Herrialdeko bertsolari gazteei ere plazak eskaintzeko asmotan, Denon plaza zirkuitua sortu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Hilaren 8an hasi eta urrian zehar, lehiarik gabeko zortzi saio izango dira. Gazteekin batera, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalistak ere arituko dira kantuan.Â
Saioak dinamikoak eta biziak izango dira, elkarteak azaldu duenez. Ohiko plazetako lanak egingo dituzte parte hartzaileek, baina baita haien adinari eta bertso mailari egokitutako bestelako ariketa eta jolasak ere. Saio bakoitzean bost bertsolarik kantatuko dute: 18 urtera arteko bik, 18 eta 25 urte arteko beste bik eta Bizkaiko txapelketako finalista batek.Â
Zirkuituak Bizkai osoa zeharkatu du. Publiko orokorrarentzako saioak izango dira, eta sarrera doakoa izango da saio denetan. Eguen arratsaldeetan egingo dituzte, aste bakoitzean bi. Salbuespena Dimako saioa izango da, barikuz egingo baitute.
'Denon plaza' zirkuitua
- URRIAK 8.
- Larrabetzu (19:30, Plazako aterpea). Emile Zabala, Peru Cristobal, Joseba Ortuzar, Izaro Bilbao eta Aitor Bizkarra.
- Markina-Xemein (19:00, Uhagon kultur gunea). Haizea Rotaetxe, Malen Ibarzabal, Ixone Asategi, Irune Basagoiti eta Xabat Galletebeitia.Â
- URRIAK 15.
- Portugalete (19:00, Merkatu zaharra). Aimar Marcos, Adur Lopez, Asier Alcedo, Maite Sarasola eta Aissa Intxausti.Â
- URRIAK 16.Â
- Dima (19:00, eskolako ganbara). Ekhi Zuluaga, Iradi Barrenetxea, Jon Abasolo, Enara Gallastegi eta Txaber Altube.
- URRIAK 22.
- Bermeo (19:00, Kabidxe). Eider Fernandez, Beñat Enbeita, Janire Arrizabalaga, Beñat Bilbao eta Onintza Enbeita.
- Algorta (19:00, Azebarri euskal kultur elkartea). Kirmen Jauregi, Haizea Merino, Araitz Katarain, Jone Diaz, June Uria eta Oihana Bartra.
- URRIAK 29.
- Bilbo (19:00, Mirigorri elkartea). Amaiur Betanzos, Helene Yerga, Maider Altuna, Haizea Telleria eta Aitor Etxebarriazarraga.
- Zornotza (19:00, Zelaieta zentroa). Naroa Iturriotz, Maddi Aurtenetxe, Bittor Altube, Kelmene Abaitua eta Gorka Pagonabarraga.
Zirkuitu honen bidez, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren oinarrian eragin gura du, gazteei trebatzeko aukera emanez eta, punta-puntako bertsolariekin arituta, motibazioa indartuz. Gainera, euskarazko kultur eskaintza handitzeko helburua ere badu. Oro har, saioek egitura jakin bat izango dute, baina saio bakoitzera ere egokitu beharko dute gai jartzaileek, eta tokian-tokian ariketa bereziak prestatu beharko dituzte.