Instantzia Auzitegiko Sekzio Zibileko eta Instrukzioko Epaitegiaren esku utzi dituzte.