Mila merkatari eta ostalari jubilatuko dira Bilbon datozen bost urteetan

Negozioaren lekukoa hartuko dieten ekintzaileak topatzen laguntzeko, lankidetza akordioa egin dute erakundeek, Bilboko Merkataritza Ganberak, patronalak eta merkataritza elkarteek.

Akordioa sinatu duten erakundeetako ordezkariak, gaur, Bilboko Zabalguneko eraikinean. BILBOKO UDALA
Akordioa sinatu duten erakundeetako ordezkariak, gaur, Bilboko Zabalguneko eraikinean. BILBOKO UDALA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko irailaren 22a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dira garai onak tokiko merkataritza txikiarentzat; izan ere, saltokien jabeek erretiroa hartzean, etxekoek ez dute erreleboa hartu gura izaten. Berbarako, Bilbon mila ugazaba jubilatuko dira datozen bost urteetan, eta negozio horiek itxiko dituzten arriskua dago. Hori gerta ez dadin, hainbat programa bultzatu dituzte erakundeek. «Batzuetan, arlo berean lanean ibiltzen gara denok, albokoa zertan dabilen ohartu gabe», aitortu du Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Merkataritza sailburuordeak. Horregatik, lankidetza akordio bat sinatu dute zazpi eragilek: udalak, diputazioak, Jaurlaritzak, Bilboko Merkataritza Ganberak, Cecobi patronalak eta Bizkaidendak eta Bilbo Dendak elkarteek.

Nork bere programari eutsiko dio, baina batera edo bestera laguntza eske doazenei gainontzeko eragileen laguntzen berri ere emango diete. Modu horretan, negozioz aldatu gura duen jabeak edo hutsetik hasi gura ez duen ekintzaileak bere beharrei hobeto egokitzen zaion laguntza aukeratu ahal izango du, eta erakundeek baliabideak modu eraginkorragoan kudeatu ahal izango dituzte, sailburuaren arabera.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Dema agentziako zuzendari Gloria Mugikak ohartarazi du negozioen transmisioa arazo sozioekonomikoa dela. «Zahartzearen ondorio da, baina ez hori bakarrik. Gero eta gehiago online kontsumitzeko ohitura dugu, batez ere pandemiaz geroztik. Lokalen alokairuak, energia eta hornidurak asko garestitu dira, eta, ondorioz, negozioen errentagarritasuna asko txikitu da. Horregatik, transmisioa oso gaitza bihurtu da, eta enpresak eta lanpostuak galtzen ari gara. Baina baita auzoen nortasuna, herritarren arteko harremanak eta orain arteko hiri eredua ere». Mugikaren ustez, modernizazio prozesuek ez dute zertan txarrak izan, baina batzuetan arriskuak dakartzate, eta arrisku horietatik babesten laguntzea da erakunde publikoen egitekoa.

Diputazioak Negozion programa du halako kasuetarako. Demako zuzendariak zehaztu du bestelako negozioak ere onartzen dituztela: tailer txikiak, fisioterapia lokalak eta halakoak aipatu ditu. Hala ere, gehien-gehienak merkataritza eta ostalaritza negozioak izaten dira. Dagoeneko 280 negoziotan transmisioa laguntzea lortu dute, eta gaur egun 217 kasu dituzte esku artean. Negozion.eus webgunean izan dezakete kasu horien berri interesa duten ekintzaileek.

Migratzaileak ekintzaile

Agintariek aitortu dutenez, beti ez da erraza negozio horien lema hartuko duten ekintzaileak topatzea. Kontxi Claver Bilboko Garapen Ekonomikorako zinegotziak kontatu duenez, gero eta gehiago etorkinak izaten dira, eta horregatik aparteko lana egiten hasi dira Bilbon dauden kontsulatuekin eta etorkinen elkarteekin. «Haientzat aukera ona da, ez dutelako hutsetik hasi behar negozioa muntatzen ezagutzen ez duten herri batean, kultura batean eta egitura administratibo batean», esan du Mugikak.

Bilboko Merkataritza Ganberaren azken datuen arabera, Bizkaiak tokiko merkataritza negozioen %25 galdu ditu 2014tik. Hala ere, salmentek %20 egin dute gora, eta gaur egun 7.523 milioi eurorenak dira. Bizkaidendak elkarteko presidente Jose Andres Cebrecosen esanetan, dendari txikien arazoa orduan eta larriagoa da Bilbotik zenbat eta gertuago egon: «Inguruko eskualdeetan, erosketa fisikoak herrian egiten dira gehiago, hiriburua urrunago geratzen zaielako. Baina, adibidez, Basaurin egoera negargarria da». Uste du erakunde publikoek gehiago lagundu beharko luketela negozioak errentagarriagoak izan daitezen eta errazagoa izan dadin negozioa beste norbaiten esku uztea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA