Lehen sektorea eta Bizkaiko Diputazioa, klima aldaketara zelan egokitu aztertzen

Aurtengo sikatearen kalteei aurre egiteko laguntzak adostu dituzte foru aldundiak eta sektoreko eragileek. Egiturazko neurriak ere elkarrekin pentsatzeko konpromisoa hartu dute.

Behiak, 2022ko udan, Mungiako belardi siku batean. BERRIA
Behiak, 2022ko udan, Mungiako belardi siku batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko urriaren 20a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda gogorra izan da Bizkaiko lehen sektorearentzat, eta, eragileekin egoera aztertu ondoren, foru aldundiak sikatearen ondorioei aurre egiteko laguntzak banatuko ditu herrialdeko nekazaritzako eta abeltzaintzako mila ustiategi ingururen artean. Horretarako 1,5 milioiko funtsa sortu du, Arantza Atutxa Nekazaritza eta Ingurune Naturala Sustatzeko diputatuak Batzar Nagusietan adierazi duenez. Halere, aitortu du sikateak eta beroak eragindako gastu estrei aurre egiteko baino ez dutela balioko: «Aurrerantzean ere klima aldaketaren ondorioak jasaten jarraituko dutela kontuan hartuta, hausnarketa bat egiteko eskatu diogu sektoreari», esan du diputatuak.

Atutxak adierazi duenez, sektorea «erresilientea» bihurtu behar da, aldaketetara egokitu dadin. Aipatu du, besteak beste, mendi publikoetan ura bermatzeko beharra. Gai horri dagokionez, Bizkaiko EHNE sindikatuko Unzalu Salterainek esan du iturburuak aztertu behar direla: «Azken urteetan zer bilakaera izan duten ikusi beharko da, sasoi lehorrenetan sikatu ote diren edo bidea aldatu duten ikusteko. Eta inbertsioak ere egin beharko dira».

Bazka bermatzearen garrantziaz ere egin du berba Salterainek. Azken urteetan Bizkaian aldaketa batzuk egon direla esan du; adibidez, arto sail handiagoak ereiten hasi dira.  Sindikatuak «herri ikuspegia» eskatu du, eta uste du Araba eta Nafarroa hornitzaile aproposak izan daitezkeela. «Gaur egun garagarra eta garia ekoizten da, baina beste labore batzuk ere erein behar dira, batez ere proteina aldetik kanpoko ekoizleekin dugun mendekotasuna txikitzeko. Azken batean, ekoizpenari dagokionez ere burujabetza irabazi behar dugu, klima aldaketari egokituta». Adibidea Araban topatu du; izan ere, bada han kooperatiba bat, zeinak azken 30 urteetan artoa ereiten duen eta abeltzainekin akordioak egiten dituen. Salterainek uste du horrelako eredu gehiago behar direla.

«Gaur egun garagarra eta garia ekoizten da, baina beste labore batzuk ere erein behar dira, batez ere proteina aldetik kanpoko ekoizleekin dugun mendekotasuna txikitzeko. Azken batean, ekoizpenari dagokionez ere burujabetza irabazi behar dugu, klima aldaketari egokituta»

UNZALU SALTERAIN Bizkaiko EHNE sindikatuko kidea

Era berean, Bizkaiko EHNEko kideak esan du uraren kudeaketan eta kontsumoan kultura aldaketa beharko dela. Gero eta gehiago dira euri ura biltzen duten ekoizleak, ortuak ureztatzeko, ukuiluak garbitzeko eta enparauetarako. Azken batean, sikate sasoian ur edangarria falta denerako konponbideak dira, eta, Salterainen arabera, baita egoera horretara ailegatu aurretik ura erabiltzeko modu zuzenagoa ere. Haren ustez, etxaldeetan eta baserrietan ezinbestean egin beharko dituzte horrelako moldaketak, eta ohartarazi du diputazioak aldaketa horiek lagundu beharko dituela.

Sindikatuak dagoeneko aurkeztu ditu bere proposamenak Eusko Jaurlaritzak antolatutako krisi mahaian. Salterainek espero du mahai hori iraunkor bihurtzea, arazoek denboran iraun egingo baitute. Erabakiak sektorearekin adostutakoak izan behar dutela azpimarratu du, Bizkaian aurtengo sikatearen ondorioei aurre egiteko laguntzak negoziatu diren legez. Bizkaiko EHNEk baldintza bi ipini zizkion diputazioari: kalteen erdia ordaintzen lagundu behar dutela eta gehienez zenbat diru jaso ahal izango den ere zehaztuta uztea. Biak onartu dizkio diputazioak.

Atutxak Batzar Nagusietan azaldu duenez, Lursail elkarteari eskatu zioten sektorearen egoeraren azterketa bat egin zezala, ekoizle bakoitzak zenbateko kalteak izan dituen jakiteko. Elkarteak egindako txostenean oinarritu dira dekretua idazteko. Hala, ustiategi bakoitzak 7.500 eurora arteko laguntza jaso ahal izango du, nagusiki nekazaritzan jarduten duen pertsona bat badu; pertsona gehiago dituzten ustiategien kasuan, 10.000 eurokoa izango da laguntza. Horretarako, Bizkaiko abeltzaintza eta nekazaritza erregistro ofizialetan izena emanda egon beharko dute, eta gutxienez 3.500 euroren diru sarrerak izan beharko dituzte. Laguntza hauek ofizioz banatuko ditu diputazioak, «burokrazia arintzeko».

Otei baserria eta hiltegia

Gaurko batzordean, Eako Otei baserriaz ere eztabaidatu dute batzarkide taldeek, diputatua gabe. XVIII. mendekoa da, eta ondare balio itzela du. 1990eko urteetan eskuratu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, baina azken urteetan utzita dago. Martxoan saltzeko aukera aipatu zuen Arantza Atutxa diputatuak Batzar Nagusietan. 

EH Bilduk arauz besteko proposamen bat aurkeztu du gaur, lehen sektoreak dituen egiturazko arauei konponbidea ematen lagun dezakeen erabilera bat emateko. Koalizioak eta Elkarrekin Bizkaia taldeak babestu dute. PPk abstentziora jo du, iruditu baitzaio diputazioa erabaki bat hartzera behartzeko modua zela. EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dutenez, ez da proposamena onartu.

Iratxe Arriola EH Bilduko batzarkidearen esanetan, koalizioak aurkeztutakoa aukera bat baino ez da. Asmoa lanketa bat martxan jartzea izan da, erabilera bat emateko. Elkarrekin Bizkaia taldeak horregatik onartu du proposamena, nahiz eta hura erabiltzeko proposamen batzuek ez duten konbentzitu Eneritz Madariaga bozeramailea. PPko Diego Pagadigorriak esan du orain dagoen bezala edukitzea baino egokiagoa dela edozein erabilera.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Batzordearen bilkura, gaur, Bilbon. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Bizkaiko Batzar Nagusietako Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Batzordearen bilkura, gaur, Bilbon. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK

Hiru eraikinek osatzen dute etxaldea: Otei baserria bera, zaintzailearen etxea eta Allu baserria. Arriolak proposatu du Allu eta zaintzailearen etxea etxebizitzak sortzeko birmoldatzea, alokairu sozialean emateko edo saltzeko. Lehen sektorean jarduteko konpromisoa hartzea izango da hura eskuratzeko baldintza. Hain zuzen, etxe horietara bizitzera joango direnentzat izango lirateke lursailak, edo bestela lur banku publiko edo komunitarioetarako. Azkenik, Otei baserrirako zenbait proiektu irudikatu ditu Astuik: artzain edo nekazaritza eskola, artilea lantzeko zentroa, umeentzako baserri eskola…

Horrez gain, EH Bilduk gura izan du Batzar Nagusiek diputazioari eska ziezaiotela Lea-Artibain edo Busturialdean hiltegi bat jartzeko aukera azter zezala. Eskaera hori ere bertan behera geratu da. Jesus Lekerikabeaskoa bozeramaile jeltzaleak esan du diputazioa dagoeneko aztertzen ari dela Bizkaian hiltegi bat bultzatzeko aukera sektoreko eragileekin. EAJko kideak nabarmendu du diputazioaren eta sektorearen arteko harremanak «inoizko ondoen» daudela oraintxe bertan. 

Lekerikabeaskoa Otei baserriaren inguruan eztabaidatzeko prest agertu da. Baina EH Bilduk egindako proposamena kritikatu du. Gogora ekarri du duela urte batzuk Lea-Artibaiko alkateek etxalde pribatu bat erosteko aukera aztertu zutela EH Bildukoek proposatuta. Helburua zen lehen sektorerako proiektu bat bultzatzea. Lekerikabeaskoaren esanetan, hautetsi jeltzaleek gurago izan zuten Otei baserri honetan sustatu proiektu hura, diputazioarekin elkarlanean, baina EH Bildukoek ez zuten argi ikusi, eta azkenean baztertu egin zuten asmoa. «Zuek gura duzuena da lehen zuen alkateek egin gura izan ez zutena orain diputazioak egitea», esan dio Lekerikabeaskoak Astuiri.

Gainera, batzarkide jeltzaleak zalantzan ipini du proiektu horiek bultzatzeko Bizkaiko lekurik egokiena ote den. «Seguruenik eskualderako bai, baina gu bizkaitarren ordezkariak gara hemen, eta Bizkai osoaren interesak hartu behar ditugu kontuan». EH Bilduko kideari kezkagarri egin zaizkio jeltzaleen argudioak. «Aitzakia» iruditu zaizkio, eta susmoa du diputazioaren helburu bakarra Otei saltzea dela. «Zain zaudete inbertitzaile pribatu bat noiz etorriko den baserri honetan ere arrain haztegi bat jartzeko», esan dio Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramaile Madariagak Lekerikabeaskoari.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA