Bizkaian karabela portugesen ziztadengatik artatutako bainulariak iaz halako zortzi izan dira

Bizkaiko Foru Aldundiak hondartza denboraldiaren balantzea egin du. Oraindik aztertzen ari dira klima aldaketagatik lehenago hasi eta beranduago bukatzeko aukera.

Arenako hondartza, Muskiz eta Zierbena artean, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Arenako hondartza, Muskiz eta Zierbena artean, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko urriaren 8a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko golkoan geratzeko etorri dira karabela portugesak, Aztiren arabera, eta bainulariek gero eta gehiago sufritzen dituzte. Iaz, hondartza denboraldian 92 lagun artatu zituzten sorospen zerbitzuek Bizkaian; aurten halako zortzi izan dira: 778. Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza diputatuak esan du datozen urteetan zer egin daitekeen aztertzen ari direla Eusko Jaurlaritzarekin eta sorospen zerbitzuekin: «Ikusi beharko da hondartzetara joatea eragotz ahal den, eta zelan».

Ziztadak gorabehera, uda lasaia izan da herrialdeko hondartzetan. Oro har, sorospen zerbitzuek iaz baino lan gehiago izan dute, baina, berbarako, murriztu egin dira uretan egin behar izan dituzten erreskateak. Diputatuak esan du itsasoaren egoera hobeak lagundu duela, denborale gutxiago egon baitira. Hala ere, Mundakako Laidatxu hondartzan 71 urteko gizon bat hil zen irailaren 14an bainua hartzen ari zela, ondoezik sentitu ondoren.

Ura 2025ean baino gradu bat gehiago berotu da aurtengo uda denboraldian: batez besteko tenperatura 22,39 gradukoa izan da. Itsas ekosistementzako txarra den arren, bainua hartzeko tenperatura atseginagoa izan da. Udako beroak eta sikateak ere mesede egin die hondartzei, gozatzeko eguraldi aproposa egin baitu. Iaz baino egun eguzkitsu gehiago izan dira aurten, eta batez ere iaz baino hamalau egun gutxiagotan egin du euria: sei egunetan. Hala ere, hareatzetara joandako jende kopuruan ez da egon gorakada adierazgarririk: 2,6 bisitariren bueltan ibili dira, iazko kopuruaren parean.

Arantza Atutxa Bizkaiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza diputatua, gaur, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Arantza Atutxa Bizkaiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza diputatua, gaur, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Datuak biltzean ez dute kontuan hartu maiatzeko beroalditik ihesi hondartzara joan ziren bizkaitarren kopurua, denboraldia hasi barik zegoelako oraindik. Atutxak esan du oraindik ez dutela erabakirik hartu lehenago hasi eta beranduago bukatzeari buruz. Esan du jakitun direla klima aldaketan ondorioz udaldia luzatu egingo dela, baina erabakia udalekin batera hartu behar dutela ohartarazi du, haiek ere haien eskumenekoak diren zerbitzuak eman behar dizkietelako hondartzara doazenei. «Denboraldia luzatzeko zer baliabide beharko genituzkeen aztertzen ari gara, eta lege aldetik kontratazioan zer egokitzapen egin beharko genituzkeen». Atzo bertan bildu ziren hondartzak dituzten herrietako udalekin, baina alkateek ez zioten iritzi zehatzik eman diputatuari. Esan du hurrengo denboraldirako erabakiren bat hartua izango dutela.

%10

Zenbat hazi den bainu lagunduaren zerbitzua erabili dutenen kopurua. Bizkaiko zortzi hondartzatan bainu lagunduaren zerbitzua egoten da, elbarrientzat edo mugikortasun arazoak dituztenentzat. Aurten, 4.878 pertsonak erabili dute, iaz baino %10 gehiagok. Gehienek Ereagako, Gorlizko eta Arena hondartzetan erabili dute.

Oro har, bisitariek nota ona ipintzen diete diputazioak eta udalek hondartzan eskaintzen dizkieten zerbitzu horiei. Batez besteko balorazioa 8,36 puntukoa da, 1etik 10erako eskalan. Segurtasunaren arloak jaso du notarik onena: 9,26. Garbitasunak ere ia 9ko nota jaso du. Iazko datuen aldean hondakin gutxiago bildu dira Bizkaiko hondartzetan. Atutxaren esanetan, itsas denborale gutxiago egon direnez, zabor gutxiago ekarri du urak. Hala ere, 320.420 kilo bildu dituzte itsasertzean. Errefusari dagozkion edukiontzietan 106.700 kilo hondakin bildu dituzte, eta 44.435 kilo edukiontzi horietan. Azken urteetan hondartzan ahaztutako jostailuak berreskuratzeko programa bat du diputazioak Plentzian, Gorlizen, Arriateran, Arenan eta Isuntzan. 50,7 kilo jostailu batu dituzte, eta horietatik berrogei Kooperari eman dizkiote, berrerabiltzeko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA