Pozik eta berehalakoan eman zuen baietza lehenik, baina gero heldu zen sustoa. Getxoko Udalekoek eta Euskara kultur elkartekoek Getxon (Bizkaia) kontzertu bat egiteko proposamena egin zioten lehenik Niko Etxart musikariari, eta hark baietz, noski, zalantza izpirik gabe gainera, eta kolpean. «Baina harrapatua izan naiz», gehitu du irribarrez. «Gero gehitu zuten kontzertu horrekin niri omenaldia egitearena, eta omenaldi hitzak hots arraroa du beti artista batendako, eta, gainera, 73 urteko artista batendako: badu hilkutxa usaina». Eta, halere, aurrera egitea erabaki, eta, azkenean, bi omenaldi kontzertu emango ditu. Azaroaren 21ean izango da lehena, Getxoko Muxikebarri aretoan, eta azaroaren 28an bigarrena, Donibane Lohizuneko Tanka aretoan (Lapurdi).
Uztailaren 27tik aurrera jarriko dituzte Getxoko emanaldiko sarrerak salgai, Getxo Kulturaren ohiko saltokietan.
«'Omenaldi' hitzak hots arraroa du beti artista batendako, eta, gainera, 73 urteko artista batendako: badu hilkutxa usaina»
NIKO ETXART Musikaria
Musikariak iragarri duenez, bere ibilbide osoko kantuak abestuko ditu saioan. Horregatik, rock eta blues doinuko bere kantutegi propioaz gainera —«obligatua naiz Eskual rock and roll ematera»—, ahots hutsez abestutako Zuberoako herri kantu zaharrak ere emango dituzte kontzertuan —«obligazioa dut Eperrak kantatzeko»—. Hapa-Hapa taldea izango du oholtzan ondoan, eta hainbat gonbidatu ere izango dira.
Robert Larrandaburuk eta Dominika Eiheraberrik lagunduko dute Etxart kantu tradizionalekin, esaterako, eta Anje Duhalde ere izango da oholtzan. Etxart: «Eperrak-en bere bertsioa emango du bakoitzak». Xabaltx kantaria eta Kristonak taldeko Pello Artabe abeslaria elkarrekin kantuan jartzeko asmoa ere badu musikariak, eta jadanik hasia da Anne Bidalun korrikalari eta abeslariarekin entseguak egiten ere. Xabi Leon teklatu jotzailea ere gonbidatu du, bai eta Huntza taldeko abeslari izandako Josune Arakistain Sune ere; azkenik, Irantzu Garamendi eta Ainhoa Aranburu musikariek osatzen dute zerrenda osoa.
Bost hamarkada baino gehiagoko ibilbidea egin du Etxartek euskal musikagintzan, 1974an Paris utzi eta Euskal Herrira itzultzea eta rocka euskaraz egitea erabaki zuenez geroztik, eta, bide horretan, Getxon bertan, lagun, kide zein eredu izan dituen hamaika sortzaile zein eragileren izenak izan ditu gogoan omenaldi kontzertuaren aurkezpenean. Algortan sortutako Benito del Valle militantea aipatu du, esaterako, bai eta Getxon sortutako Federiko Krutwig pentsalari eta idazlea ere. Oroitu duenez, Minxoriak taldearekin gaupasa bat eskaintzen izan zen lehenengoz Getxon, eta, gerora beste hainbatetan izan bada ere, Imanol Larzabal musikaria omentzeko antolatutako emanaldian izan zen bertan azkenekoz.
«Enetako, xedea izan da beti euskararen geografia guzian ibiltzea eta euskal kantua defendatzea; hori ez dut huts egin sekula, eta jarraiki dut horrela»
NIKO ETXART Musikaria
Omenaldiak gorabehera, gaur egun ere plazarik plaza dabilela nabarmendu du Etxartek. Egunotan, esaterako, Baionako festetan jotzekoa dela esan du. Azaldu duenez, gainera, taldearekin batera egiten ditu emanaldi guztiak azkenaldi luzean. Sasoi batean bakarkako saioak ere tartekatzen zituela esan du, baina, duela urte batzuk eroriko bat izan eta sorbaldan min hartu zuenetik, nahiago izaten du Hapa-Hapakoen babesean aritu. «Enetako, xedea izan da beti euskararen geografia guzian ibiltzea eta euskal kantua defendatzea gure herrialde historikoetan; hori ez dut huts egin sekula, eta jarraiki dut horrela».
Omenaldiaren aurkezpenean esan duenez, Getxon bertan ere horregatik izan da behin baino gehiagotan Ipar Euskal Herriko beste sortzaile batzuekin batera, eta, umorez, broma ere egin du horrekin. «Publiko fidela dut», hasi du azalpena, «nahiz eta, tira… zenbaitek ez dakiten Niko Etxart denetz edo Anje Duhalde; eta berdin gertatzen da aldrebes ere, Laurel eta Hardy bezala, edo Peio eta Pantxoa bezala».
Ezarritako muga
Getxoko Udalak duela 25 urte abiatu zuen Iparra galdu gabe izeneko kultur programa, eta haren parte izango da azaroko Etxarten omenaldia. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak sendotzea da proiektuaren helburua, eta, orain artean, hainbat kontzertu, bertso saio, antzezlan eta literatur ekitaldi antolatu dituzte horretarako, bi urtean behin. Mikel Mostajo Getxoko Udaleko Kultur zinegotziaren hitzetan, honako hau da proiektuaren azken helburua: «Zubiak eraikitzea, esperientziak partekatzea, eta ezarri dizkiguten mugak gaindituz gure kultura indartzea». Eta, hain zuzen ere, Getxoko Udalak Euskal Kultur Elkargoarekin elkarlanean antolatu ditu aurtengo kontzertuak.
EITB taldeak, bestetik, grabatu egingo du Etxarten Getxoko kontzertua. ETB1 kateko Oholtzan programan emango du gero, eta, ondoren, ETB On plataforman ere egongo da ikusgai.